Presioa alde guztietatik dator

Athleticek Bartzelonari eta haren inguru boteretsuari egin beharko dio aurre gaur Camp Noun, Espainiako Kopan aurrera egiteko. Jesus Gil Manzano epailearen lana zorrotz aztertua izango da

Presioa alde guztietatik dator.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Giro nahasia aurkituko du Athleticek gaur Camp Noun. Bartzelonak ez dauka inoren laguntza beharrik talde zuri-gorria mendean hartu eta Espainiako Kopako final-laurdenetan sartzeko. Lionel Messi dauka. Nahikoa da. Eta argentinarra agertzen ez bada, Neymar dago. Eta, bestela, Luis Suarez... Horrela, bostehun milioi euroko balioa duen taldea osatu arte. Baina ez dabil fin. Ez, behintzat, azken denboraldiotan bezain ondo. Hori gutxi ez, eta Real Madrilen arrakastak egonezina eragiten dio. Talde handiei euren porrotak adina min ematen die aurkari nagusiaren arrakastak. Bada, Zinedine Zidaneren Real Madril Txapeldunen Ligako txapelduna da. Horrez gain, Kluben arteko Munduko Kopa irabazi berri du. Eta ligan bost punturen abantaila du partida bat gutxiago jokatuta.

Horrek guztiak egonezina sortu du Bartzelonan. Ez daude ohituta. Eta urduritasunak sinesgaitzak diruditen pasarteak ekarri ditu. Ez baita ohikoa jokalari bat estadio bateko besaulkira begira jarri, eta Javier Tebas Espainiako Futbol Liga Profesionaleko presidenteari Real Madrilen alde egitea leporatzea. Tira, ez dago argi Tebasi edo Jordi Mestre Bartzelonako zuzendaritzako kideari zuzendutako kritika izan zen. Berdin dio. Bada, Gerard Piquek hori egin zuen Madrigalen. Aurrez, San Mamesen galantak esan zituen epaileen lanaren kontra. Bi partidetan, epaileen okerrak kataluniarren kalterako izan ziren. Egia da hori. Baina ba al du Bartzelonak epaileen kontra ezer esateko arrazoirik? Zenbat aldiz baliatu ditu epaileen hutsak emaitza onak eskuratzeko? Zerrenda luzea egin daiteke. Oso luzea.

Baina Piquek lortu du bere helburua. Ingurua baldintzatu dezakeen giroa sortu du. Nola zelairatuko da gaur Jesus Gil Manzano epailea? Lasai egongo ote da jakinda lupaz begiratuko diotela? Horrelako egoera batean noren alde egingo du epaileak hutsen bat eginez gero? Ez dauka lan makala. Jokalari ona baino gehiago dela erakutsi du Piquek. Zelaian maila emateaz gain, zorrotz aritu da taldearen bozeramaile gisa. Luis Enrique, ordea, koska bat beherago aritu da. «Okergabekoa izan da gure jarrera, isilik egotearena». Sinestezina.

Valverderen hitzetan, «muturreko zailtasuna» dauka gaurko partidak. «Camp Noun 90 minutuek 300en iraupena daukatela ematen du beti. Baina ez daukagu beldurrik». Entrenatzaileak jakinarazi zuen jokamoldea ez dutela aldatuko. «Hutsuneak hutsune, ez dauka zentzurik».

Iturraspe eta Raul Garcia gabe

Zuri-gorriek ohikoa baino giro beroagoa aurkituko dute gaur, baina ez dute amore emango. Sekula ez dute egiten. Gol baten aldea dute, 2-1 irabazi baitzuten San Mamesen, joanekoan. Beste behin ere aurrean presio egiten ahaleginduko da Athletic. Ez dauka beste aukerarik. Zuri-gorriek euren lana egoki eginez gero, izango dute Ter Stegen estu hartzeko aukeraren bat. Baina aurkariak pitzadura bat aurkituz gero, min handia egingo die. Horrelakorik gerta ez dadin, ezinbestekoa da adi-adi jokatzea eta maila ona ematea. Ildo horretan, Ernesto Valverdek futbolari asko gorde zituen ligako azken norgehiagokan. Hortaz, gehienak fresko egongo dira gaurko. Ander Iturraspe eta Raul Garcia ez dira ariko, txartel gorria ikusi baitzuten joanekoan. Euskarriaren lekua Beñat Etxebarriak beteko du, eta baliteke Javi Erasok ordezkatzea Raul Garcia. Gutxi ari da jokatzen, baina lana eskatzen zuten partidetan eman dio aukera Valverdek, gaurkoaren modukoetan. Williams zalantzan izango da azken unera arte, sukarra baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.