Ikusle moduan izan zuen lehen harremana futbolarekin Nahia Alonsok (Bilbo, 1997). Jokatzen hasi zen gero, entrenatzaile ere aritu zen, eta epailea da orain. Hortxe topatu du bere lekua, eta kirol ibilbide oparoa osatzen ari da. Berriki lortutako lorpenei erreparatu baino ez dago: besteak beste, emakumezkoen Lehen Mailako marrazain onenaren saria eman diote azken denboraldian, nazioarteko epaile izendatu dute 2026rako, eta gizonezkoen Espainiako Federazioko Lehen Mailan arbitratzera pasatu da, mailaz igota.
Azken denboraldia ez duzu berehalakoan ahaztuko. Zer moduz zaude?
Pozik. Niretzako ikaragarria da hainbat urtetan epaile lanetan ibili eta gero horrelako sari bat lortzea. Oso jende ona dut inguruan, lankideak ere oso onak dira.
Nazioarteko epaile izango zara 2026an. Zer esan nahi du zuretzako?
Hasteko, nire bizitza pertsonalean aldaketa bat egongo dela esan nahi du. Orain mundu osotik bidaiatzen hasi behar naiz, eta txapelketa oso garrantzitsuak arbitratzen. Motibatu ere egiten nau. Ikusiko dugu ea zelan doan dena. Barneratzen ari naiz oraindik.
Irudikatu duzu zeure burua halako partida batean?
Ez, momentuz ez. Nerabezaroko ametsa ere izan da, baina neure burua hor ikustea, hain ezagunak diren txapelketetan... oraindik ez dut irudikatu.
Helburutzat zenuen?
Bai, horretarako egiten dugu lan. Horretarako prestatzen gara, ikasten dugu eta entrenatzen dugu. Ez dugu imajinatzen horrelakorik hel daitekeenik, baina lanarekin eta esfortzuarekin gauzak lor daitezke, eta horren adibide da. Guztion helburua da ahalik goren heltzea.
Badago bereziki arbitratzea gustatuko litzaizukeen partida edo txapelketa bat?
Ez dut horretan pentsatu. Denak izan daitezke oso politak, baina goren-gorena Munduko Kopa batera joatea izango litzateke.
Beste sari bat ere eman dizute: emakumezkoen Lehen Mailako marrazain onenarena. Gustura zaude?
Bai. Batez ere nire taldekoei eskertu nahi diet. Hiru gara taldean, eta horrek esan nahi du gauzak ondo egin ditugula, eta taldean ondo funtzionatzen dugula. Ez da bakarrik nik egindako zerbait. Hori era bai, bada, baina taldeak egiten du nik aurrera egitea. Aurten sari hori lortzea denboraldiari ginga jartzea izan da.
Lorpen kolektibotzat ere baduzu?
Bai, niretzat hala izan da. Denboraldi osoa batera egiten dugu, eta nik ondo egin badut, hori ere bada taldean ondo funtzionatu dugulako.
«Dei egiten diet emakumeei epaile sartzeko, gure lekua ere badelako hau, eta disfrutatu dezakegulako»
2020-2021 denboraldian egin zenuen debuta Lehen Mailan. Ibilbideaz zer azpimarratuko zenuke?
Hasierak oso gogorrak izan ziren. Ez bakarrik 2020-2021 denboraldikoa, lehenagokoa ere bai: 2015ean edo 2016an hasi nintzen epaile, eta gogorra izan zen. Zelaietan bakarrik nengoen, adin txikikoa nintzen, entzun behar ditugunak entzuten... Ikasteko bide bat izan zen; gogortu egin nintzen. Eta, bestalde, ibilbidean egin ditudan lagunak nabarmenduko nituzke. Niretzako hori da garrantzitsuena. Ikusi dut ez gaudela bakarrik; epaileok bat eginda gaude, indartsu.
Irain asko entzun behar izan dituzu?
Bai, epaile guztiok jasotzen ditugu.
Eta emakume izateagatik are gehiago?
Bai, orain ja ez da hainbesterako, baina lehen oso gaitza zen futbol munduan emakumeak ikustea, eta irainak jasotzen genituen. Baina irainak epaile guztiontzako dira, eta emakumea zein gizona izan, oso gogorrak dira.
Emakumezkoen futbolak gora egin du azken urteetan, baina oraindik ez daude emakume epaile asko Euskal Herrian. Hala ere, bilakaera bat egon da?
Bai, izan da. Ni hasi nintzenean, esate baterako, dozena erdi bakarrik ginen emakumeak. Orain, geroz eta gehiago gara. Uste dut Bizkaian bagarela berrogei bat emakume. Ez dago gaizki, baina oraindik bidea dago egiteko. Dei egiten diet emakumeei epaile sartzeko, gure lekua ere badelako hau, eta disfrutatu dezakegulako.
Nolatan hasi zinen zu epaile?
Txikitan aitarekin partidak ikusten nituen. Gero, jokatzen hasi nintzen. Talde horretako entrenatzaile ere izan nintzen, eta zera esan nuen: «Epaile izatea bakarrik geratzen zait futbol mundu osoa ezagutzeko». Eta hasi nintzen. Hasieran, jokalari eta epaile aritzen nintzen, baina gero jokatzeari utzi nion. Ikusi nuen epaile izatea zela nire bidea.
Denboraldi honetan, aurrenekoz, VAR sistema erabiltzen ari zarete. Zer iritzi duzu? Lagungarria zaizu?
Bai, oso erreminta ona izan daiteke. Egia da hasten eta ikasten ari garela guztiok: epaileak, jokalariak, entrenatzaileak eta VAR teknikariak. Haiek ere berriak dira, eta haien maneiua ere ez da oso ona, gurea ere ez. Lantzen segituko behar dugu, eta, nire ustez, oso erreminta ona izango da. Horri esker, ez daramazu etxera zelaian egindako errorea. Asko laguntzen du, momentuan zuzendu ahal duzulako errorea, eta erabaki ona hartu.
«Hamar egun lehenago partidak lantzen hasten gara: nola jokatzen duten, nola ateratzen dituzten faltak, nolako jokalariak dituzten, gogorrak diren...»
Nola prestatzen dituzue partidak?
Talde guztiak ezagutzen ditugu, baina astero ikusten ditugu partidak, eta, batez ere, hurrengo astean arbitratzea tokatzen zaizkigunak. Hamar egun lehenago jakiten dugu, eta lantzen hasten gara: nola jokatzen duten, nola ateratzen dituzten faltak, motzean edo luze, nolako jokalariak dituzten, gogorrak diren, nola egiten dituzten sarrerak, protestak zelan kudeatu... Beraz, aurretiaz badakigu zer gerta litekeen partida horretan.
Hala ere, segundo gutxian hartu beharreko erabakiak izaten dira.
Milisegundo batean hartu beharreko erabakiak dira. Urteekin ikasten da lasaitasuna izaten. Badakizu momentu horretan erabaki bat hartu behar duzula, baina presaka aritzeagatik ez zara hobea izango, ez duzu erabaki hobea hartuko. Segundo bat hartzeak ez du ezer aldatzen, eta hobe da segundo bat itxaron eta erabakitzea. Hori urteekin ikasten da.
Zein da zure hurrengo helburua edo erronka?
Disfrutatzen jarraitzea, hori da hemendik aurrera nire erronka. Urteak pasatu ahala disfrutatzen jakitea. Eta gauzak ondo egiten segitzea. Disfrutatzen baduzu, ondo egiten jarraituko duzu, seguru.