Miguel Flaño. Osasunako jokalaria

«Praktikoak izan beharko dugu, eta sendoak garela erakutsi»

Aitor Manterola Garate.
2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Makina bat derbi jokatutakoa da Miguel Flaño (Iruñea, 1984), horietako ia denak Lehen Mailan. Alaves ere izan zuen kontrario maila gorenean, baina gaur Bigarren Mailako derbia bizi beharko du. «Bereziak izaten dira; giroa ez da izaten besteetan bezalakoa», esan du.

Ez da giro bazterretan, eta kolokan egongo da gaurko derbia ere jokatu edo ez.

Gasteizen elur asko egin du, eta ez da erraza izango jokatzea. Baina ondo ari gara lanean, eta eragile guztiok ahal den guztia egingo dugu joka dadin.

Jokatuko ez balitz, bigarren partida jarraian izango litzateke zuentzat jokatu gabe. Gehiegi?

Gaur jokatzea komeni zaigu, bi asteburu jarraian geldi egotea ez litzatekeelako ona. Baina, ezin bada, bertan behera geratzea izango da normalena, zaleengatik eta jokalariengatik, minik ez hartzeko.

Entrenamenduak egiteko arazorik izan duzue?

Belar zelaiak erdi izoztuak daude, eta belar artifizialean aritu gara, kanpoaldean.

Mendizorrotza ez da onenean egongo, eta zuen jokatzeko erari kalte handia egingo lioke, ezta?

Tira, hasiera batean, bai. Ez gara oso trebeak joko fisikoa egiten, baina dagoenera moldatu beharko dugu, praktikoagoak izan, horrek erakusten baitu talde baten sendotasuna.

Alavesi berdin izango zaio zelaia ondo ez egotea?

Bi aldiz jokatu dugu denboraldi honetan, eta gustatu zait. Zer egin behar duen oso garbi dauka, eta ondo landutako taldea da. Partida zaila izango da; indartsuak dira. Beraien aurkako bi partida horietan erakutsi dugu min egin diezaiekegula, eta bolada onean gaude. Gero eta indartsuagoak gara. Asko sendotu gintuen jaitsierako lekuetan egoteak.

Orain da unea bi partida jarraian irabazi eta sailkapenean gora begira jartzeko?

Gauza bera pentsatzen dut. Hil hau eta hurrengoa oso garrantzitsuak izango dira, lekua hartzeko liga amaierako helburuak zehazteko. Orain irabazteak asko balio du. Une garrantzitsua da guretzat, ilusioa dugulako gora begira jartzeko.

Derbi asko jokatu dituzu. Zer dute berezi?

Partiden inguruan sortzen den giroa da berezia. Gero, partida bera beste futbol partida bat da, nahiz eta gaurko aurkari batzuen aurka arituak izan beheko mailetan eta. Zaleen aldetik ere bereziak dira, jende asko joaten delako ikustera. Derbiak irabazteak ere badu beste zerbait. Alavesen aurka Lehen Mailan jokatu nuen orain baino lehen, eta oso giro ona egoten zen zaleen artean.

Harrobiko gazteak ari dira jokatzen zuen alboan. Zu lehen taldera igo zineneko oroitzapenak ekarri dizkizu gogora?

Islatuta ikusten dut neure burua, eta ni bezala harrobikoak diren jokalari batentzat berezia da. Saiatzen naiz haiei laguntzen azkar egokitu daitezen, eta erakusten zenbat eskatzen duen profesionalen futbolak. Ea etorkizunean aukerak dituzten beste gazte batzuek ere.

Osasuna sustraietara itzuli da?

Bai, eta behar zuen, gainera. Ona da denok nahi duguna izatera itzultzea. Une txarretatik gauza onak atera behar izaten dira, eta hauxe atera dugu azken boladako egoera petraletik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.