Gehienek saihestu nahi zuten huraxe egokitu zaio Realari. Donostiarrek Paris Saint Germain ahaltsuaren aurka jokatuko dute Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan, kanporaketak finkatzeko zozketak zehaztu duenez. Txuri-urdinek bigarren sailkatuen multzoko aurkaririk indartsuenetako bat izango dute parean, eta hura gainditzea ezinbestekoa izango da aurrera egiteko. Aurkari makurra izango dute donostiarrek, baina horretan datza xarma. Paris Saint Germain gainditzea lilura handiko erronka da.
Jokin Aperribai presidenteak «erabateko konfiantza» adierazi du ekitaldia amaitu berritan, UEFAk Nyonen (Suitza) duen egoitzan egindako hausnarketan: «Bidaiatzeko hiri ederra da; bigarren partida etxean jokatuko dugu, eta jaia izango da: gure indar guztiekin ariko gara». Haren esanetan, «denok bat eginda, lortu dezakegu».
Otsailaren 14an jokatuko da kanporaketaren joaneko partida, Parisko Printzeen Parkean. Itzulerako lehia, berriz, martxoan 5ean jokatuko da. Anoetan izango da bigarren partida; multzoen fasea lehen postuan amaitu izanak eman dio Realari horretarako modua.
Hain justu ere, Paris Saint Germain izan da multzoburu izateko hautagaia izan arren bigarren geratu diren taldeetako bat. Borussia Dortmundek hartu dio aurrea F multzoan. Zortzi puntu bildu ditu orotara, alemaniarrek baino hiru gutxiago. PSGk bi partida irabazi ditu, bi berdindu, eta bi galdu. Etxetik kanpo puntu bakarra bildu du. Nolanahi ere, talde indartsua da Luis Enrique Martinezek zuzendutakoa. Frantziako Ligako egungo txapelduna da. Joan zen sasoian, Bayern Munichek kanporatu zuen Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan.
«Erronka izugarria»
Roberto Olabe Realaren futbol zuzendariaren arabera, donostiarrek «erronka izugarria» dute txapelketa kontinental gorenean: «Trankil gaude, eta ilusioz. PSG talde handia dela aitortzeko umiltasuna dugu; zein jokalari dituen ikusita argi dago zer-nolako taldea den. Anbiziotsu gaude; urrats bat egiteko modua da guretzat. Azkenaldian, zozketak izugarrizko erronkak dira: bilakatu nahi dugun horretara gerturatzeko erronka».
Paris Saint Germain ez dago bere boladarik onenean, eta aste eskasa igaro du. Joan zen asteazkenean multzoen fasean lehen postua eskuratu ez izanak hautsak harrotu ditu Frantziako hiriburuan, eta ligako azken jardunaldian —liderra da, Nizaren aurretik—, igandean, Lillek luzapenean sartu zion berdinketaren gola.
Hain zuzen ere, Lilleren aurkako norgehiagokaren ostean, agerian geratu zen taldeko izarraren inguruan dagoen ezinegona. Kilian Mbappe aurrelariaren jarrerak hizpidea eman du azken asteetan. Nolanahi ere, Mbappez gain, jokalari multzo oparoa dute paristarrek. Besteak beste, Gianluigi Donnarumma atezaina, Marcos Correas Marquinhos, Lee Kang-in, Ousmane Dembele, Marco Asensio edo Kolo Moauni aritzen dira Luis Enriqueren esanetara.
Kanporaketaren inguruan, Olabek uste du «lehengo esperientziak» baliagarriak izango direla lehiari ekiteko garaian: «Txapelketan zerbait nahi badugu, aurrean dugunari irabazi beharko diogu. Orain, erabateko erronka dugu aurrean. Hazkunde iraunkorra izan dugu bidean zehar; Europako talde askorekin lehiatu gara».
Olaberen esanetan, «kanporaketa irekia izango da, minutu askokoa, eta Reale Arenako partida funtsezkoa izango da. Zaleek lagun egingo digute, eta itzulerako partidan dena eman beharko dugu. Zaleak ere honen parte izatea nahi dugu. Lagundu egingo gaituzte».