Saskibaloia

Putzuetan saltoka aritu nahi du Baskoniak

Baskoniak Virtus Bologna hartuko du gaur, Euroligako kanporaketetarako sailkatzeko bigarren eta azken aukeran. Garaileak Real Madril izango du aurkari final-laurdenetan.

Baskoniako jokalariak, elkarren artean hitz egiten, Euroligako partida batean. Jaizki Fontaneda/FOKU
Baskoniako jokalariak, elkarren artean hitz egiten, Euroligako partida batean. Jaizki Fontaneda/FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 19a
05:05
Entzun

Bigarren aukerak ez omen dira beti onak izaten bizitzan. Kirolean, ordea, hobe izaten da helburua lortzeko aukera bat baino gehiago izatea. Badaezpada ere, lehenengoan ez baita beti posible izaten helburua lortzea. Hori gertatu zaio Baskoniari. Euroligako kanporaketetarako sailkatzeko bidea ematen zion lehen partidan kale egin zuen, asteartean, Maccabiren aurka. Jipoi galanta hartu zuen: 113-85. Ekaitzak harrapatu zuen Belgraden, eta ez zuen eguzki izpirik ikusteko aukerarik izan. Gaur, baina, beste aukera bat izango du, Virtus Bolognaren aurka, Buesa Arenan (20:30, Movistar). Ekaitzak zoruan utzitako putzuetan saltoka aritzea da arabarren helburua.

Kontuak ezin argiagoak dira. Partidako garaileak zortzigarren postua lortuko du, eta, hortaz, Real Madrilen aurka jokatuko du final-laurdenetan. Patuak hala nahita, Virtus Bologna izango da Baskoniaren aurkaria. Gaur da astebete elkarren aurka jokatu zutela, Italian, eta garaipen handia lortu zuen Dusko Ivanovicen taldeak: 91-95. Garaipen hari esker lortu zuen bi aukera izatea final-laurdenetarako sailkatzeko. Gaur etxean ariko da. 

Ez da zaila izango asteartean egindakoa hobetzea. Izan ere, sasoiko neurketarik kaxkarrena jokatu zuten arabarrek; zoritxarrez, une garrantzitsuenean. Orain, ordea, orduan gaizki egindakoak identifikatu, eta aurrera begiratzeko ordua da. Maccabiren aurka sintoma txar ugari utzi zituen taldeak: ahultasuna defentsako errebotea ixteko orduan, arreta galtzeko joera nabarmena, eta jokoan oldarkorrak izateko gaitasunik eza. Horrela ezin izaten da partida batean taxuz lehiatu. Sintoma horiek agerian utzi dute zein den arazo nagusia: taldea txikiegia da bi ligatan lehiatzeko, fisikoki oso gogorrak baitira. Eta Ivanovicek are txikiagoa egiten du taldea, oso jokalari gutxi erabiltzen baititu. Haiengan dauka konfiantza, eta haiekin joango da amaieraraino.

Denboraldian gertatu bezala, Markus Howardek izango du giltza. AEBetako eskolta Euroligako liga erregularreko saskiratzaile nagusia izan da, eta partidak trabatuta egon direnean berak atera ditu babak eltzetik. Duela astebete eskas, erakustaldia eman zuen; 34 puntu sartu zizkien italiarrei. Inorengan edukitzekotan, harengan daukate esperantza zaleek. Baita taldekideek ere, ziurrenik. Kontuan hartzeko beste alderdia Buesa Arena izango da. Sei urte dira Baskonia ez dela sailkatu Euroligako kanporaketetarako, eta zaleak kanporaketa horiek bizitzeko gogoz daude. Astearteko kolpe latzaren ostean, haiei dagokie giroa berotzea. 

Hala ere, kontu handiz jokatu beharko dute arabarrek. Virtus Bologna goitik behera zetorren. Euroligan jokatu zituen azken zazpi partidak galduta iritsi zen kanporaketen aurreko lehietara. Baina, Istanbulen (Turkia) Efesi irabazi ostean, aukeretan sinetsita iritsiko da Gasteizera. Izen handiko jokalariak ditu: Marco Belinelli, Tornike Xengelia Baskoniako kapitain ohia, Iffe Lundberg, Daniel Hackett eta Isaia Cordinier, besteak beste.

Ivanovic, zuhur

Ivanovicek prentsaurrekoan baieztatu zuen Chima Monekek ezin izango duela jokatu. Maccabiren aurkako partidan ezkerreko orkatila bihurritu zuen, eta ezin izan zuen gehiago jokatu. Bi egun hauetan ez da osatu, eta ez du Bolognaren aurka jokatuko. Hala ere, garrantzia kendu nahi izan zion prentsaurrekoan: «Monekek ezingo du jokatu. Hutsune garrantzitsua izango da, baina ez dugu inoiz negarrik egin, eta orain ere ez dugu halakorik egingo. Urte osoan borrokatu gara gure emaitzen menpe egoteko, eta presio positiboa izan behar du bihar [gaur]». 

Maccabiren aurka jasotako jipoiaren ostean taldea «ondo» dagoela adierazi zuen teknikariak. Eta argi dauka berriro ere ehun puntu jasoz gero «ezinezkoa» izango dela irabaztea: «Ezin diogu azkar jokatzeari uko egin, hori baita gure jokoa. Eta ez dugu hori aldatu nahi. Baina, hori egiteko, aurrena oldarkorrak izan behar dugu defentsan». 

Bolognari dagokionez, ia sasoi guztia «zortzi onenen artean» egin duela nabarmendu zuen Ivanovicek: «Liga erregularreko azken partidak galdu arren, joko ona erakutsi zuen. Efesen aurka euren izaera erakutsi zuten, eta oso partida ona egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.