Pablo Berasaluze. Asegarceko pilotaria

«Puntan dauden zazpi-zortzi pilotari horiek aldatu dute lau t'erdikoa»

Kaiolarekin harreman bitxia du: gustuko du, baina inoiz ez du igaro final-laurdenen langa. 34 urte bete berritan, beteranoen multzoan dago, baina bera gazte sentitzen da.

LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bizarra egin gabe iritsi da Labritera, eta Mikel Urrutikoetxearekin entrenatu da gero. Umoretsu dago Berasaluze (Berriz, Bizkaia, 1977), eta albotik pasatu den oro agurtu du harmailetatik. Bizi jokatzen du, eta bizi erantzun die galderei, etziko partidarako pilotak aukeratu aurretik.

Lau t'erdiko txapelketa taxuz prestatzerik izan al duzu?

Oso pilotaleku entrenamendu gutxi egin ditut; lan fisiko pixka bat baino ez dut egin.

Urteekin ohiturak aldatu al dituzu?

Ez, betiko martxan aritu naiz. Urteetan jokatu izanak eskarmentua ematen dizu. Agian, ez duzu 20 urterekin zenuen freskotasunik, baina zeure burua hobeto ezagutzen duzu, eta hori garrantzitsua da prestaketarako.

Sasoi onean zaudela ikusi da udan.

Udan etenalditxoa izan nuen, hamabost egunekoa, eta egin ditudan entrenamendu gutxi horiek gogorrak izan dira. Ondo ikusi dut neure burua.

Duela urte batzuetako joko beherakadaren ondoren, itzuli zinenetik fisikoki itxura ona eman duzu beti.

Pasatu nituen gauzen ondoren, azken hiruzpalau urteetan, fisikoki itxura ona ematea lortu dut, eta pozik nago horregatik.

34 urte dituzu. Txapelketak ilusioa egiten al dizu oraindik?

Bai, nola ez. Gaur egun dagoen mailarekin hamasei hautatuen artean egotea zaila da, eta txapelketak beti du bere grazia.

Txapelketa erronka al da?

Ez. Partidaz partida joan behar dut. Denak dira partida gaitzak, eta aurrenekoa, Arretxeren aurka. Ea zer gertatzen den.

Lau t'erdian eroso sentitzen al zara?

Distantzia polita da, baina gogorra. Fisikoki, eskuetatik… denetatik egon behar duzu ondo, pilota beti bizkor datorrelako. Baina bai, distantzia polita da aurrelarientzat bereziki.

Zenbat aldiz hartu duzu parte?

Ez dakit. Debutatu nuenetik urtero, pare bat kenduta… Hamaika edo hamabi aldiz.

Baten bat gogoratzen al duzu bereziki? Zergatik?

Bat dut gogoan. Abel Barriola txapeldun izan zenean, Muskizen jokatu nuen haren aurka [2001eko txapelketako bigarren kanporaketan]. 19-13 irabazten joan nintzen, eta partida ona izan zela dut gogoan, baina azken txanpan fisikoki behera egin nuen eta berak irabazi zidan (22-19).

Inoiz ez zara sartu finalerdietan.

Oso zaila da; hor goian lau izar daude, eta horiei irabaztea oso gaitza da. Horien segidan final-laurdenetara behin baino gehiagotan iritsi izan naiz, eta ea noizbait sartzen naizen, baina aurten oso gaitza izango da.

Iaz final-laurdenetara iritsi arren,behetik hasi beharko duzu aurten.

Enpresaren erabakia da, eta nik uste dut ondo hartuta dagoela. Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.a gaur egun nire gainetik daude, eta normala da geroago hastea.

Lau t'erdiko jokoa asko aldatu al da hasi zinenetik?

Bai, lehen beste erritmo batera jokatzen zen. Orain bizkorragoa da. Nik uste puntan dauden zazpi-zortzi pilotari bikain horiek aldatu dutela. Oso maila ona dago orain.

Jokoa bizitu izanak zuri ere mesede egin beharko lizuke.

Haizea alde dudanean, bai; baina aurka dudanean, okerragoa ere bada niretzat.

Puntako zazpi-zortziko multzoan ez al zaitugu zu ere sartu behar?

Ni oso pozik nago euren aurka jokatzera iristearekin.

Nork eman dezake ezustekoa?

Ezustekoa ez dakit, baina irabazteko faborito Aimar Olaizola ikusten dut. Oso indartsu dago.

Lau t'erdian aurten jokatuko dutenpilotaririk zeharrenetakoa zara [Gonzalez baino hiru egun gazteagoa da, eta Titin da zaharrena]. Zer pentsatua ematen al dizu?

Gonzalezekin hor nabil. Ez dakit zein den bien artean zaharrena. Tira, nik 34 urte ditut eta bi urterako kontratua dut oraindik, eta ez nau arduratzen. Enpresa nirekin pozik dago eta ni haiekin.

Estelarretan ere zu zara enpresako zaharrena; gazteek oraindik ez zaituzte kendu hortik.

Ea hala segitzen dugun! Lehia handia dago, gazteak indartsu datoz eta gu ez gaude hor betiko.

Askori arraroa egingo zaie Pablitori beterano deitu behar izatea.

Beterano deituko didate, bai, baina nik gazte ikusten dut neure burua, eta hala sentitzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.