Futbola

Real Madrilek eta Bartzelonak bakarrik eusten diote Superligari

Ingalaterrako sei taldeek atera egin eta gero, Real Madril eta Bartzelona dira aurrera egin nahi duten bakarrak, eta, hala, egitasmoak etorkizun iluna du. 

ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 21a
11:54
Entzun

Berrogeita zortzi ordu. Horixe iraun du Superligaren egitasmoak. Igandean eman zuten proiektuaren berri sortzaileek. Atzo Ingalaterrako sei taldeek atzera egin eta gero, ez zaio etorkizun handirik ikusten. Izan ere, Real Madril eta Bartzelona dira atzera egin ez duten bakarrak, Juventusek, Interrek, Milanek eta Atletico Madrilek ere atzera egin baitute.

Gauerdian eman zuten beren erabakiaren berri Ingalaterrako klubek, eta barkamena ere eskatu zieten beren zaleei hartutako erabakigatik. Hortik aurrera etengabeak izan ziren erreakzioak. Superligak berak ohar bat kaleratu zuen. "Gure helburua futbolak eboluzionatzea da, eta gure kirolarentzat baliabideak lortzea. Europako araudia betetzen du, eta Ingalaterrako taldeen erabakiaren atzean jaso dituzten presioak daude". Horrekin batera ondorengoa gehitu zuen. "Hemendik aurrera emango ditugun urratsak berrikusiko ditugu, aurrera atera dadin".

Alksander Ceferin UEFAko presidenteak Ingalaterrako taldeek hartutako erabakia txalotu.du gaur bertan. "Atzo esan nuen akats bat onartzea txalogarria da. Atzera egin dute, bueltan dira gurera, eta jakitun naiz asko dutela eskaintzeko, ez bakarrik gure txapelketari, baita ere Europako futbol guztiari. Orain garrantzitsuena da batasuna berreskuratzea eta aurrera egitea". Ceferin hasieratik agertu zen proiektuaren kontra. Harekin batera, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa izan da aurka agertu den beste bat, eta pozik agertu da Ingalaterrako ligako taldeek hartu duten erabakiarekin. "Egokiena da klub eta zaleentzat. Hainbeste maite dugun futbola babesten jarraitu behar dugu".

Italiako hiru taldeek ere goizean atera dituzte oharrak. Bazirudien Juventusek eutsi egingo ziola. Izan ere Andrea Agnelli presidenteak atzo adierazi zuen akordio bat zegoela, eta horri eutsiko ziotela. Baina gaur goizean atzera egin du. "Proiektu sendoa dela uste dugu, bai kirol, lege zein merkataritza ikuspegitik. Baina zail ikusten dugu sortu den moduan aurrera egitea. Horregatik atzera egin dugu, baina lanean segituko du". Antzera mintzatu da Inter. "Une honetan ezinezkoa da aurrera egitea. Baina futbolaren industriak, beste edozein industriak bezala, hobetu eta aurrera egin beharra du, modu jasangarri batean eta zaleengana iritsiz, eta bide horretan jarraituko dugu lanean".

Milanek zaleei erreparatu die oharrean. "Gure asmoa zen zaleei ahalik eta txapelketa onena eskaintzea zen, baina azaldu duten kezka eta aurkako jarrera kontuan hartuta, atzera egitea erabaki dugu. Beharrezkoa ikusi dugu haien ahotsa entzutea". Atletico Madrilek ere hor jarri du fokua. "Gure ustez funtsezkoa da zaleen babesa izatea, eta horregatik erabaki dugu txapelketan izena ez ematea".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.