Realak arnasa hartu nahi du Vigon irabazita

Oskarsson eta Kubo deialditik kanpo geratu dira, min hartuta baitaude. Athleticek, bestalde, Elxi egingo dio bisita. Sancet, Berenguer, Iñaki Williams eta Mikel Vesga osatu dira.

Sergio Francisco, Jon Mikel Aranbururi aginduak ematen partida batean. JOSE MANUEL VIDAL / EFE
Sergio Francisco, Jon Mikel Aranbururi aginduak ematen partida batean. JOSE MANUEL VIDAL / EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko urriaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harea erlojua oso azkar doa Realean, azkarregi Sergio Franciscorentzat. Taldea sailkapenaren behealdean dago —azken-aurreko dago, bost puntu bilduta—, eta azken hogei urteetako liga hasierarik kaskarrena du. Hala, egoera iraultzeko aukerak bukatzen ari zaizkio teknikariari. Futbolaren kontuak. Harea erloju hori irauli nahian, talde txuri-urdinak Balaidosen jokatuko du gaur, Celtaren aurka (16:15, La Liga). Irabaziz geroz arnasa hartuko dute bai taldeak bai teknikariak, pixka batean behintzat. Hil ala biziko partida ote den galdetuta, teknikariak zera adierazi zuen partidaren atariko prentsaurrekoan: norgehiagoka guztiak «final bat balira bezala» prestatzen dituela. «Ohartzen naiz zer egoeratan gauden. Hala ere, aste hau ez da bestelakoa izan niretzat. Hiru puntuak lortzen ahaleginduko gara, orain arte egin dugun moduan». Balaidosen ondo moldatu izan da Reala, han jokatutako azken zazpi partidetatik sei irabazi baititu.

Txuri-urdinek Oskarsson gabe aritu beharko dute. Islandiako aurrelariak abuztuaren 30ean min hartu zuen, Oviedoren aurka jokatutako partidan, eta aste honetan hasi zen multzoarekin entrenatzen. Baina min hartu zuen berriro ere ezkerreko izterrean. Sergio Franciscok onartu zuen «kolpe latza» izan dela. «Ilusio handia genuen Oskarssonek jokatu zezan, baina min hartu du berriro ere. Mingarria da taldearentzat, baina are gehiago harentzat. Esfortzu handia egin du behar bezala osatzeko, eta berehala min hartu du berriro. Oraindik goizegi da esateko noiz egongo den berriz jokatzeko moduan». Kubo ere deialditik kanpo geratu da. Japoniarrak orkatila bihurritu zuen aurreko etenean, selekzioarekin jokatutako partida batean. Ordutik kili-kolo ibili da, eta nahiz eta eten honetan ere selekzioarekin jokatu duen, ez da guztiz osatu. Sadiq ez dago min hartuta, baina Sergio Franciscok deialditik kanpo utzi du.

Yangel Herrera, berriz, Realarekin debuta egiteko moduan da. Erdilaria udako fitxaketen merkatua itxi zen egunean iritsi zen Donostiara, baina min hartuta egon da orain arte. Geldialdian, Realak lagunarteko partida bat jokatu zuen Osasunaren kontra, eta hartan aritzeko aukera izan zuen Herrerak. Euskarri postuan ibili zen. Hemendik aurrera non jarriko duen galdetuta, Sergio Franciscok erantzun zuen zelai erdiko bigarren lerroan arituko dela, euskarriaren eta erdi puntaren artean, Halaber, nabarmendu zuen konfiantza handia duela harengan, baina, aldi berean, berretsi zuen taldeari eman behar zaiola garrantzia. Jon Martin eta Aritz Elustondo ere osatu dira jada, eta Vigora bidaiatu dute.

Athletic ere gaur

Athleticek ere gaur jokatuko du. Elxen zelaian arituko dira Ernesto Valverderen jokalariak (14:00, La Liga). Bi asteko geldialdia ezin hobeto etorri zaie zuri-gorriei, erizaindegia gainezka zutelako batez ere. Min hartuta zeuden jokalarietako gehienak osatu dira: Sancet, Berenguer, Vesga eta Iñaki Wiliams. Zuri-gorriek irabazi egin zuten ligako azken partida, Mallorcaren aurka. Hala, lortu zuten bolada txarrari amaiera ematea. Liga eta Txapeldunen liga kontuan hartuta, sei partida egin zituzten gailendu gabe. 

Gaur, aukari zaila izango dute aurrean. Izan ere, Elx talde igo berria da, baina denboraldia bikain hasi dute Eder Sarabiaren aginduetara. Bederatzi neurketa egin zituen Elsek galdu gabe, harik eta azken jardunaldian Alavesek mendean hartu zuen arte. Bi taldeak Europako postuetatik gertu daude sailkapenean, puntu kopuru berarekin: hamahiruna dituzte. Valverdek uste du partida zaila izango dela, eta bereziki nabarmendu du aurkaria egiten ari den lana: «Oso ondo ari dira. Baloia edukitzea gustatzen zaie, ausart ateratzen dira atzetik, eta aurkaria korrika egitera behartzen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.