Golak. 0-1: Brais Mendezek (63. min.)
Reala hazkunde betean da, eta horren adibide da aurtengo Txapeldunen Liga. Donostiako taldea Interrekin ari da buruz buru, D multzoaren lidergoa eskuratzeko borrokan, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, Italiako taldea da txapelketaren egungo txapeldunordea. Reala helduarora ailegatu da Europan, eta horren adibide da kontrario guztiekin aurrez aurre lehiatzen dela. Benfica bi aldiz txapeldun izandakoa da menderatu duen azken taldea. Txuri-urdinak gol baten aldeaznagusitu ziren Lisboan, eta urrats handia egin dute final-zortzirenei begira. Gola Brais Mendezek sartu zuen 63. minutuan.
Benfica hitza handia da Europako futbolari dagokionez. Ez alferrik, Lisboako taldeak urrezko aroa bizi izan zuen joan zen mendearen 60ko hamarkadan, Txapelketa kontinental gorena birritan irabazita. Maitea dute Txapeldunen Liga, eta hori agerian utzi zuten partidaren atarian hasita. Argi joko distiratsu batek argiztatu zuen bi taldeen zelairatzea, neurketaren distiraren lekuko.
Lehen zatian bi gol izan ziren, bat alde bakoitzetik, baina alerik ere ez baliozkoa. Bi jokaldietan, Benficako eta Realeko jokalariak jokoz kanpo zeuden. Golik ezean, baina, jokoari erreparatu behar. Reala ondo moldatu zen zeregin horretan; etxetik kanpora jokatu arren, ausart zelairatu zen, eta txuri-urdinenak izan ziren arearako lehen gerturatzeak.
Benficaren gerturatzeak tartean behinekoak izan ziren, baita donostiarrenak ere, baina azken metroetan gehiago eduki zuten baloia.
Egiari zor, ordea, bi taldeek ez zuten atera jaurtiketarik egin lehendabiziko zatian. Bigarrena hasi eta gutxira jazo zen lehendabizikoa, 52. minutuan. Martin Zubimendik ezkerrez egindako jaurtiketa eroso aldendu zuen portugaldarren atezainak. Aparteko eraginkortasunik gabe, baina estreinako abagunea izan zen. Ordutik eta hurrengo minutuetan ez zen gora-behera askorik izan. Roger Schmidt Benficako teknikariak hiru aldaketa egin zituen, gauzak gustuko ez zituenaren seinale.
Uste hori 63. minutuan baieztatu zen. Realak ordura arteko nagusitasuna islatu zuen markagailuan, ezker hegaletik egindako jokaldi bati esker. Ander Barrenetxearen pase bat bikain probestu zuen Brais Mendezek, neurketako lehen gola egiteko. Erdilari galiziarraren hirugarren gola izan zen Txapeldunen Ligan, beste horrenbeste norgehiagokatan.
Interrekin buruz buru
Benficak aurrera egin zuen ezinbestean, eta estu hartu zuen Reala zenbait unetan, baina gipuzkoarrek ondo eutsi zioten emaitzari. Hala, multzoaren lidergoan da zazpi puntu bilduta. Beste horrenbeste ditu Inter Milanek ere. Lombardiako taldeak irabazi egin zion Salzburgori, eta Realak adina puntu ditu Txapeldunen Ligan.
BENFICA 0 - 1 REALA
Realaren Europako helduaroa
Txuri-urdinek irabazi egin dute Benficaren estadioan, eta urrats garrantzitsua egin du final-zortzirenen bidean. Brais Mendezek bere hirugarren gola egin du txapelketan; taldeak ondo eutsi dio amaieran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu