Aitziber Juaristi 'Tzibi'. Athleticeko jokalaria

«Praktikotasuna falta izan zitzaigun; buruarekin ez, bihotzarekin jokatu genuen»

Azken jardunaldian ligako titulua galduta, kolpe latza hartu zuten herenegun Athleticeko jokalariek, baina Aitziber Juaristi 'Tzibi'-k jarri dio jada beste erronka bat taldeari: Kopan, finalean sartzea.

Athleticeko jokalariak, lur jota, herenegun; eskuinean ageri da Aitziber Juaristi, 8 zenbakiarekin. JON HERNAEZ / ARP.
unai zubeldia
2013ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Telefonoaren beste aldean, urratuta entzuten da Aitziber Juaristi Tzibi-ren ahotsa (Getxo, Bizkaia, 1976). «Gogorra izan da», dio etengabe. Baina burua altxatu, eta Kopan dauka jada burua. Hamabi denboraldiren esperientzia nabari zaio bizkaitarrari. Eskerrak eman dizkie zaleei, eta «Athletic sentimendua» goratu du, berriz.

Tentsio handiko egun gogorraren ondoren, zer moduz esnatu zarete?

Triste samar esnatu gara, esku-eskura geneukalako ligako titulua eta lapurtu izanaren sentsazioa daukagulako. Baina hotzean aztertu behar dira gauzak, eta azken partidako urduritasunak kalte egin zigula uste dut.

Hirugarren minuturako, aurretik zen Bartzelona, Melaniren golari esker. Akabo aste guztiko prestaketa lana.

Momentu hori izan zen gogorrena. Berdinketa lortu nahian, presaka aritu ginen hortik aurrera, eta fisikoki eta psikologikoki neke handia pilatu genuen. Zorionez, atsedenaldira iritsi baino lehen lortu genuen berdinketaren gola, eta ondo ekin genion bigarren zatiari. Baina ez genuen asmatu ate aurrean, eta haien golean zorte txar pixka bat izan genuen gero. Buruarekin baino gehiago, bihotzarekin jokatu genuen. Tamalez.

Eli Ibarrak 1-1ekoa lortu berritan, zer hitz egin zenuten aldagelan?

Beroketa lanak egiten aritu nintzen ni, eta ez dakit. Baina lasai jokatzeko eta geure jokoa egiteko eskatuko zuen entrenatzaileak. Praktikotasuna falta izan zitzaigun, ordea. Baloia gehiegi jokatzen hasi ginen, gola guk ez, haiek behar zutela ahaztuta.

Taldeko beteranoenek zer-nolako lana egin zenuten aste osoan?

Motibazio lanean aritu ginen gehienok, baina, batzuetan, ez da nahikoa izaten dena ondo prestatzea. Tentsio handia izan genuen partidan, gehiegizko gogoa ere bai, agian, eta ezinezkoa izan zen.

Azken jardunaldian liga galduta, aste honetan ere egin beharko duzue psikologo lan hori...

Bai... Baina beteranoek gauza batzuk ematen dituzte, eta gazteenek, beste batzuk. Lotura handia daukagu jokalari guztion artean; gazte horiek ilusio ikaragarria sorrarazten digute beteranoenei, eta denon artean lortu beharko dugu laino beltz hauek uxatzea.

Hamar partida ofizialetatik bost galdu egin dituzue San Mamesen. Lezaman jokatzea egokiagoa izango zen, agian, Bartzelona estutzeko?

Ez, ez. San Mamesen jokatzeko aukera eskainiz gero, inoiz ez nuke pentsatuko bi aldiz. Tentsioa sortzen duela San Mamesek? Bai. Baina zenbat eta jende gehiago egon begira, are eta hobeto. Katedrala botatzera doaz, gainera, eta, aukera hori emanda, ez dut uste inork ezezkoa emango zuenik. Tentsioa ez digu sortu San Mamesen jokatzeak, azken partidan liga jokoan edukitzeak baizik.

Liga amaituta, Kopa dator orain. Atletico Madril izango duzue aurkari, eta pentsatzekoa da amorru berezia izango duzuela aurrera egiteko.

Partida guztiak jarraian izaten dira Kopan, eta ona da hori. Pare bat egunean, buruari bueltaka ibiliko gara, baina Kopari begira jarri behar dugu jada. Haserreari etekina atera behar diogu, eta Kopako finalean egongo gara. Ziur. Kanporaketa gogorra daukagu Atletico Madrilen aurka, baina are gogorragoa izango da haientzat.

37 urte betetzera zoaz, eta hamabi denboraldi dira jada Athleticen lehen taldean. Indarrik badaukazu oraindik borrokan jarraitzeko?

Kopa besterik ez daukat orain buruan, eta denboraldi bukaeran hitz egingo dugu. Jarraitzeko gogo izugarria daukat nik, baina erabakia ez da nirea bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.