Gola: 1-0: Adurizek (4. min.); 2-0: Adurizek (46. min.); 3-0: Herrerak (62. min).Epailea: Gonzalez Gonzalez. Txartel horia Athleticeko eta Malagako Juanmi, Iakovenko Welingtoni. Bestelakoak: Sarrera oso ona San Mamesen: 30.000 ikusletik gora. Athelticeko jokalariek xingola beltzekin zelairatu ziren Andoni Aldonza 1940ko hamarkadako jokalari ohiaren omenez.
Astelehenetan jokatzen badaki Athleticek. Vila-realen erakutsi zuen, iragan astean Levanteren zelaian, atzo... Jokatzen azkena izateak zama psikologikoa du, aurkariek zer egiten badakizulako. Egoerak horrek presioa sortzen duela aipatzen da ia astero Lezaman, eta Athelticek presio hori bideratzen asmatu du. Zamaren adinakoa da, baina, aurkariengan sortzen duen atsekabea, ez huts egiten duen taldearen itxura ematea. Eta hori etsigarria da Sevillarentzat, asteak joan eta astean etorri Athletic sei puntura ikusten baitu, Txapeldunen Ligako postuetan sendo.
Athleticek dena kontrolpean izan zuen atzo. Hein handi batean Malagak ere ez zuelako beste munduko ezer egin, eta ezta grina berezirik erakutsi. Etxekoak gehiago izan ziren, baloiarekin eta baloi gabe. Nabarmentzekoa Erik Moranen jarduna Mikel Ricoren ordez. Iragan astean sorturiko zalantza guztiak estali zituen, eta inork ez zuen faltan bota Arrigorriagakoaren lan serioa.Partidako beste protagonista Aritz Aduriz izan zen, gol bana sartu baitzuen zati bakoitzaren hasieran. Honezkero hamabost gol sartu ditu ligan, bere markarik onena, eta garrantzitsuagoa dena, taldeak gehien behar zuenean lortu du sasoi puntu hori.
Lehen zatian jaun eta jabe izan zen Athletic, baina ez zuen bere nagusitasuna merezi adina ustiatu. Baloiaren jabe bakarra izan zen eta Malaga ia ez zen Iraizozen area ertzera gerturatu. Athletic, ordea, bai, Caballerorenera: berrogeita bost minututan hogeita hamar erdiraketatik gora egin zituen. Eta aurrenekoak iritsi zen gola, Susaetak itxi-itxi ateratako korner batean (4. min.). Adurizek aurrera hartu zien Malagako bi erdiko atzelariei, bigun eta inozo biak, eta buruz errematatu zuen lehen zutoinean.
Golak mesede handia egin zion Athletici. Zuri-gorriek ondo mugitu zuten baloia, zentzuz, baina txalogarriena defentsa lana izan zen, baloia berreskuratzeko grina. Malaga, bitartean, desagertuta zegoen, erdiko lerrorik ez balu bezala. Athleticek hiru aukera on izan zituen atsedenaldiaren aurretik; onena, Adurizek (24. min). Moranek area ertzean buruz jo eta aurrelariak ate aurrean bularrez kontrolatu eta kanpora jaurti zuen. Aurrerago San Jose, buruz, eta Aduriz izan ziren bigarrena sartzeko aukera izan zutenak. Baina ez, zuri-gorriak gehiago merezi izanaren sentsazioarekin sartu ziren aldagelan.
Hasi eta berehala, bigarrena
Bigarren zatia bikain hasi zen. Malagak erditik atera; Moranek baloia lapurtu; Herrerak kontraerasoa gidatu; Susaetari eman, eta hark erdiratu; eta Adurizek, bigarren zutoinean, gol. 46 segundo eta 2-0. Dena paregabe eta harmailak lasai. Ia erabat, hortik gutxira iritsi baitzen Malagak partida osoan izan zuen gol aukera garbi bakarra, baina Darderren burukada oso gutxigatik joan zen kanpora (55. min.).
Iragan astean Athletic ez zen hirugarrena sartzekogai izan, eta sufritu egin zuen azken txanpan. Atzo ordea, bai, korner batean (62. min). Herrerak baloia area ertzean kontrolatu eta jaurtiketa zelebrea egin zuen atera. Gelditzeko modukoa zen, baina Caballerori oinazpitik egin zion ihes. Atezaina izaten ari zen Malagako onena, eta hark era kale egin zuenean bukatu zen partida.
ATHLETIC 3. MALAGA 0
Presioa? Ze presio?
Athleticek kontrolpean izan du partida eta nagusitasun handiz irabazi du Adurizek zati bakoitzaren hasieran sarturiko golei eskerEtxean geldizten zaizkion hiru partidak irabazita, Txapeldunen Liga jokatuko du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu