Realzale bakoitzak norbait izango du gogoan gaur gauean. Hein handi batean, sentipen partekatu bat da futbola, sarri elkarri lepotik helduta boz gora azalerazten den sentimendu bat. Horretarako Txuri-Urdin ereserkia baliatzen duten Realaren jirakoek, eta haren pasarte bati men egin zioten jokalariek. Aurrera egin dute Mirandesen aurkako finalerdietako kanporaketan, eta Espainiako Kopako finalerako sailkatzea lortu dute. Klubaren historiaren egutegiari ahaztu ezinezko data bat gehitu diote.
Bi talde goseti zelairatu dira Miranda Ebroko (Espainia) Anduva zelaira. Galdu ezinezko aukera baten aurrean zirela jakitun, Mirandesek eta Realak lehiarako prestatu dituzte beren hamaikakoak. Hasieratik argi geratu da barkatzeko asmorik gabe zirela bi taldeetako jokalariak. Imanol Alguacil eta Andoni Iraola prestatzaileek onentsuenak zelairatu dituzte, eta bizi hasi da norgehiagoka.
Realak izan du lehen aukera argia, zazpigarren minutuan. Mikel Merinok baloi bat berreskuratu du zelai erdian, eta Natxo Monrealekin jokatu du ezker hegalean. Atzelari nafarrak bakarrik ikusi du Adnan Januzaj, baina belgikarrak buruz eginiko errematea kanpora joan da.
Minutuek aurrera egin ahala, ordea, urrats bat aurrera egin du etxeko taldeak, eta indarrek orekatzera egin dute. Mirandesek ito egin nahi zuen Reala. Donostiarrak sendo ari ziren atzeko lerroan, eta lehia zelai erdira mugitu da. Joko gutxi eta katramila askoko minutuak izan dira. Bi taldeek zelaian leku gehiago lortu nahi zuten, eta itxi egin da partida.
Aukerak ere bakanak izan dira. Reala bere gustuko jokoa egin ezinik ari zen, eta horrek erosotasuna kendu dio. 21. minutuan Mirandesek gola egiteko abagunea izan du; Martin Merquelanz irundarrak korner bat atera du, eta Ion Guridi azpeitiarrak ozta-ozta ukitu ostean Alexander Remiro Realeko atezainak hartu du baloia.
Egoera gehiegi ilundu aurretik, area kanpotik saiakera egin du Willian Josek. Area kanpotik etorri bezala astindu du baloia, eta lanak eman dizkio Limones atezainari.
Hurrengo minutuetan, baina, lehengo lepotik burua. Bi taldeak zirrikitu bat aurkitu ezinik aritu dira bestearen arean. Harik eta Realak 40. minutuaren mugan eskuin hegaletik jokaldi bat egin duen arte. Hondoko marraraino heldu da Joseba Zaldua, eta donostiarraren erdiraketa eskuarekin urrundu du Malsak. Penaltia adierazi du Sanchez Martinez epaileak, eta Mikel Oiartzabalek ez du barkatu. Gola egin du eibartarrak, eta arnasa eman dio bere taldeari.
Realak unerik onenean egin du gola, atsedenaldia iristeko minutu gutxiren faltan, eta indarrak berritu dizkio horrek, bigarren zatiari indartsu ekin baitio. Januzajek bigarrena egiteko aukera izan du lehen jokaldian. Eskuin hegalekoak baloi bat jaso du arean, ia mugitu ere egin gabe izkin egin die Mirandeseko atzelariei, eta langara jaurti du baloia.
Realak geroz eta gertuago zuen finala, eta hasierako estutasunak gaindituta, eroso ari zen zelaian. Baloi jabetza bere eginda, nahi zuen horretan aritu da, eta etxeko taldeak presari lekua egin dio. Partidak nahi zuen itxura hartu dio Imanolen jokalariei.
Mirandesek aukera argi bat izan du orduan. Monrealek labain egin du arean, eta baloia era-eran jarri zaio Matheus aurrelariari. Brasildarrak ez du asmatu, eta berdinketa lortzeko aukera galdu du.
Reala ondo kokatua zegoen zelaian, baina arrisku gehiegirik sortu gabe. Imanolek Isak eta Barrenetxea zelairatu ditu freskotasun bila, eta Iraolak aurrelarien aldeko apustua egin du. Bi gol behar zituen, gutxienez, luzapena behartu eta bizirik segitzeko.
Azken hamar minutuetan gora egin du etxeko taldeak, baina Realak ondo eutsi dio, eta finalera egin du jauzi hiru hamarkadaren ostean. Denbora askoan hozten edukitako txanpaina zabaldu dute zaleek.