FUTBOLA

Reala gora, Osasuna behera

Hamargarren jardunaldian, 3-0 nagusitu zaio talde txuri-urdina Almeriari; gorritxoek, aldiz, 2-1 galdu dute Sevillaren kontra. Athleticek gaur jokatuko du Getafen.

Realekoak, hirugarrena ospatzen. J. U., ARP
2013ko urriaren 28a
09:41
Entzun

Lehen zaitan hamar jokalarirekin geratu zen Osasuna, epaileak 34. minutuan Damia egotzita. Horrek zeharo baldintzatu zuen partida, eta bigarren zaitan abantaila hori baliatu zuen Sevillak markagailuan aurrea hartzeko. Rakiticek egin zuen lehen gola espainiarrentzat, 55. minutuan, eta Jairok handitu zuen aldea 75. minutuan, hegaletik egindako jokaldi on baten ondorioz.

87. minutuan egin zuen Oriol Rierak 2-1ekoa, buruz. Azkenaurrekoa dago talde nafarra sailkapenean, zazpi puntu pilatuta. Asteazkenean jokatuko du Rayo Vallecanoren aurka, Iruñean, 22:00etan.

Realak, berriz, aise irabazi zion azken postuan den Almeriari Anoetan. Griezmannek aurreratu zuen etxeko taldea 13. minutuan, hegaleko sakea Xabi Prietok luzatu eta Griezmannek baloia buruz sareratuta.

Aukera ugari izan zituen Almeriak partida berdintzeko, baina ez zituen abaguneak baliatu. Realak, ordea, ongi ekin zion bigarren zatiari, eta Griezmannek bigarrena egin zuen, buruz berriz ere, 50. minutuan. Atzo, Jose Angelek jokatu zuen ezker hegalean, eta hark eman zion pasea frantziarrari. Hirugarren gola espainiarrak berak egin zuen, area barruan jaurtiketa gurutzatu baten bidez.

Bederatzigarren postuan dago Reala, eta hiru puntura ditu Europako postuak. Valladoliden jokatuko du etzi, 20:00etan.

Athleticek, gaur

Zuri-gorriek gaur jokatuko dute hamargarren jardunaldiari dagokion partida, Getaferen kontra, 22:00etan. Seigarren postuan da Athletic, eta puntuetan berdinduta dago gaur aurrean izango duen taldearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.