Presioa atzean eserita

Valentino Rossi munduko gidari onenetako bat bilakatu da, 24 urterekin

jon ordonez garmendia
2003ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Iheska inork ez luke harrapatuko Valentino Rossi. Atzean 50 polizia auto edukita ere, gidari italiarra ez litzateke inoiz mototik jaitsiko. Bi urte zituela hartu zuen moto txiki bat lehen aldiz, eta presiopean gidatzen ikasi du. Ikasle eta maisu. Herenegun bosgarren aldiz irabazi zuen munduko txapelketa, eta inoizko gidari onenetako bat da jada.

Presioa gustukoa du. Denboraldi honetan, Italiako Sari Nagusia irabazi ondoren, lau proba eman zituen garaipena lortu gabe, Katalunian, Holandan, Erresuma Batuan eta Alemanian. Makal zebilela zirudien. Sete Gibernauk bi garaipen, bigarren postu bat eta hirugarren postu bat lortu zituen eta gerturatu egin zitzaion. Tentsioa ere nabaritzen zitzaion Rossiri, eta erantzun txar bat baino gehiago eman zuen. Gehien behar zuenean, ordea, ez zuen hutsik egin. Txekiako Sari Nagusian irabazi egin zuen, eta harrezkeroztik beste lau sari nagusietan hiru garaipen eta bigarren postu bat lortu ditu.

Bere etsai nagusiak ere, Max Biaggik, ezin izan zuen urduri jarri. «Badakit munduko txapelketa nork irabaziko duen, baina ez dut esango», esan zuen Biaggik. Orain berak jakingo du asmatu duen edo ez.

Proba bezperan, parrandan

Larunbat gauean, munduko bosgarren proba irabazteko aukera izatea ez zen zama. Zale batzuekin afaltzera joan zen Rossi, ordu txikiak arte. Gaueko giroa atsegin du. Baina bere garaipenek ez dizkiote aldatu lagunak, eta betiko lagunez inguratzen da. Herenegungoa munduko txapelketetan irabazi duen 57. proba izan zen. Datorren urtean norekin ariko den baieztatzea falta du orain.

Bestalde, Dani Pedrosak bere lehen munduko txapelketa irabazi du, 125 cc.etan. Australiako eta Valentziako Sari Nagusiak geratzen dira jokatzeko, eta 250 cc.etako txapelduna nor izango den jakitea besterik ez da falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.