Etxetik kanpoko lehortea amaitzeko asmotan aterako dira Realeko jokalariak, bihar gauean (21:30, GolTV/C+L), Valladolideko Jose Zorrilla zelaira. Horrek, bide batez, urduritasunaren eremutik aldentzeko balioko lieke. Philippe Montanierrek onartu zuen moduan, Betis eta Atletico Madrilen aurkako porrotetan maila ederrean aritu ziren arren, puntuak beharrezkoak dituzte. Itxurak emaitzetan isla izan behar duela, azken batean. Izan ere, gehiegitan galtzen dute txuri-urdinek. Sasoi honetan bost porrot dituzte, beste inork baino gehiago. Etxean bildutako bederatzi puntuei esker lasai antzean ibili dira lehen txanpan, baina egoera hori pitzatzen hasia dago azken bi porrotekin.
Bederatzi urte pasatu dira Valladoliden azkenengoz jokatu zuenetik talde txuri-urdinak. Egungo multzotik Xabi Prieto baino ez zebilen lehen taldean. Oraingoan, ordea, ez ditu ziurtasun berberak izango. Montanierrek aurreratu zuen, astebeteren buruan hiru lehia garrantzitsuri aurre egingo diotenez, txandakatze sistema martxan jarriko zuela. «Ez dira neurketa erabakigarriak izango, baina bai oso garrantzitsuak. Lehentasuna Valladolidekoak izango duen arren, jokalari guztien parte hartzea beharrezkoa izango da». Castrok eta Pardok dute hamaikakoan sartzeko aukera handiena. Uruguaitarrak Prieto ordezka lezake. Era horretara, ez dauka zertan Griezmann erditik atera beharrik.
Bravo, Elustondo, Cadamuro eta Zurutuzaren berragerpena baztertuta dago biharko. Hala ere, bidaldian izango dira, taldea Valladolidetik zuzenean abiatuko baita Kordobara eta Montanierrek egonaldia antolatu du. Deialdiko berritasun bakarra, Carlos Martinezen itzulera izango da.
Miroslav Djukic Valladolideko prestatzaileak badaki zer den Reala ezustean harrapatzea. Herculesekin lortu zuen hori, Anoetan, duela bi denboraldi. 2. Mailatik jauzia ematen duten taldeen ohiko alaitasunez ari dira bereak, txukun. Gol gutxien sartu dioten ligako laugarren taldea da, eta aurkariaren ate aurrean, aldiz, asmatzen ari da.
Reala puntuak biltzeko premiarekin ariko da Valladoliden
Bihar jokatuko du, Montanierren iritziz, «aste oso garrantzitsu» baten hasieran; Carlos Martinez deialdian da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu