Javier Eraso. Athleticeko jokalaria

«Raul Garcia ispilua da niretzat»

Jokalari garrantzitsua izan zen udan, iritsi bezain laster. Raul Garcia fitxatu izanak, ordea, protagonismoa kendu dio. Bere aukeraren «zain» dago orain. Aitortu du ilusio berezia egiten diela Europako Ligak.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Athleticen beste aukera bat eman diote Javier Erasori (Iruñea, 1990). Bere buruarengan sinesteko baliatu zituen Leganesen igarotako bi urteak, eta Lehen Mailan aritzeko gai dela erakutsi gura du orain.

Zer moduz moldatu zara Athleticen lehen taldean egin dituzun lehen hilabeteetan?

Espero baino hobeto. Oso pozik nago. Taldekideak oso apalak dira. Harrera bikaina egin didate, eta horrek asko lagundu dit. Kirol arloan, bestalde, deialdi guztietan ari naiz sartzen, eta tarteka jokatzen dut. Ezin naiz kexatu.

Bi gol sartu zenituen debuteko egunean; Espainiako Superkopako finalean ere protagonismo handia izan zenuen; ligan ez zarete ibili espero bezain ondo... Gauza asko gertatu zaizkizu oso tarte txikian.

Partida asko jokatu ditugu. Uste dut jarraitutasuna falta zaigula. Aste barruko lehia batzuetan itxura ona eman dugu, baina, gero, asteburuetan ez gara ondo ibili. Gorabehera handiegiak izan ditugu. Ez da nahikoa Europako Ligan eta Superkopan ondo aritzea, gero ligan ondo jokatzen ez bada.

Gorabeherak aipatu dituzu. Athletic A eta Athletic B daudela aipatzen da. Hamaikako ona duela Athleticek, baina ordezkoak ez daudela maila berean. Ados?

Kazetarien kontuak dira horiek. Argi dago aldea dagoela gorengo mailan 200 edo 300 partida jokatu dituzten jokalarien eta hamabost jokatu dituztenen artean. Hala ere, AZ Alkmaarren kontra irabazi izan bagenu, beste titulu batzuk idatziko zenituzketen. Esate baterako, «A planak alternatiba ona dauka». Kritikei aurre egitea tokatzen zaigu orain. Dena dela, uste dut talde ona daukagula. Gutxi jokatzen duen edozein futbolarik eman dezake maila ona hasieratik jokatzeko aukera izanez gero.

Athleticen egunerokotasuna intentsitate handikoa dela konturatzeko nahiko denbora izan duzu lehen taldean daramazun denbora tarte txikian?

Klub gisa gainerakoen antzera funtzionatzen du, baina inguruan dago aldea. Zaleek nola hartzen duten taldearen egunerokotasuna, horregatik da berezia Athletic.

Leganesen jokatzen zenuenean lasaiago ibiliko zinen, ziur.

Bai. Inork ez ninduen ezagutzen. Orain ere ez pentsa asko ezagutzen nautenik, baina beti gerturatzen da norbait kalean. Gauzak ondo doazenean, eskertzen da; baina okertzen direnean, ez dakit zer gertatuko den [barrez].

Zein arlotan hobetu zenuen Leganesen jokatu zenuen bi urteetan? Zertan aldatu zara Athleticek duela urte bi ukatu zizun aukera eskaintzeko?

Ez naiz asko aldatu. Asko jokatu dut, eta esperientzia hartu dut. Leganesen askatasuna eman zidaten, eta, ondo aritu nintzenez, beste talde batzuen interesa piztu nuen. Eskarmentua eta konfiantza izan dira aurrerapausoa ematen lagundu didaten bi giltzak.

Asier Garitano entrenatzaileak garrantzi handia izan du zure garapenean?

Bai, handia. Hasieratik egin zuen nire aldeko apustua. Gogor egin zidan. Gauza asko egiteko gai nintzela esaten zidan. Askatasuna eman zidan, eta, horrekin, baita konfiantza handia ere. Buruko lan handia egin zuen nirekin.

Lezamatik irteteko ateak zabaldu zizkizutenean, itzuliko zinela pentsatu zenuen?

Inola ere ez. Oso gutxitan gertatzen da hori.

Athleticek gaztetxoen mailan jokatzeko fitxatu zintuen Osasunatik, Isma Lopezekin batera. Hautsak harrotu zituen erabaki hark, Patxi Izko presidente zenak Ibaiganekin harremana etetea erabaki baitzuen. Zer iruditu zitzaizun bi taldeen arteko etena?

13 edo 14 urte nituen artean, eta harrituta geratu nintzen gu fitxatu izanak sortu zuen ikusminarekin eta giro txarrarekin. Alde batera egitea erabaki nuen orduan. Denbora igarota, ondo ulertzen ditut bi aldeen ikuspuntuak. Athleticek interesgarriak ziren bi gazte ikusi eta fitxatu zituen. Talde guztiek egiten dutena, alegia. Bestalde, talde txikiagoa da Osasuna, eta ulergarria da bi edo hiru jokalari galtzeak min ematea. Hala ere, larregi puztu zen kontua. Ez zitzaidan gustatu bi kluben artean harremana eten izana. Nik Osasuna maite dut, baina Athleticeko jarraitzailea naiz. Hau ez da oso ondo ulertzen Iruñean.

Zer hobetu izango duzu Lehen Mailan urte asko jokatu ahal izateko, ezta?

Nire ustez, arlo guztietan egin dezaket aurrera: jokatzea, gorengo mailan lehiatzeko gai naizela sinestea, taldean garrantzitsu sentitzea... Gauza horiek guztiak baliatu behar ditut une oro hobetuz joateko.

Zer eskatzen dizu Ernesto Valverdek?

Niri, zuzenean, ez dit ezer eskatzen. Postu bakoitzean jokatzen duenak zer egin behar duen esaten digu. Erasoan parte hartzeko, azken pasea emateko, gol sena erakusteko edo golik sartzeko aukerarik ez dagoenean aurrelariari laguntzeko eskatzen die entrenatzaileak erdilari aurreratuei.

Raul Garcia fitxatu izanak protagonismoa kendu dizu. Kezkatuta zaude?

Ez. Ispilua da. Ikasteko aukera ona daukat. Nire aukeraren zain nago, eta, akaso, egunen batean berari egokituko zaio aulkian egotea.

Gainerakoan, zein futbolari dituzu gustukoen?

Athleticek fitxatu ninduenean, Orbaiz zen lehen taldeko erreferentzia. Oso ona zen. Gainerakoan, Iniesta eta Modric ditut gustuko, baina horrek ez du esan gura euren antza izan gura dudanik.

Arlo pertsonala alde batera utzita, denboraldi honetan zer eskatu behar zaio Athletici?

Ligan lan ona egiteko eskatu behar zaigu, sailkapenean goian egon eta Europan sartzeko, alegia. Bestalde, bai taldean eta bai zaleen artean ilusio handia dago Europako Ligarekin. Lan ona egin dezakegula uste dugu. Baina ez ditugu oinak lurretik altxatu behar.

AZ Alkmaarren kontra galduostean, ondo jokatu beharra dago Belgradeko Partizanen aurka.

Duda barik. Ezin dugu lo hartu.

Zergatik dago horrenbesteko aldea etxean eta etxetik kanpo jokatzen duen Athleticen artean?

Nik uste dut talde guztiak aritzen direla hobeto etxean. Gure kasuan, gauzak okertzen direnean sekulako babesa sentitzen dugulako ematen dugu itxura hobea etxean. Hala ere, denok apur bat gehiago eman behar dugu kanpoan lehiakorragoak izateko.

Deportivoren zelaian jokatuko duzue igandean, sasoi onean dagoen talde baten etxean.

Oso ondo hasi dira. Lan ona egiten ari dira. Riazor zelai gaitza da Athleticentzat. Azken bederatzi urteotan irabazi ez badugu, badakigu aurreko norgehiagoketan baino gehiago eman beharko dugula. Jakinaren gainean gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.