Garaipenaren faltan, puntu bat. Athleticek berdinketa garrantzitsua eskuratu du Valentziaren kontra Mestallan, eta laugarren postuan jarraitzen du sailkapenean, orain Vila-Realekiko aldea handituta.
Oso lehia bizia jokatu dute bi taldeek, eta Athleticek abagune ugari sortu ditu atsedenaldira markagailuan aurretik joateko. Besteak beste, zutoinera bidali du baloia Ander Herrerak. Hala ere, Valentziak hartu du abantaila, 23. minutuan. Paco Alcacerrek sartu du gola Feghouliren pase bat baliatuz. Gola ez du baliogabetu epaileak, Feghouli jokoz kanpo egon arren.
Etxekoek atsedenalditik bueltan hartu diote neurria partidari, baina 53. minutuan lortu du Athleticek berdinketaren gola, penaltiz. Horretan ere hanka sartu du epaileak. Adurizek egin du zuri-gorrien gola.
Emaitza horrekin, sendo jarraitzen dute bizkaitarrek laugarren postuan, eta, Vila-Realek galduta eta Realaren partidaren zain, handitu egin du bosgarren sailkatuarekiko aldea.
Osasunak eta Realak, gaur
Astelehen gauez jokatuko dituzte Realak eta Osasunak Espainiako Ligako 27. jardunaldiko partidak. Osasuna 20:00etan lehiatuko da Malagaren kontra (C+L/GolT), eta partida garrantzitsua izango da jaitsiera postuak saihesteko. 13. postuan dira gorritxoak, 29 punturekin, eta hiru puntu gutxiago dituzte espainiarrek. Gaur irabaziz gero, pauso handia emango lukete nafarrek mailari eusteko bidean.
Bi ordu geroago jokatuko du Realak Rayoren kontra (22:00, Cuatro). Irabaziz gero, bosgarren postura igoko litzateke sailkapenean, eta Athleticek betetzen duen laugarren postutik bost puntura gerturatuko litzateke.