REALA 3-0 ATHLETIC

Realak nagusitasunez irabazi du Euskal Herria kopa

Talde txuri-urdinak eten egin du Athleticek txapelketan zeraman bolada bikaina, eta bigarren aldiz izan da txapeldun. Maddi Torrek, Nahikari Garciak eta Leire Bañosek sartu dituzte golak. 

2019ko abuztuaren 24a
18:04
Entzun

Ohitura bihurtu zen: Athletic eta Reala aurrez aurre Euskal Herria kopako finalean, eta talde zuri-gorriarentzat garaipena. Zortzi ekitaldietatik zazpitan gertatu zen hori, eta, zehatzago izanda, azkeneko seietan. Gaur, ordea, txuri-urdinek eten egin dute zuri-gorriek Euskal Herria Kirola elkarteak antolatutako txapelketan zeramaten bolada bikaina. 3-0 irabazi dio Realak finalean Athletici Azpeitian (Gipuzkoa), Garmendipen, eta bigarren aldiz irabazi du Euskal Herria kopa, lehena irabazi eta zazpi urtera. Gonzalo Arkonadak entrenatutako taldeak, beraz, bigarren titulua irabazi du hiru hilabetean, joan zen maiatzean Espainiako Kopan gailendu baitzen.

Realak lehen zatian utzi du ia erabakita norgehiagoka. Bi gol sartu ditu 38 minutuan, eta biak modu berberean: Itxaso Uriartek falta bat jaurti du, eta taldekide batek saretara bidali du baloia, Athleticen defentsari aurreratu eta gero; lehena Maddi Torrek sartu du, oinarekin, 31. minutuan; eta bigarrena, Nahikari Garciak, buruz, 38. minutuan. Bigarren zatian, Athleticek gora egin du apur bat, baina alferrik, Realak sartu baitu berriro gola, hirugarrena. Leire Bañosek egin du, 55. minutuan, urrutiko jaurtiketa eder bati esker. Ordu erdi baino gehiago falta zen jokatzeko, baina erabakita zegoen neurketa, are gehiago 75. minutuan epaileak Vanesa Gimberti txartel gorria atera ondoren. 

Bi aste barru hasiko da Espainiako Liga, eta gaur gertatutakoak ondorioak izango ditu: txuri-urdinei, konfiantzaz gainezka hasteko balioko die; eta zuri-gorriei, hobetu beharra dutela barneratzeko. Lana du Angel Villacampa entrenatzaile berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.