Lagun Aro GBC taldeak presidente berria dauka. Atzo irudikatu zuten botere aldaketa Ilunbeko prentsa aretoan. Gorka Ramonedak Alvaro Bilbaori, orain arte presidenteordea izan denari eman zion lekukoa, baina Ramoneda berak erakarri zuen arreta guztia. Bilbaok aste pare batean taldearen inguruko berriak jendaurrean jakinaraziko dituztela esan zuen, «baina gaurkoa Ramonedaren agurraren eguna da, eta berak bakarrik hitz egitea erabaki dugu».
Karguan egin dituen hiru urte eta erdien balantze laburra egin zuen Ramonedak, eta hasierako egunekin gogoratu zen, «batez ere, Miguel Santosekin, haren eskutik iritsi bainintzen ni presidente kargura». Ramonedak hitz goxoak izan zituen Kote Olaizola zendu berriarentzat, «proiektu sendo honen sustatzaileetako bat izan zelako, duela 11 urte». Denetarik bizi izan duela gogoratu du Ramonedak, presidente karguan egon, zuzendaritzan egon: «Jaitsierak, igoerak, Kopa jokatzeko sailkapena, orain astebete Valentziako une hunkigarria... Oso pozik nago taldea haziz joan delako pixkanaka, eta utzi dudan, utzi dugun tokian utzi dugulako».
Kargua uzteko arrazoia nekea izan dela baieztatu zuen Ramonedak: «Kluba hartu nuenean zazpi milioi euroko aurrekontua geneukan, eta gaur da eguna sasoia 4,7 milioirekin bukatu duguna. Garai latzak bizitzen ari gara, eta atez ate diru bila ibiltzeak asko nekatu nau. Nire familia eta lana alboratu ditut, eta orain, haiei lapurtu diedan denbora bueltatzeko garaia da. Laura emazteak eta Lucia eta Marina alabek merezi dutela uste dut». Ramonedak Gipuzkoako erakunde guztien laguntza eta konpromisoa eskatu zuen bere agurrean: «Europan jokatuko dugu lau hilabete barru, eta ez da posible erronka horrek galera ekonomikoak ekartzea taldeari».
Hiru urte eta erdiko gestioan arantzaren bat geratu ote zaion galdetu zioten Ramonedari, eta «Ilunbe» bota zuen ziur. «Ez dugu lehen mailako saskibaloi instalakuntzarik, eta lastima da aurrerapausoak guk nahi baino mantsoago joatea. Harreman ona dugu egun erabakimena duten politikariekin, eta, luze gabe, merezi ditugun instalazioek bultzada sendoa izatea espero dugu». Zuzendaritza batzordetik erabat aldenduko dela ziurtatu zuen Ramonedak: «Ez dut Alvaro Bilbaoren lana oztopatu nahi. Laguntza behar badu, alboan izango nau, baina beste zale guztiak bezalakoa izango naiz aurrerantzean».
«Eskuak libre ditu»
Kargua uzteko erabaki duen unearen inguruan ere galdetu zioten Ramonedari, eta zintzo erantzun zuen: «Ni neu ere martxoan hasi nintzen presidente jardunean, eta ez da oso garai samurra lanari neurria hartzeko. Uda hasi aurretik utzi nahi izan dut kargua, Alvaro Bilbaok eskuak libre eduki eta egoki ikusten duen moduan jardun dezan. Ekainean aurrekontua osatzeko astia du, kudeaketa modu batean edo beste egiteko astia. Martxoan agian ez». Bistan denez, eskuzabal eta zentzudun jokatu du.
Ramonedak maiatzaren 29an jakinarazi zion zuzendaritzari kargua uzteko asmoa zuela, eta batzordeak berak onartu zuen Bilbao karguan jarriko zela. Presidenteorde jardunean aritu da orain arte Bilbao, eta, koska bat igotzearekin bat, Nekane Arzallusek ere beste bat igoko du. Arzallus kontseilari lanean aritua zen orain arte, aurrerantzean ardura handiagoa izanen du: presidenteordea. Kirol mailan taldeari bere hartan eutsiz gero meritua izango du.
Ramonedak dio diru bila ibiltzeko ahaleginak indar gabe utzi duela
Bere lanak eta familiak hiru urte eta erdian eman ez dien arreta merezi dutela esan du, agur hunkigarrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu