Eibarreko entrenatzailea

Yerai Martin: «Puntuak aurkari zuzenen kontra lortu izana oso garrantzitsua da»

Aurreko sasoian igotzea lortu eta gero, Lehen Mailako aulki batean estreinako esperientzia du orain Martinek. «Gozatzen» ari da, eta «gustura» dago taldearen lanarekin. «Talde lehiakorra gara», nabarmendu du.

Yeray Martin Eibarreko entrenatzailea.
SD EIBAR
ainara arratibel gascon
2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Mailari eusteko xedez ekin zion Eibarrek denboraldiari. Oraingoz, lortzen ari da, jaisteko postu horietatik kanpo baitago. Yerai Martin entrenatzaileak (Andoain, Gipuzkoa, 1992) nabarmendu du taldea «bizkor eta ondo» egokitu dela mailara. Bihar Betisen aurka jokatuko dute Ipuruan. Partida «lehia handikoa eta zaila» izatea espero du. «Maria Pryk zuzentzen dituen taldeak beti daude ondo landuta tekniko-taktikoki».

Zer nota jarriko zenioke taldea egiten ari den denboraldiari?

Gainditua jarriko nioke. Gure helburua mailari eustea da, eta, alde horretatik, betetzen ari gara. Izan ere, jaitsiera postuetatik kanpo gaude. Alde horretatik, pozik nago.

Zer egin du ondo taldeak helburutik hain gertu izateko?

Uste dut ondo eta bizkor egokitu garela kategoria berrira. Ikasketa etengabea da. Talde lehiakorra gara partidetako momentu askotan, eta helburua da hori luzatzen jarraitzea. Nahiz eta egutegiak askotan ez dizun uzten. Azken bi partidak, adibidez, Levanteren eta Bartzelonaren kontra jokatu ditugu. Gainera, une txarrak izan ditugu, baina gai izan gara horiei buelta emateko. Horri ere garrantzi handia ematen diot.

Eta zer da okerren egin duzuena edo hobetzeko duzuena?

Ziurrenik, lehen eta azken minutuak hobeto kudeatzen ikasi behar dugu. Azken minutuetan gol dezente sartu dizkigute, eta Realak, adibidez, hiru gol sartu zizkigun 20. minuturako. Baina halakoekin ere ikasten da.

Jokotik harago, 14. tokian zaudete sailkapenean, 7 punturekin. Goitik bi puntura duzue Vila-real, eta atzetik Granada, laura. Puntu gehiago izan beharko zenituzketela uste duzu?

Kontuan izan Levante las Planasen azken unean galdu genuela, eta Real Madrili ondo eutsi geniola ia azkenera arte, nahiz eta 0-1 galdu. Granadaren kontra, berriz, sufritu egin genuen irabazteko. Hori kontuan hartuta, ziurrenik pare bat puntu gehiago izan beharko genituzke. Baina puntuei begira, garrantzitsuena da ez jaisteko borrokan aurkari zuzenak diren taldeen kontra lortu ditugula. Granadari eta Sporting Huelvari irabazi egin diegu, eta Vila-realen kontra berdindu egin dugu. Horri balio handia ematen diot.

Uste duzu bigarren itzulian asko aldatuko direla gauzak? Edo orain zaudeten taldeek jarraituko duzue ez jaisteko borrokan? Izan ere, bigarren itzulian beti egoten dira ezuste gehiago.

Agian beste talderen bat sartuko da borroka horretan, dinamika txarrean sartuz gero. Baina uste dut gauzak ez direla asko aldatuko. Neguko merkatuan esango nuke ez dela mugimendu askorik egongo, eta iruditzen zait hor gauden taldeak izango garela borrokan. 

Nahiko gertu duzuen talde baten kontra jokatuko duzue bihar: Betisen aurka. Irabaziz gero, haiengandik hiru puntura jarriko zarete. Partida garrantzitsua, ezta?

Bai, argi dago. Are gehiago etxean jokatuta. Haiek hiru partida irabazi zituzten segidan, eta gora egin zuten sailkapenean. Baina azken biak galduta datoz. Lehia handiko partida zaila izatea espero dut, Maria Pryren taldeak beti dira-eta tekniko-taktikoki ondo landuta eta prestatuta dauden taldeak. Baina gu izatea lortzen badugu, eta ohi bezala jokatzen badugu, aukera izango dugu irabazteko.   

Aurreko sasoian Unben jokatu zenuten; denboraldi honetan, berriz, Ipuruan. Nola joan da egokitzapena? 

Argi dago aurreko denboraldian talde indartsua izan ginela Unben. Baina, aldi berean, beti da polita Ipuruan jokatzea. Gainera, balio izan digu belar naturalean jokatzera ohitzeko. Uste dut azken partidetan erakutsi dugula egokituz goazela. Azken hiru partidetan lau puntu lortu ditugu. Gainera, esan bezala, ondo lehiatu ginen Real Madrilen kontra. Talde indartsua izan behar dugu etxean; hor egon daiteke mailari eusteko gakoetako bat.

Taldearen osaketari dagokionez, nola ikusi duzu udan egin zenituzten jokalarien ekarpena? 

Fitxaketak egin genituenean, bagenekien Lehen Mailan eskarmenturik ez zuten jokalariak zirela. Baina argi genuen, aldi berean, halako jokalariak nahi genituela. Jokalari oso langileak dira, ondo egokitu dira taldera eta haren jokatzeko erara, eta, alde horregatik, oso gustura gaude egiten ari diren lanarekin. Gainera, aipatutako eskarmentu hori aurreko denboralditik taldean jarraitzen duten jokalariek daukate. Oreka polita lortu dugu.

Olentzero pasatuko al da Ipuruatik? Egingo al duzue fitxaketarik neguko merkatuan? 

Argi dago opariak beti izaten direla ongi etorriak, eta alde horretatik beti gaude adi eta irekita. Argi dugu ondoen beteta daukagun postua erdiko atzelariarena dela. Bertan jokatzen duten hainbat jokalari beste postu batzuetan ere jarri ditugu: adibidez, zelai erdian eta atzealdeko hegaletan.

Eta zuretzat nolakoa da esperientzia entrenatzaile gisa? 

Asko gozatzen ari naiz egunerokoaz: jokalariekin, entrenatzaile multzoarekin... Azken bi urte hauetan Eibarrek emandako aukerari esker bizitzen ari naizena izugarria da: igoera, Lehen Mailan entrenatzea... Ikasten ere asko ari naiz. Izan ere, lan egiteko moduan aldaketa askorik egin ez dugun arren, partiden prestakuntzan detailerik txikiena ere zaindu behar dugu. Horrek ikasteko balio dizu, baita beste entrenatzaileen jardunak ere.

Eta presioari eta exijentziari erreparatuta, diferenteak dira aurreko denboraldia eta hau? Izan ere, entrenatzaileak beti zaudete emaitzen menpe. 

Bai. Azken batean, aurreko denboraldian talde jaitsi berria ginen, eta igotzeko presio hori genuen. Honetan, argi dago helburua  mailari eustea dela. Partida bat galdu eta gero, gehiago kostatzen zaizu lo egitea, baina jokalariei bati esaten diet horrek gau bat iraun behar duela, hurrengo egunean datorren partidari begira jarri behar duzulako. Alde horretatik, lasai nago: ez dut presio hori antzeman. Gainera, entrenatzaileak ikasi egin behar du horrekin bizitzen.

Ba al duzu entrenatzailerik erreferente moduan?

Egia esan, ez. Baina estiloari dagokionez, Mendilibar aipatuko nuke. Hura Eibarren aulkian zegoenean egiten zuen jokoa asko gustatzen zitzaidan: joko zuzena, hegaletatik eta erdiraketen bidez min egitea... Antzeko zerbait egiten saiatzen ari gara gu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.