Xabier Etxebeste. Kaikuko arraunlaria

«Puntu bat gorago gaude»

Bandera asko lortu ditu bere ibilbidean, eta bere taldeak azkeneko sei estropadetatik bost irabazi izanak ez du ezustean harrapatu. Konfiantzarekin dago.

Aitor Manterola Garate.
Loiola (Donostia)
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Lanetik atera berri eta bazkaldu ondoren azaldu da hitzordura Xabier Etxebeste, Kaikuko arraunlaria (Zarautz, Gipuzkoa, 1980). Bolada onean da, bost estropada ia segidan irabazi eta gero. Zaildua da, esperientzia dauka, eta ederki erakutsi zuen joan zen igandean, Getxon (Bizkaian): arrauna hautsi zuen epailearen ontziaren motorra jota, eta azken luzea bazen ere, arraun berria hartu, jarri eta arraun emateari berrekin zion, patxadarekin. Mintzo ere halatsu da mintzo da, lasai bezain seguru.

Azkeneko sei estropadetatik bost irabazi dituzue, eta denetan traineruaren barruan izan zara. Zer sentitzen du arraunlariak halakoetan, pozaz gaindi?

Castron ezagutu nuen antzeko egoera, 2009an. Dena ondo eginda dagoela sentitzen duzu, lana ona dela, trainerua ondo dabilela, arraunlarien aldaketak egin arren. Azkenean, arraunlari guztiok hartu dugu parte bost garaipen horietan. Poza ematen du, eta konfiantza ematen digu denoi. Gainera, entrenamenduetan gogor saiatzera behartzen gaitu, titular izan edo ez dagoelako jokoan.

Zergatik irabazi ditu bost estropada horiek hain segidan Kaikuk?

Hasieran, arraunlari aldaketekin, konfiantza falta zen. Zazpi bat aldaketa egiten ziren hasieran estropadatik k estropadara, eta zenbait arraunlariri zalantzak sortzen zaizkio halakoetan. Arraunean, funtsezkoa da burua, konfiantza izatea; ez da bakarrik indarra edukitzea. Bagenekien gai ginela emaitza handiak lortzeko, eta, orain, konfiantza hartu dugu.

Hori horrela izanik, Kaiku gai izango al da dena irabazteko hemendik aurrera?

Hori nahi dugu, eta horretara joango gara. Baina badakigu zaila izango dela. Estropadetan eguraldia alda daiteke, kaleen arteko aldeak egon... Guk badakigu beste traineru guztiak baino puntu bat gorago gaudela.

Ligaren lehen erdian ez zenuten hain bolada ona izan. Kezkatu egin al zineten?

Ez, ez. Ez ziren hain emaitza txarrak izan hasierako haiek, bigarren eta hirugarren ibili ginelako gehienetan. Entrenamenduetan, asteburuan aterako den ontzia ostiralean bakarrik aritzen da batera, eta horrek ere eragina izango zuen. Kortak gauza asko proba- tzen ditu aste barruan, arraunlariak lekuz aldatuz eta. Orain, ohitu egin gara aldaketekin, eta ondo gabiltza.

Bost puntu ateratzen dizkiozue Hondarribiari ligan. Nahikoa izango dira?

Alde polita da, baina oraindik bi estropada jokatu behar ditugu Portugaleten, eta eremu bihurria da oso. Edozer gerta daiteke. Duela urte batzuk, ni Castron nengoenean, Urdaibai eta gu ari ginen liga irabazteko borrokan, eta Portugaleten oso atzean sailkatu ginen biak. Pentsatu bietako bati kaleak mesede egin izan bazion zer gertatuko zen. Gero, badira hainbat traineru Hondarribia eta gure artean sailka daitezkeenak, eta hori ere kontuan izan behar da. Estropada asko falta dira.

Helburuak betetzen ari zarete: ligan lider eta txapelketetan garaile. Bihar eta etzi, Espainiako txapelketan izango zarete. Helburuen artean al duzue?

Korta esaten ari da aldaketak egingo dituela, baina helburua irabaztea da. Berak esaten digu hobetzeko tartea dugula, eta hor ari da gauzak probatzen. Bete-betean joango gara irabaztera, klubarentzat oso garrantzitsuak direlako txapelketa guztiak.

Dirurik ez duzue izango saritan Espainiako txapelketan. Zer iritzi duzu horretaz?

Berez, joan ere ez genuen egin beharko. Diruagatik joan izan gara besteetan, baina aurten, hori ere ez dago. Euskadikoan ere ez da izaten, baina ezberdina da, gure txapelketa delako.

Biharko eta etziko kontrarioak zein izango dituzue?

Urdaibai eta Hondarribia. Tiran ere bai. Arriskutsuak dira galiziarrak. Egun batean egundokoa egiten du, eta hurrengoan 20segundora dabil, baina zalantzan egon da joan ez joan, eta bertan izango denez, ez du nahiko edozer gauza egin.

Asteburua igaro eta gero, abuztuaren erdialdetik gertu izango dira ligako estropadak. Iraila gero eta gertuago, beraz. Kontxako Banderan, iaz kale egin zenuten. Ahaztuta daukazue?

Ez. Arantza sartuta daukagu. Iazkoa eta 2009koa, Castrorekin gertatua, antzekoak izan ziren nire- tzat. Faborito nagusi joan, eta irabazi ez. Oso gogorra izan zen iazkoa. Lehen egunean, 33 segundora geratu ginen, hortik atera kontuak.

Iazko kolpea gogoan, gaizki ere ez zaizue etorriko aurtengorako, ezta?

Bai, bai. Kontxa estropada berezia da, eguraldiak zeresana izan dezake, iaz bezala, normala ez izan arren, oso gutxitan gerta- tzen baita. Gero, denak ondo ibil- tzen dira estropada horretan, motibazio berezia eragiten duelako. Faboritoak bat edo bi izaten dira, baina denak joaten dira egurrean. Aurrea hartzea oso garrantzitsua da eremu horretan. Oso gutxitan gertatzen dira bueltak, ezpada itsaso txarra tarteko.

Estropada guztietan zarete faboritoak. Ona da hori, dudarik gabe. Baina neke psikologikoa eragiten al du?

Ez. Arraunlariak asteburu guztietan irabazi du. Bosgarren edo seigarren egingo duzula jakitea da nekea. Batzuek esaten dute lehiatzea dela helburua, baina nire helburua irabaztea da. Behin irabazten duzunetik, gero ere irabazten segitu nahi duzu.

Bigarren urtea duzu Kaikun. Iazkoaren alderatuta, aldaketarik sumatu al duzu

Ez. Taldea ia bera da, eta ondo konpontzen gara gure artean. Jende jatorra dago. Aldaketa da Korta hobeto ezagutzen dudala, eta errazago eramaten dela haren izaera berezia. Gogorra ez da, baina beti dago gainean, eta jakin egin behar da hori bideratzen. Talde ia bera da azken urteetan irabazten ari dena, gauza guztiak batera irabazi dituzte askok, eta horrek asko batzen du taldea, estuagoa da harremana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.