Raider lasterkaria

Maitane Garmendia: «Raid luzeetan loa kudeatzea da lanik zailena»

Ia sei urteko geldialdia egin eta gero, berriro ere raidetan lehiatzen hasi da Garmendia. Aurretik, zazpi urteko ibilbide oparoa egin zuen, eta proba batzuk ere irabazi zituen. Hiru haur izan eta gero, berriro ere martxan jartzeko hautua egin du.

Maitane Garmendia raider lasterkaria. BERRIA
Maitane Garmendia raider lasterkaria. BERRIA
Unai Ugartemendia.
2025eko apirilaren 30a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Bidaia baten erdian da Maitane Garmendia raid lasterkaria (Ibarra, Gipuzkoa, 1987), bikotekidearekin eta hiru seme-alabekin batera. Berriro ere lehiatzen hasteko gogotsu eta emozioz beterik dagoela nabari da. Kirolari osoa da, eta abenturazalea. Asko gozatzen du raiden inguruan hitz egiten.

Denboraldi luze batez lehiatu gabe egon eta gero, nolakoa izan da itzulera?

Azken raid luzea lehen haurrak urtebete zuela egin nuen. Ondoren, pandemia garaia iritsi zen, eta raidak ere gelditu egin ziren. Ondoren, bigarren umea izan nuen. Egia da ume baten eta bestearen artean lasterketa batzuk jokatu nituela, baina zazpi ordu azpikoak izan ziren, denak ere Euskal Herrian. Orain, ia sei urteren ondoren, entrenatzeko askoz denbora gutxiago daukat, eta ordu bolumena ere askoz eskasagoa da. Ateratzean, gehienez ere bi orduko entrenamenduak egin ditzaket. Lehen, askoz ere entrenamendu luzeagoak egitera ohituta nengoen. Denbora gutxian ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatzen naiz orain.

Zein izan dira aldaketarik handienak?

Lehen entrenamenduetan ez nuen batere gozatu. Egia da oinarria bera ere askoz ere txikiagoa nuela. Hobeto sentitzen hasi nintzen arte, frustrazio puntu batekin ibiltzen nintzen entrenatzetik itzultzen nintzenean. Hilabete pare bat joan zitzaizkidan hobeto sentitzen hasi nintzen arte.

Zer egin zaizu gogorrena?

Entrenatzera korrika eta presaka atera behar izatea. Niretzat, kirola eguneroko errutina ahazteko modu bat da, eta oraindik ere hala da: alegia, mendira joatea, bizikleta hartzea edo korrika egitera joatea. Helburu bat jarrita neukan, eta hura izan da berriro ere kirola egiten hasteko aitzakia. Baina konturatu naiz entrenatzera joateko tarte hori aurkitzea zein zaila izaten den askotan. Oso zaila da ezer antolatzea etxean hiru ume zain dituzunean.

Itzulera zuk espero bezalakoa izan da?

Zalantza asko nituen. Lehiatu gabe hainbeste denbora ibili eta gero, ez nuen argi nola erantzungo nuen. Alde horretatik, asko harritu nintzen, uste baino askoz hobeto sentitu bainintzen. Fisikoki ere uste baino hobeto ikusi nuen neure burua. Ez dakit zergatik izango zen, agian neukan ilusioarengatik, emozioarengatik, itzuleragatik… Gorakada handia sentitu nuen, eta oso ondo sentitu nintzen. Halere, beti dago zer hobetu! Erabat ahaztuta neukan zer zen hogeita hamar ordutan galduta ibiltzea [barrez].

Lehen proban, Errioxako raidean, askotan etorri zitzaizkizun burura orain sei urte jokatutako azken raideko oroitzapenak?

Bai, askotan. Taldekideekin ere askotan gogoratu genituen momentu haiek. Jokatutako azken lasterketa luzea Meatzaldeko Raida izan zen, Ortuellan [Bizkaia]. Orduan bete-betean atera ginela gogoratzen dut. Orain, berriz, batere presiorik gabe atera gara. Euskal Raideko beste taldea irabazteko asmoz atera zen.

Zer helburu zenituen raid hartan?

Gozatzea zen lehen helburua. Taldeko kideek ere etenaldi luze xamar bat izan dute, familiagatik, lesioengatik… Txomin Bustindui lehen aldiz lehiatu zen, eta sentsazioen arabera ibili behar genuela argi geneukan. Geuretzat, gainera, erronka berria zen orientatzailearen falta. Aaron Garmendiak ezin izan zuen parte hartu lesio bat zela medio, eta Haitz Larrinagaren eta nire artean moldatu behar izan genuen. Niretzat ia berria zen orientazio lanean ibiltzea. Ziur behar baino kilometro gehiago egin genituela, baina nahiko ondo moldatu ginen.

Noiz erabaki zenuen berriro ere raidetara itzultzea?

Iazko udan hasi nintzen berriro aktibatzen eta kirola egiten. Halere, zaila egiten zitzaidan konstantziari eustea. Bi astez nahiko jarraian ibiltzen nintzen, baina ondoren bi asteko geldialdi bat izaten nuen. Irailaren 28an zazpi orduko raid bat egin genuen Elgoibarren [Gipuzkoa]. Bikotekidearekin batera egin nuen, Beñat Doiharzabalekin. Raid horretan jakin genuen orain jokatu berri dugun proba antolatzekotan zirela: Tierra de Camerosekoa. Egun hartan bertan jarri nion neure buruari helburu hori. Azarotik aurrera maizago entrenatzen hasi nintzen.

Nola entrenatu zara probarako?

Neukan denboraren arabera entrenatu naiz. Nik beti nahiago izan dut mendiko bizikletan ibiltzea, korrika egitea baino gehiago. Bizikletan entrenatzea ez zait hain gogorra egiten. Entrenamendu gehienak bizikletarekin egin ditut, bai mendikoarekin, bai errepidekoarekin. Plangintza jakinik gabe entrenatu naiz. Eguneroan nuen denboraren arabera ibili behar izan dut.

Horrelako proba luzeetan, loa kudeatzea izaten da lanik zailena?

Bai! Egia da egun bateko probak direnean, alegia, 24 edo 30 orduko probetan, loa ez dela arazo izaten. Gorputzak ondo eusten dio. Gorputza mugimenduan dago, beti zerbait egiten ari da, eta horrelakoetan loak ez du gain hartzen. Arazo handiagoa izaten da raidak hiru edo lau egunekoak direnean. Horrelakoetan, loa kudeatzea ezinbestekoa da. Taldean adostu beharreko kontua izaten da loaren gaia. Aipatu bezala, lehen gauean ez da arazorik izaten. Handik aurrera, lo kuluxkak egitea eskatzen du gorputzak. Ez dira luzeak izaten, ordu eta erdi edo bi ordukoak izaten dira, eta berdin hurrengo gauetan.

«Logistika, orientazioa eta beste estrategia batzuk martxan jartzea eskatzen dute raidek. Eta zer esanik ez burua! Gustuko ditut osagai horiek guztiak»

Arazo handiak izan dituzu raid luzeetan loarekin?

Raid luzeetan ibili izan naizenetan, okerrena lo egitea izan da, zalantzarik gabe. Fisikoki nekea izaten da, baina gutxinaka aurrera joaten zara. Kirola aldatzeak ere mesede egiten du horrelakoetan, eta raidetan askotan aldatzen da kirol modalitatea. Baina loarena beste kontu bat da. Niri gertatu izan zait bizikletan joan eta lo hartzea. Orain bederatzi urte-edo izan zen, Getxoko [Bizkaia] Basque Expedition Race raidean. Hiru gau igaro behar genituen, eta, mendiko bizikletan jaitsiera tekniko bat amaitu ostean, bidegorri batera atera ginen. Kolpeka jaisteari utzi eta bizikletan lasai ibiltzen hasi ginen, eta taldekideei abisatu nien lo hartzen ari nintzela. Trantsiziorako bi kilometro falta ziren, eta aguantatzeko esaten zidaten. Halako batean, lurrean nintzen. Leku onean erori nintzen, eta ez nuen ezer larririk egin.

Sare sozialetan aurreratu zenuen: uda pasatu eta gero beste raiden bat jokatuko duzu.

Hori da asmoa, bai. Iaz jokatu zen Pyrene Raid [Biescas, Aragoi, Espainia], eta ezin izan nuen parte hartu. Hirugarren semeak sei hilabete besterik ez zuen, eta ezinezkoa izan zen bertan egotea. Europako herrialde askotan jokatzen dira 24 edo 30 orduko probak, eta iaz liga horretan sartu zuten. Aurten, berriz, orain jokatu berri dugun Camerosko proba izan da. Irailean jokatuko dugun proba zortzi edo hamabi ordukoa izango da. Oraindik ez dugu egutegi finkorik, baina badirudi datorren urtera begira proba luze bat antolatu nahi dutela berriz ere Pirinioetan. 2026rako badut erronka berri bat!

Noiz hasi zinen raidetan lehiatzen?

Gaztetan. Arraunean pasatu nituen zazpi urte; ondoren, triatloi batzuk eta mendi lasterketa batzuk jokatu nituen; esaterako, Goierriko Bi Handiak eta Euskal Herria Mendi Erronka.  Bi edo hiru urte igaro nituen mendi lasterketetan. Raiden mundura kasualitatez iritsi nintzen. Interneten begira nengoela, Zubirin [Nafarroa] raid modalitateko proba bat jokatzen zela irakurri nuen. Mendi bizikleta eta trekkingak ziren probaren oinarri nagusia, eta, biak ere gustuko ditudanez, izena ematea erabaki nuen. Kasualitatez, Behobia-Donostia probarako ere izen emanda nengoen asteburu berean. Larunbatean raida jokatu nuen Nafarroan, eta igandean Behobiako irteeran nengoen errepideko oinetakoak jantzita.

Zerk erakarri zintuen gehien raidetan?

Batetik, abenturako kirol modalitate horiek oso gustuko nituela, eta, bestetik, ez dagoela ibilbide markatu bat. Raidak ez dira kontu fisikoa bakarrik. Logistika, orientazioa eta beste estrategia batzuk martxan jartzea eskatzen dute raidek. Eta zer esanik ez burua! Mentalki oso prestatuta egotea eskatzen dute. Gustuko ditut osagai horiek guztiak.

«Ikusi da proba gero eta luzeagoa izan emakumeak gizonezkoak baino hobeto moldatzen garela. Modalitate hau probatzera animatzen ditut emakumeak»

Emaitza esanguratsu batzuk ere lortu dituzu zure kirol ibilbidean.

Bai, bai. 2015ean eta 2016an, Europako hirugarren izatea lortu genuen Raid Aranen, eta Espainiako txapelketa ere irabazi genuen 2017an. Hasierak onak izan ziren, eta Euskal Herriko hainbat probatan ere garaipenak lortu genituen. Euskal Raid taldea sortu genuenean, beste jauzi bat egitea erabaki genuen. Espainiako eta Europako zenbait herrialdetan probak jokatzen hasi ginen; esaterako, Irlandan eta Frantzian. Nik geldialdia izan dudan azken urteetan, Paraguaira ere joan ziren proba bat jokatzera, baita Herbehereetara ere.

Emakume gutxi daude raideko taldeak osatzeko. Zergatik?

Arazo handia dago, bai. Ni lehiatu ez naizenean, taldekideak estu ibili dira emakumeak konbentzitzeko! Hainbat lasterketatan ibili izan dira, esaterako, Aitziber Ibarbia, Uxue Fraile, Nahia Quincoces edo Mayi Mujika. Nire ustez, mendi bizikletarengatik egiten dute atzera emakume askok. Mendi lasterketetan gero eta emakume gehiago dabil, baina mendi bizikletan ez dago hainbeste. Loaren gaiak ere buruhausteak ematen ditu. Halere, ikusi da proba gero eta luzeagoa izan emakumeak gizonezkoak baino hobeto moldatzen garela. Modalitate hau probatzera animatzen ditut emakumeak.

MOTZEAN

  • Raidetan egin duzun lagunik onena? Beñat Doiharzabal. Nire bikotekidea da gaur egun.
  • Proba bat? Raid Aran [Lleida, Herrialde Katalanak].
  • Egiteko duzun bat? Patagonia Race. Hamar eguneko proba bat da, zeharkaldi modura jokatzen dena.
  • Entrenatzeko leku bat? Etxe ingurua; Zazpi bideak, Belabieta, Larte ingurua….
  • Kirol bat? Mendiko bizikleta.
  • Kirolari bat? Ez dut erreferente bat.
  • Sareetan gehien jarraitzen diozun kirolaria? Raidetako antolatzaileak.
  • Jateko? Arroz integrala barazkiekin edo oilasko errea.
  • Edateko? Ura.
  • Musika talde bat? Oraintxe bertan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots [barrezka].
  • Abesti bat?Munduari bira [Gorka Sarriegi].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.