Urte erdi geratzen da oraindik Portugalen Europako txapelketa jokatzen hasteko, baina aurreneko urratsa egina du Eurokopak. Igandeko zozketaren inguruko gogoeta garaia da. Aurretik oraindik sei hilabete izan arren, bada pronostikoak egiten ausartzen denik ere, baina horiek, normalean, ez dute funts handirik izaten, horrelako lehiaketa batean hamaika ñabardura baitaude, eta, gainera, txikienak gertatzen dira erabakigarrienak. Faborito hitza alde batera utzi eta argudioez hitz egingo dugu: selekzio bakoitzaren bertuteez eta gabeziez. Izan ere, nork pentsa zezakeen Frantzia bigarren fasera sailkatuko ez zenik iragan Munduko Kopan? Edota Alemania finalera iritsiko zela? Zenbatek egin zuten Brasilen alde?
Hilabeteko txapelketa horretan aurretik egindakoa estatistika hutsean geratu ei da. Hilabete horretara fisikoki eta mentalki nola iristen den da garrantzitsuena. Badaude loreak bezalakoak direnak: bat-batean agertu, eta berebiziko ekaina izaten duten jokalari eta taldeak: 1992ko Danimarka, kasu. Badira sailkatze fase bikaina egin eta gero txapelketan ito egiten direnak: 1992ko Frantzia, esaterako. Ustekabean jaio eta ibilbide oparoaren hasiera dutenak ere bai: 1996ko Txekia. Kontrakoa ere gertatzen da, denen ahotan ibili eta kale egiten dutenak: 1996ko Italia, 2000ko Alemania...
Txapelketan ondo sartzea da lehen betebeharra. Estreinako urduritasuna kontrolatu, jokoaren ekimena izan, eta irabazi. Hori da lehiaketan hazten joateko modurik egokiena. Baina beti daude ezusteak; gero, bigarren partida hil edo bizikoa bilakatzen da, eta azkenean, konturatu orduko, etxean. Edonori gerta dakioke. Zozketatik atera beharreko lehen ondorioa: selekzio apal baten poza. Letoniari berdin zion noren kontra jokatu, eta aldez aurretik D multzoan jokatzea egokituko zitzaiola esan izan baliote, gustura hartuko zukeen. Baita hartu ere! Sari galanta jaso dute Baltikokoek: Txekiaren, Holandaren eta Alemaniaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Letoniaren poza beste hiruren zuhurtziarekin eta baten baten kezkarekin nahasi da. Zozketatik iritzi ezkorrarekin irtetea ez da seinale ona. Txekiak talde bikaina duela erakutsi du sailkatze fasean, baina orain jokalariak beldur dira. Zergatik? Holanda azpiratu zuten bidean, eta azken fasean berriro ere ikusiko dute elkar. Orange-ak ez zituzten inondik inora ikusi nahi. Eta Alemania? Gaur egun Txekiak baino baliabide eskasagoak ditu, beharbada, baina txekiarrek azaldu duten kezkatik oso urrun daude, eta horregatik dira arriskutsuak germaniarrak. Mentalki gogorrak eta erronkazaleak dira. Txekiak konfiantza gehiago beharko luke bere buruarengan: sinesmena, fedea.
Frantziaren beldur
Itzuli da oilar kantaria. Mundialeko porrota ondo gainditu dute, begiak zabaldu, eta akatsak konpondu. Jacques Santini hautatzaile berriaren kezka taldearen Zidanerekikomenpekotasuna apurtzea zen, eta horretarako neurriak hartu ditu. Gidaria ez dagoenean irtenbideak bilatu dituzte frantziarrek, beste era bateko jokalariekin. Frantziako harrobia emankorra da, eta egungo txapelduna azterketa gogorra gainditzeko moduan dugu. Oreka, indar fisiko itzela, talentua eta bolbora dira Frantziaren argudio nagusiak: Zidanek, Henryk eta Trezeguetek erraz egiten dute aldea. Ingalaterrarekin derbi baten antzekoa jokatuko dute, Frantziako selekzioaren erdia Premier League-n zaildutakoa baita.
Kroazia eraldatuta aurkeztuko da, garaipen gosez dabiltzan gazteekin. Suitzak talentu gutxiago du, baina egitasmo zehatza eta talde sendoagoa. Yakin anaiek gidatzen dute. Haiek gainditzea ez da samurra izango.Portugal antolatzailearentzat iritsi da benetako ordua. Aspaldiko belaunaldi bikaina bide bazterrean geratzen joan da, eta, agian, berandu samar datorkie lehia. Oso erronka gogorra dute: zaleek asko espero dute, baina o jogo bonito delakoa erakustea ez da nahikoa. Ekarpen interesgarriak egin ditu Scolari munduko txapeldunak Portugalekin: Deco (Brasilen jaiotako portugaldarra), Maniche, Hugo Viana, eta abar. Hasteko, txapelketako estreinakoan, aurkari gaiztoa izango dute: Grezia. Partida gogorra, galtzeko asko izango dute antolatzaileek lehia horretan. Tsartas-ek, Giannakopoulos-ek, Zikos-ek, Charisteas-ek eta enparauek zaila dute aurrera egitea, baina baten bat bide ertzean uzteko gauza dira. Portugali buruz esandakoak Espainiarentzat ere balio du. Saezen mutilek hasiera engainagarria dute: Errusiaren kontra. Gorabeheratsuak dira errusiarrak, onerako eta txarrerako. Ondo hastea da gakoa, eta neurketa bakarrean hamaika faktore hartu behar dira kontuan. Errusiak jokalari onak ditu, banan- banan hartuta, baina hainbatetan jarrera eskasa azaltzen dute. Horretan dago arriskua.
Italiako hautatzaile Giovanni Trapattoni pozik azaldu da zozketarekin. Zer dela eta? Suedia, Danimarka eta Bulgaria izango ditu aurrez aurre. Agian, Bulgaria bazterrean utz daiteke, baina eskandinaviarrak? Kontuz gero haiekin. Italiaren abantaila ofizioan eta eskarmentuan datza. Baina galde diezaietela Argentinari edo Frantziari nola jokatzen duten Europako iparraldekoek.
Eurokopa hasi aurreko gogoetak dira horiek; eta balizko ekarpen berriak: Verpakovskis (Letonia); Giuly (Frantzia); Rooney (Ingalaterra); Deco (Portugal); Izmailov (Errusia); Kalstrom eta Isaksson (Suedia); Lovenkrands (Danimarka); Srena (Kroazia); Rosicky, Baros eta Cech (Txekia); Stilian Petrov (Bulgaria); Sneijder eta Van der Vaart (Holanda); Kuranyi (Alemania)... Hemendik aurrerakoak txapelketak erakutsiko digu.
FUTBOLA
Pronostikoen garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu