Berez, Saunier Duvaleko mekanikaria da Roberto San Emeterio (Noja, Espainia, 1982). Zer den galdetuz gero, mekanikaria dela erantzuten du. Baina beste hamaika gauza egiten ditu, halaber, San Emeteriok. «Horretarako nago, egia esan», dio. Taldearen autobusa prestatzen eta garbitzen du, bizikletak txirrindulariek esan bezala prestatzen ditu, txirrindulariekin garaipenez hitz egiten du, «gauza guztiei buruz» eurekin eztabaidatzen du... Beraz, bai, mekanikaria da, baina beste hainbat gauza egiten ditu San Emeteriok lasterketa egunetan.
Berari ere txirrindularia izatea gustatuko litzaioke, baina afizionatua zenean konturatu zen ezetz, ezingo zuela profesionala izan. «Ez nintzen, ez, profesionala izatera heldu. Nire ametsetako bat zen, baina gairik ez nuela konturatu nintzen». Hortaz, mekanikaria. «Auzoko taldean hasi nintzen aurrena, Kantabriako selekzioarekin ibili nintzen gero, eta Saunier Duval taldeko afizionatuetan hiru urte egin eta gero, nagusiekin nago. Bigarren denboraldia dut talde profesionalarekin».
Txirrindulari profesionala izan ez arren, eurek baino denbora gehiago igarotzen du etxetik kanpo. «200 bat egun egiten ditut etxetik urrun. Asko dira. Egin kontu, lasterketa hasi baino egun bat lehenago joaten gara, eta itzuli handietan, berriz, lau bat egun lehenago».
Hartara, lehenago joanda eta «besteak baino dezente lehenago jaikita», txirrindulariek den-dena eskura izateaz arduratzen da. «Beno, aurrena autobusa prestatzen dut. Gero, bizikletak atontzen ditut eta, behin lasterketa aterata, hotelera joaten naiz». Lasterketa bukatuta, afaltzeko ordua heldu bitartean, antzerakoa da prozesua. Hiru mekanikari ibiltzen dira taldean, baina itzuli handietan, berriz, «lau ere ibiltzen gara». Harreman ona dute euren artean, eta San Emeterioren esanetan «behar-beharrezkoa bezain osasuntsua da mekanikarien artean harrmena ona izatea», egun mordoa egiten dituztelako elkarrekin.
Txirridulariekin ere harreman ona du. «Beharbada, eguneko momenturik onena da eurekin gaudenean. Lana da, bai, baina beraiekin hitz egitea, eztabaidatzea, beste gauza bat da; eramangarriagoa egiten da, egia esan». San Emeteriok ondotxo daki «enpresa» batean lan egiten duela, baina haren inguruan sortutako harremanek «garrantzi handia» dute berarentzat. «Leonardo Piepolirekin, esaterako, oso gustura egoten naiz. Plazera da harekin hitz egitea». Bere idoloetako bat zen txirrindulari italiarra, gainera. «Sekulakoa da. Telebistan ikusten duzu, gogoko duzu, eta gero eguneroko tratua duzu berarekin. Handia da hori».
ESKAERA GUZTIEI ERANTZUN EZINIK. Dena den, «ezinezkoa» da denekin «gertuko harremana» izatea. «26-28 txirrindulari dira taldean. Beraz, oso zaila da». Zaila, halaber, txirrindulariek eskatzen dutena. «Bizikleta puntu-puntuan eduki nahi dute, eta ez da erraza izaten. Eserlekua dela, heldulekua, balaztaren heldulekuak, modu bateko edo besteko gurpilak... Hamaika gauza». Txirrindularietako asko, gainera, zorrotz samarrak dira. «Halere, hori ona dela uste dut. Izan ere, hala asko ikasten da». Dena den, batzuek izorratzeko egiten dute. «Badira honekin edo bestearekin kexatzen direnak, baina bizikleta ondo prestatzeko baino gehiago mekanikaria izorratzeko egiten dute. Horiek zeintzuk diren lehen begi kolpean konturatzen zara».
Gurpilak puzterakoan, baina, txirrindulariak ez dituzte ondoan edukitzen. «Esker txarreko lana da hori. Egunero-egunero gurpilak puzten ditugu, eta, egin kontu, bizikleta bakoitzak bi gurpil baditu... gehi autoan eramaten direnak... asko dira!», kontatu du barrez. Barrez, erantzun du, era berean, lasterketa kutunenari buruz galdetuta. «Beno, arraroa izan daiteke, baina Chiuauako Itzulia gogoko dut, Mexikon; batik bat, denboraldiko azkena izaten delako». Eta txirrindularitzari buruz hitz eginda, ezin Frantziako Tourra alboratu. «Mekanikari gisa ere, lasterketa handiena da, garrantzitsuena, erakargarriena. Hori, bai, etxetik kanpo hainbeste egun jarraian egin eta gero, oso nekagarria ere bada». Nekatu bai, baina aspertzeko denborarik, behintzat, ez du. «Ez, ez, beti dut zereginen bat». Prestatu, garbitu, eztabaidatu...
«Eguneko unerik onena txirrindulariekin gaudenean da. Lana da, bai, baina eramangarriagoa egiten da»
«Mekanikari gisa ere, lasterketa handiena garrantzitsuena, erakargarriena da Tourra»
Roberto San Emeterio
Saunier Duvaleko mekanikaria
TXIRRINDULARITZA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA
Prestatu, garbitu, eztabaidatu...
Saunier Duvaleko mekanikariek, eta beste taldeetakoek ere, hamaika gauza egiten dituzte, bizikletak atontzeaz gain. Euren lana zein den kontatu dio BERRIAri horietako batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu