Ion Izagirre. Bahrain-Merida taldeko txirrindularia

«Prest nago taldeburu izateko; ez dit beldurrik ematen»

Talde eta estatus berria estreinatu ditu 2017an. Badaki ardura handiagoa izango duela, baina ilusioz onartu du erronka. Euskal Herriko Itzuliko «arantza» sartua du, eta gero Tourrera joango da, taldeburu.

Imanol Magro Eizmendi.
Olatzagutia
2017ko otsailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fresko egiten du Olatzagutian (Nafarroa), eta lainoak Urbasa estali du. Bertan bukatu du goizeko entrenamendua Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Kafesnearekin berotu ditu barrenak, eta kazetariak emaniko esku pilotako pilotarekin jolasean dihardu. «Pilota asko gustatzen zait; umetan asko jokaturikoa naiz». Bahrain-Meridaren arropa darama soinean, iragan asteburu honetan estreinatu duen azal berria.

Urtero, dena berriz hasten da, baina aurten ezberdina da.

Bai, lasterketak berdintsuak dira, baina aldaketa handi bat egon da. Talde ezberdin batera joan naiz, talde berri bat, baina helburuak berberak dira. Ikusiko dugu zer moduz moldatzen garen. Denbora pasatu ahala, elkar ezagutuz joango gara; ea lasterketa hauek horretarako balio duten.

Zer aurkitu duzu Bahrain-Meridan?

Jende langilea, profesionala, herrialde askotakoa: italiar asko daude, esloveniarrak, eritrear bat, australiarra, txinatarra, taiwandarra, japoniarra... bazter guztietakoak. Altsasuko masajista bat ere bai. Txirrindulariak mimosoak gara, eta gustatzen zaigu mima gaitzaten.

Taldeko Whatsapp multzoa ikustekoa izango da.

Bi dauzkagu, bat taldekoa eta bestea txirrindulariena bakarrik. Italieraz asko, edo, bestela, ingelesez. Nik askotan ez dut ulertzen. Italierarako itzultzailea behar dut. Baina mentalitatea irekitzeko ere ona da, globalki pentsatzeko. Ni beti hemen ibili izan naiz: Orbea, Euskaltel, Movistar... Atzerriko talde batean hainbat gauza ezberdinak dira.

Movistarrekin aldea dago?

Antolakuntza aldetik, agian, orain antolatuago dago: bakoitzaren betebeharrak, ordutegiak eta abar pixka bat zehaztuago. Movistarren denak ginen etxekoagoak. Hemen, berriz, planifikazioak bidaltzen dizkigute: masajista orduak, mekanikoen betebeharrak...

Eta arlo pertsonalean? Movistarren zortzi-hamar elkartzea beti errazagoa izango zen.

Begira, ba, arlo horretan, errazagoa izango zen zerbait ez genuen egiten: elkarrekin sekula ez genuen kontzentraziorik egiten. Movistarren filosofia gehiago da zeure kasa. Etxean nahi bazara entrenatu, joan zaitez; Mallorcan, Tenerifen, Teiden, Sierra Nevadan entrenatu nahi bazara... zeure kasa joan. Bahrainen, berriz, kontzentrazioak antolatu dituzte Kroazian eta Benidormen, eta onak dira elkar ezagutzeko.

Jon Ander Insausti lehengusua taldean duzu. Orain zu zara anaia nagusia.

Bai, gazteagoa da. Bidelaguna. Kostatzen ari zaio, nik uste baino gehiago. Motor handikoa da, baina ikusten da mundu honetan oso konstantea izan behar duzula; oso profesionala, eta sakrifizio asko egin behar dira. Eta garai batzuk iristen dira zailak direnak, gauzak ez doazela hain ondo, eta, psikologikoki, ez da ni edo nire anaia bezain indartsua, laguntza gehiago behar du.

Gaia badu?

Bai! Motorra badu, baina lan asko dago atzean: entrenamenduak egunero, elikadura zaindu, Gabonak joan dira, etxean, Benidormen, etxean, Kroazian, aurkezpena Bahrainen, etxean... Errutinari jarraitzea ez da erraza. Bere esku dago maila baduela erakustea.

Lehengusua zure apustu pertsonala izan da?

Bai. Taldeari esan nion konfiantzazko jendea nahi nuela, eta ez da gauza bera esloveniar gazte bat eramatea, nahiz eta langilea izan, edo nire lehengusua eramatea. Nire lehengusua, maila ematen badu, badakit lan egiteko garaian nire alboan egongo dela, eta %110a ematen. Tropelean aurrera joateko esaten badiot, errepide txarra datorrelako, edo erorikoak saihesteko, hara joango da; edo bidoia pasatu, arropa eraman, han egongo da. Bere onena emango du. Agian, beste batek indarrak gorde ditzake, baina berak ez.

Zeinekin izan duzu harreman estuena taldean?

Gasparotto italiarra, Amstel Gold Race irabazitakoa, saltseroa da, mutil ona eta oso profesionala. Esloveniarrak ere hiztunak dira, gazteak... Colbrelli esprinterra ere mutil ona da, izaera gogorrekoa.

Zer moduz hizkuntzekin?

Ingelesarekin erosoago nabil; italierarekin, okerrago. Lauzpabost italieraz hasten direnean, hitz solteren bat harrapatzen dut, baina osoki... Beharra da hizkuntzak ikasteko akuilurik onena.

Integrazioari zenion beldurra konpondu al duzu?

Bai, uste dut baietz. Etxeko taldeetan zabiltzanean, dena erosoagoa da, eta aldaketek beti sortzen dute beldurra. «Zertarako aldatu?», pentsatzen duzu. Baina aurten pentsatu dut: «Aurrera egin behar dut», eta saiatu egin naiz

Beste aldaketa bat izan duzu: aita izan zara. Aitatasunak aldatu al dizu entrenamendua?

Ez, kirolean ez. Txirrindulari moduan ez. Pertsona moduan bai, noski, asko. Beste pertsona bat dugu bikotean zaintzeko. Eguneroko bizitza aldatzen dizu. Lehen, bikote gauzak egiten genituen; orain, dena umearentzat da.

Bahrain non dagoen ikasi duzu, baina zer moduz xekearekin?

Badakit non dagoen, eta ondo ahoskatzen. Ez da xekea, printzea baizik: Nasser. Tourrean irabazitako etapagatik ezagutzen ninduen. Oso sinesgarri entzun nuen aurkezpenean. Gustatzen zaio kirola, ironmanak egiten ditu. Badaki zenbat kostatzen den entrenatzea, zaintzea, zein lan dagoen atzetik... Hark kirol kultura zabaldu nahi du Bahrainen: bizitza osasuntsua... eta Bahrain ezagutarazi.

Eskurik sartuko al du?

Ez. Kirol esparruan ez.

Anaiaren hutsunea nabaritzen al duzu?

Bai, erreferentzia bat izan da betidanik. Hainbeste urte elkarrekin... Alboan dudanean lasaiago nago: nire laguntzailea da, baita psikologikoki ere. Erabakiak hartzeko garaian, lasterketa barruan, hark duen determinazioa ez dut nik, eta hark ez du nire lasaitasuna. Haren nerbio eta grina hori, izaera... Niri falta zait. Baina, tira, ez da urrun ibiliko, egutegia ere antzekoa dugu.

Arraroa egingo zaizu?

Lasterketan batez ere. Orain, ni hemendik eta zu hortik.

Ibai Jimenez ere zurekin doa?

Bai, Altsasukoa da, konfiantzazko masajista; Euskaltel-Euskadin ibili zen, eta nire egutegia egingo du. Ni Teidera edo Benidormera baldin banoa, nirekin dator. Gero, hamar egun bakarrik egon nintzen, eta hura nirekin gelditu zen.

Diruak ez du zorionik ematen...

Ez, baina laguntzen du.

Zerbaitek harritu al zaitu?

Erraztasun guztiak eman dizkidatela. Dena. Prestatzeko garaian, «Teidera joan nahi baduzu, joan: dena ordainduko dizugu»; nonbaitera joan nahi baduzu, taldeak ordaintzen du; masajista beti alboan... Masajea hartzeko makina bat dago, Indiba deitzen dena; lehen Movistarren bat edo bi zeuden guztientzat, hemen nirea dut... Erraztasun guztiak ditut.

Handien pare.

Nibali dago taldeburu, eta ikusten da haren atzetik ni noala. Taldeak hala ikusten du, eta mimatu egiten naute.

Taldeak garbi ikusten du zu zarela bigarrena hierarkian?

Bai, ardura handia da. Gero niri eskatuko dizkidate kontuak eta emaitzak. Gauzak ateratzen ez badira, niri esango didate: «Zuk kargua duzu, eta ez zara ari erakusten». Aukera hori badago, baina ni ez naiz ari neure buruari presio hori sartzen. Nik, iaz, maila ona eman nuen, erregularra izan nintzen, eta badakit maila hori berreskura dezakedala. Baita hobetu ere, gauzak ondo baldin badoaz eta lanean segitzen badut.

Orain zuk eramango duzu 1 zenbakian bukatzen den dortsala.

Eta taldea niri begira egongo da, nire zain, «zer egingo dugu?». Eta erabakiak hartzeko garaian, lasterketan ardura hori nik izango dut: tiratu edo ez, nork tiratu... Edo zuzendariarekin gehiago hitz egin, eta tartean sartu estrategia zehazteko, edo ardura hartzeko.

Prest al zaude horretarako?

Bai. Ez dit beldurrik ematen. Horrek kikiltzen banau, gaizki gabiltza. Gero balioko dudan edo ez, ikusi egin beharko da. Ez dut baztertzen ardura, «ez naiz liderra» eta halakoak ez ditut esango.

Zer moduz Nibalirekin?

Egonaldietan gutxi egon gara batera. Haren palmaresa eta ibilbidea ikusita, hura da liderra. Borrokalaria da, ikuskizuna egiten du, ez da ezkutatzen.

Egutegia zehaztean autonomia handia izan al duzu?

Ez didate ezer inposatu. Iazko berdina nahi nuen. Otsailean hasi, Espainia aldean. Argi esan nien: «Astebeteko itzuliak nahi ditut, eta lehiatu». Paris-Niza, Tirreno, Euskal Herriko Itzuliko arantza atera [iaz ez zuen parte hartu. Gastroenteritisak jota, hasi bezperan egin zion uko itzuliari], klasikoak, eta, gero, Erromandia.

Arantza? Hainbesterako bai?

Bai, iaz dena ondo aztertua genuen anaiak eta biok. Eibarko igoerara ere joan ginen... Lizarran irabazi, eta ondo nengoen. Eta, azkenean, kaka zaharra. Inpotentzia. Kaka zaharra goitik behera.

Zu al zoaz taldeburu Tourrera?

Nibalik Giroa egingo du; beraz, bai. Taldeak nagusi bat nahi du, eta, Nibali ez badago, hurrena ni naiz. Hori ulertzen dut. Sailkapen nagusia ere nahi dute, presiorik gabe diote: «Presiorik gabe, egunen batean galtzen baduzu, lehertzen bazara, lasai...». Nik ulertzen dut lider bat nahi dutela, kanpora begira ere bai. Lehiatzera zatozte, zeinekin? Nik esan nien: nahiago dut etapa ehiztaria izan, etaparen bat irabazten saiatu. Garrantzitsuagoa iruditzen zaidala etapa bat irabaztea, Tourrean 12. izatea baino. Baina potentziala ikusten didate, gaztea naiz... Baina niretzat lehen handia izango da, eta Tourra da! Errespetu osoz, ez da gauza bera. Egunero hor, lehen asteko tentsioa... Asko hipotekatzen dira beste helburu batzuk.

Handi bakarra egingo duzu?

Printzipioz, Tourrera arte planeatu dugu dena.

Otsaila gogorra izaten da txirrindulari askorentzat, taldea aurkitzeko garaia bukatzen baita. Horrek bertigorik ematen al dizu?

Ez, baina izen batzuekin oroitzen naiz orain. Langabezian gelditzen den langile bat gehiago da. Asko egon dira Euskaltelen gaiaren ostean. Baten batek utzi egin behar izan duela jakin, eta pena hartzen duzu. Askok baloratu beharko lukete egun dutena.

Tropel barrutik zer diozue Kontinental Profesional mailako euskal taldearen inguruan?

Euskal zaleak behar du maila altuagoko talde bat. Gaur egungo egutegia ikusita, Muriasek ez du aukera handirik. Tropelean ez da ezer komentatzen. Oro har hitz egiten da, eta ez euskal txirrindulariek bakarrik. Atzerritarrek esaten dute: «Ze pena Euskaltel ez egotea, horrelako txirrindulari, historia, afizio eta lasterketekin erreferenterik ez egotea». Agian, gehiago baloratzen dute kanpoan hemen baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.