Pragmatismoaren aurka, 'Anoeta efektua'

Realak mugikortasuna eta sakontasuna izan beharko ditu gaur Levanteren defentsako lan indartsua desegiteko

Donostia
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Irribarrea berreskuratu nahi du gaur berriz ere Realak Anoetan, Levanteren kontura. Eta, bide batez, Santiago Bernabeura joan aurretik, lasaitasunarekikoak egin nahi ditu. Huts egiteko tartea estutu egin zaie txuri-urdinei, beste behin, Getafetik bueltan. Donostiako taldea horrela dabil bigarren itzulia hasiz geroztik: irrist batean, zutik bestean. Etxezulo izatera ohitu da, Anoetan lau garaipen segidan eskuratuta. Kanpoan, aldiz, lau porrot jarraian. «Irabaztearen zama sentitu izan dugun bakoitzean, ederki erantzun dugu. Bolada onean gaude, eta bide horretatik gerturatuko gara garaipenera. Ezinbestekoa da», arrazoitu zuen atzo Philippe Montanierrek Zubietan. Jakin badakielako bestelako indar batekin erasotzen diotela Anoetan. Oldarkorrago.

Imanol Agirretxe golegilearen bolada gozoak zerikusi zuzena izan du horretan. Usurbildarrak hiru gol sartu ditu Anoetako azken bi partidetan, eta taldearen gezi muturra izango da gaur. Velak egingo ditu Griezmannenak ezkerretik, eta Xabi Prietok jarraituko du eskuin hegalean. Zelai erdian litekeena da Elustondok, Illarramendik eta Zurutuzak jokatzea, Mikel Aranbururen baimenarekin. Baloi irteera garbia, erabilera, kontrola eta lana ziurtatzen dute hiru horiek. Atzeko lerroan aldaketa bakarra aurreikusten da: Mikel Gonzalez, Demidoven ordez.

Sendotasuna, sormena eta errematea izango dira taldearen zutabeak, Montanierrek diseinatuta. Atzean kokatuta itxarongo dio Levantek Realari, txukun antolatuta, jokoan iniziatiba hartu gabe, indartsu defendatuz eta kontraerasora bizi-bizi aterata. Bitarteko horiekin lortu du Juan Ignacio Martinezek bere taldeak onena ematea, muga guztiak haustea. Hori bai, abiadurak, sakontasunak eta mugikortasunak min egiten die valentziarrei, eta hori baliatu beharko du Realak.

REALA-LEVANTE

Reala. Bravo; Estrada, Mikel, Iñigo Martinez, Cadamuro; Elustondo, Illarramendi, Zurutuza; Vela, Prieto eta Agirretxe.

Levante. Munua; Pedro Lopez, Ballesteros, Cabral, Del Horno; Farinos, Xavi Torres; Oscar Serrano, Barkero, El Zhar; eta Kone.

Epailea. Alvarez Izquierdo.

Lekua. Anoeta (32.000 ikusle).

Ordua. 20:00 (C+L2 / O.I.).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.