Asier Riesgo. Leganeseko jokalaria

«Real Madrili irabazteko, oso partida ona egin beharra duzu»

Eibarrek Real Madril jasoko du gaur (21:00). Asier Riesgo zen eibartarren atezaina Espainiako taldeari irabazi zioten azken aldian, duela bi urte: 3-0. «Partida irekia» espero du.

C.D. LEGANES.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Gabonetako oporraldia iristeko «irrikaz» da Asier Riesgo (Deba, Gipuzkoa, 1984). Leganesen ari da udatik, eta «oso gustura» dago bertan. Partidaz beteriko denboraldi hasiera izan dute Espainiako Bigarren Mailan, eta atseden hartzeko gogoa du.

Asteartean egin zenuen debuta Leganeseko elastikoarekin, Espainiako Kopako partidan. Gustura ibili al zinen?

Bai, gustura ibili nintzen. Partida berezia izan zen: zelaia ez zegoen guztiz ondo, eta debutak, gainera, beti izaten dira bereziak. Baina ni taldean oso gustura sentitzen naiz, eta oso pozik nago.

Uste baino gehiago kostatu arren, bigarren kanporaketarako sailkatu zineten. Zuk, gainera, zure lana ondo baino hobeto bete zenuen, atea hutsean mantenduta.

Ez zen partida erraza izan. Kopan ezusteko asko egoten dira lehen kanporaketetan. Nahiz eta aurkaria maila apalago batean lehiatu, partida bakarrera ez da hainbesteko ezberdintasuna nabaritzen, eta haien zelaian jokatzen duzunean, are gutxiago.

Unai Bustintza, Javi Eraso, Sabin Merino, zu zeu… Zer du Leganesek Euskal Herriko hainbeste jokalari hara joateko jokatzera?

Egia esan, ez dakit. Txema bera ere [Indas, Leganeseko kirol zuzendaria] euskalduna da [Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa)]. Ez dakit horrek eragina duen ala ez. Baina hona iritsi eta taldean euskaldunak aurkitzeak gauzak asko erraztu dizkit. Aurreko sasoian, Gironan, Jonas Ramalho zegoen, baina hemen beste hiru euskaldun daude, eta ezberdina da. Leganes, gainera, familia kluba da.

Euskal jokalariak ez ezik, taldeak ere ezagutzen dituzu; Osasuna, Reala eta Eibar, bereziki. Hirurak Lehen Mailan daude, baina egoera ezberdinetan daude egun. Nola ikusi dituzu denboraldi hasiera honetan?

Osasunak ondo ekin zion ligari, emaitza onekin eta gauzak ondo eginez. Egia da arerio zuzenen aurkako azken partidak galdu egin dituela eta ez dagoela bere garairik onenean. Taldean dauden jokalari batzuk ezagutzen ditut, eta seguru nago hortik aterako direla. Reala, berriz, sekulako sasoia ari da egiten. Goi-goian dago, eta oso pozgarria da niretzat taldea horrelako mailan eta hain goian ikustea. Azkenik, Eibar bere betiko mailan dabil. Mendilibarren estiloa jarraitzen dugu ikusten, eta, jokalariak estilo horrekin aurrera jarraitzen duten bitartean, gauzak ondo joango dira, eta denboraldia ondo pasatuko dute.

Eibarko taldekide ohiek Real Madril hartuko dute gaur [Jose Antonio Martinez atzelaria ez da ariko, Dallasekin fitxatu baitu]. Zu gipuzkoarren atean zinen Eibarrek Espainiako taldea menderatu zuen azkeneko aldian, duela bi urte, Ipuruan: 3-0. Oroitzapen ederrak izango dituzu norgehiagoka horretaz, ezta?

Bai. Real Madrili irabaztea oso zaila da, eta guk orain dela hiru denboraldi haiei 3-0 irabaztea lortu genuen. Oso partida ona jokatu genuen. Egun oso berezia izan zen, beti gogoratuko ditugun egun horietako bat izango da.

Nolakoa uste duzu izango dela gaurko partida?

Oso partida irekia izango da, Eibarrek nola jokatzen duen kontuan hartuta. Gainera, dituen jokalarien mailagatik, Real Madril ez da atzean sartuko. Oso talde erasokorra da.

Zein izango da partida irabazteko gakoa?

Real Madrili irabazteko, oso partida ona egin beharra daukazu, eta beraiek eguna ez izatea. Bete-betean baldin badaude, oso zaila da haiei eskua sartzea. Ondo baldin badaude, normalean horrelako talde batek gainetik pasatzen zaitu. Baina Eibarrek haien zelaian jokatzea eta bertan baloiak lapurtzea lortzen badu, aukera izango du. Baina egia da Eibarrek irabazteko Real Madrilek ez duela bere eguna eduki behar.

Euskal selekzioa ere partida garrantzitsu bat hasi da jokatzen: ofizialtasunarena. Orain dela bi aste, Ainhoa Tirapu, Asier Illarramendi eta David Zurutuzarekin batera idatzi bat sinatu zenuen Euskadiko Futbol Federazioari ofizialtasunaren eskaria burutu zezan eskatuz. Segituan bete du zuek eskatutakoa: nazioarteko (FIFA) eta Europako federazioetako (UEFA) kide izateko eskaera egin berri du.

Nik ez nuen espero hain azkar betetzea. Baina bi urte dira Durangoko batzarrean ofizialtasuna eskatzearen alde bozkatu zela. Bi urte pasatu eta gero, pauso hori eman beharra zegoela uste genuen. Aurrerapauso bat da hau. Ez dakigu zein izango den erantzuna, baina, behintzat, pausoa eman da, eta, behintzat, ofizialtasunaren bidean jarraitzen dugu.

Garrantzitsua da pauso hau eman izana, ezta?

Helburua ofizialtasuna da, eta bide horretan ematen diren pauso guzti-guztiak dira garrantzitsuak. Badakigu guztia ez dagoela gure esku, baina guk gure esku dagoen guztia egin behar dugu. Ea Euskadiko Futbol Federazioak FIFArekin, UEFArekin eta Espainiako Federazioarekin hitz egitea lortzen duen.

Zein da, zure ustez, eman beharreko hurrengo pausoa?

Zaila da jakitea zein den hurrengo pausoa. FIFAren eta UEFAren erantzunen araberakoa izango da hori. Baina gai burokratiko horietaz ez dut asko ulertzen, eta ez dakit zein den eman beharreko hurrengo pausoa.

Jokatuko du euskal selekzioak nazioarteko txapelketa bat?

Ni baikorra naiz, eta helburua gero eta hurbilago ikusten dut. Badakigu ez dela erraza, baina garaia helduko da. Data jakin bat esan nahiko nuke, baina ez dakit zenbat denbora beharko duen prozesu honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.