Duela hiru aste Hungarian gertatutakoaren antz gutxi izan zuen atzo Istanbulen jokatutako Turkiako Sari Nagusiko entrenamendu saioak. Emaitzari erreparatzen hasita, Ferrarik larunbat ona izan zuen atzokoa, ia-ia lehen lerroa osatu baitzuen. Felipe Massak urteko zazpigarren pole-a lortu zuen italiarrentzat, eta Lewis Hamilton izango du parean. Ondo-ondoan. Aurreko egunetako zalapartak ahaztuta, giro lasaian jokatu zen atzoko entrenamendu saioa, baina gaurko lasterketan bestela izango da.
Ostegunean David Coulthardek FIAren prentsaurreko batean parte hartu zuen, beste hainbat gidarirekin batera. Bertan, eskoziarra Ferrariren ustezko estrategia baten inguruan mintzatu zen. Hungarian Ferrarik ahaztu egin omen zuen Massaren autoan erregaia jartzea sailkatze proban, eta horrek 14. postura atzeratu zuen brasildarra. Lasterketa horretan postu bakarra irabazi eta 13. amaitu zuen Massak Hungarian, eta emaitza horrekin bere titulurako aukerei izugarrizko kaltea eragin zien.
Hutsegite hori nahita eragindakoa izan ote zen galdetzen zion Coulthardek bere buruari, edota Ferrarik nahita egindakoa: «Nola dakigu Ferrarik nahita ez zuela sartu erregaia Feliperen autoan?». Urrunago joan zen, eta zera gehitu: «Agian, taldeko erabaki bat izan zen, Kimiren [Raikkonen] mesedetan; nola ahantz daiteke erregaia botatzea?».
Felipe Massa bera prentsaurreko horretan zen, eta adierazpen haien ondoren, begiradak harengan zuzendu zituzten. Hitza hartu beharrean izan zen, irribarre deseroso batez lagunduta. Honakoa esan zuen: «Bai, baina ez zen nahita gertatu, gaizki ulertua izan zen». Coulthardek ez zuen etsi, eta erantzun egin zion: «Oinarrizko gaizki ulertua, ala? Nire ustetan, Kimiri mesede egiteko konspirazioa da. Zorte on».
Ferrarik azken urteetan lehen eta bigarren gidariak izan ditu taldean, eta beti egin du apustu lehenaren alde, Michael Schumacherrekin batez ere. Aurten oso pareko dabiltzan bi gidari ditu taldean -Raikkonenek 60 puntu dauzka sailkapen nagusian; Massak baino bat gehiago, alegia- eta litekeena da bakarra aukeratu behar izana, lanak pilatzen ari zaizkielako. Aurtengo autoaren garapena ezin dute utzi, oraindik zer irabazi badutelako, eta hurrengo urtekoan ere behar dituzte baliabideak. Horrez gain bi gidari maila berean mantentzea zail duenez, zergatik ez batekin bakarrik jarraitu?
MCLARENI AURRE EGITEKO, BAT EGIN. Raikkonen askoz ere gidari garestiagoa da Ferrarirentzat, eta hura zen, ustez, Schumacherrek utzitako tokia bete behar zuen gidaria. Kasu horretan, italiarren balizko erabaki horrek zentzua edukiko luke, eta gidari baten alde eginez, puntu gehiago lortzeko aukera da. Izan ere, hori da Ferrarik titulua lortzeko duen aukera bakarra, Massa eta Raikkonen elkarren artean puntuak kentzen aritzeak kalte egiten diolako. McLareneko gidarien arteko tirabira lagungarri da hauentzat.
Brasildarrak, iaz bezala, aurten ere lehen postua lortu zuen atzoko entrenamendu saioan. Pista honetan estreinatu zuen bere garaipenen zerrenda, eta gaur ere aukera izango du garaipen zerrenda hori loditzeko. Baina Ferrarik Raikkonenen alde egingo duela egiaztatzen bada, Massaren papera bestelakoa izango da. Erregai gutxiagorekin aterata, McLaren azkarrak mantsotzen saiatuko da, astunago doan Raikkonenek hauekiko denborarik gal ez dezan. Lehen geldialdietara antzeko tartean iritsiz gero, Raikkonen irabazteko egoera apartarekin legoke.
Raikkonenen morroia, Massa
Ferrariko Felipe Massak lortu du 'pole'-a, baina litekeena da taldeak Raikkonen alde egitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu