FUTBOLA. TXAPELDUNEN LIGA

Realak ezingo die erantzun Lyongo partidarako jasotako sarrera eskaera guztiei

jon ordonez garmendia
DONOSTIA
2004ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako final-zortzirenetako joaneko partida gerturatzen den heinean, itzulikoa ere gertuago dago. Realak martxoaren 9an jokatuko du Lyonen. Donostiako klubak guztira 2.100 sarrera inguru jaso ditu partida horretarako. UEFAk futbol zelaiko sarrera kopuruaren %5 kanpoko taldearentzat izatea arautzen du, eta oraingoz ehuneko horretara mugatu da Olympique 42.000 ikuslerentzako lekua du Gerland estadioakÐ. Sarrerak agortuta dira ia.

Realak 2.900 sarreraren eskaera jaso du, eta ez da denentzako lekurik izango. Klubak «arazoak» izango direla esan du denei erantzun ahal izateko. Donostiako partida bi aste lehenago jokatuko den arren, Lyonerako sarrera eskaera handiagoa jaso du klubak oraingoz.

2.900 orain, baina gehiago izan daitezke zuri-urdinak Anoetatik final-laurdenetan sartzeko aukera garbiarekin ateratzen badira. Horregatik, Realak sarreren kopurua handitzeko eskatu dio Olympiqueri. Zaila izango da. Olympiqueri sobratzen zaizkion sarreren arabera handituko da ehunekoa.

Turinen baino gehiago

Realak eskura dituen sarrerak bidai agentzietara, peñetara eta txarteldegira bideratuko dira. Turinekin gertatu bezala, gertutasunak zaleak asko animatu ditu Lyonera joateko. 810 kilometro daude Donostia eta Lyon artean. Autoz eta autobusez ez dira hamar ordu baino gehiago behar, 30 euroko bidesaria ordaintuta. Trenez, AHTko txartelak 70 euro balio du. Miarritzetik hegazkinez ere joan daiteke.

Turinen 1.700 realzale inguru izan ziren Reala babesten. Eta, beraz, Lyongoa, okerrik ezean, Txapeldunen Ligan zale gehien mugituko duen partida izango da. Sireyca Realaren bidai agentzia ofizialeko arduradunek Berriari azaldu diotenez, orain dela bi aste arte ez zen mugimendu handirik egon. Urtarrilean Realak Espainiako Ligan egin zuen jauziak, ordea, zaleak bultzatu ditu, eta eskaerak iritsi dira. Sarrerak falta dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.