Realak goialdean sendotu nahi du, eta Athleticek, gora egin

Leire Baños eta Erika Vazquez, lehian, derbian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Realak eta Athleticek gaur jokatuko dituzte Espainiako Lehen Mailako zortzigarren jardunaldiko partidak. Zuri-gorriak etxetik kanpo ariko dira, Espanyolen zelaian (11:00). Txuri-urdinek, berriz, Albacete hartuko dute Zubietan (12:00).

Athleticek irabazteko premia dauka, uste baino pattalago ekin baitio denboraldiari: partida bakarra irabazi du zazpi jardunalditan, eta 21 puntutatik zazpi baino ez ditu lortu. Gaur, aukera ona du sasoiko bigarren garaipena lortu eta sailkapenean aurrerapausoa emateko. Itxuraz, plaza aproposa izan daiteke Espanyolena, hura ere hainbestean ari baita: zuri-gorriek adina puntu ditu. Zuri-gorriak nekez ari dira golak sartzen —zazpi besterik ez—, baina alor horretan are okerrago ari da Kataluniako taldea, lau gol baino ez baititu sartu. «Valentziaren aurka garaipenak azken unean ihes egin ondoren, merezi dugu poz bat», esan du Joseba Agirrek partida bezperan.

Athletic baino koska bat gorago dabil sasoi hasiera honetan Reala. Laugarren da sailkapenean, hamahiru punturekin. Ligako hiru oilarrak bakarrik ditu aurretik: Atletico Madril, Bartzelona eta Levante. Txuri-urdinak konfiantzaz daude berriro, azken jardunaldian Madrilen irabazi eta bi partidako bolada txarra etenda. Garaipen horri segida eman nahi diote gaur, etxean. Aurkari aproposa izan daiteke Albacete, punturik ez baitu lortu etxetik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.