Realak lehen oina sartua du Txapeldunen Ligan. Erakustaldia emanda irabazi du atariko kanporaketako joaneko partida. Griezmannek eta Seferovicek sarturiko gol ikusgarri banari esker mutu utzi du Gerland estadioa. Itzulikoa hilaren 28an jokatuko da, eta hondamendirik ezean Donostiako taldea Txapeldunen Ligako lehen fasean egongo da.
Olympique Lyon baino gehiago izan da lehen zatian Reala. Kontraerasoari esker hiru gol aukera on izan ditu. Lehen biak Velak, 11. minutuan zutoinera bidali du baloia, eta hirugarrena Griezmannek. Aurrelari frantziarrak ondo baliatu du atzerako artaziz gol bikaina sartzeko (17. min).Golaren ondoren jokoa orekatu egin da, baina lehen zatiko azken minutuetan Realak berriz ere gora egin du.
Bigarren zatiaren hasieran ere gehiago izan da, eta bigarren golaren bila joan da. Seferovicek sartu du (49. min), modu ikusgarrian. Realak jokaldi landua egin du zelai erdian, baloia lehen ukituan mugituz, eta Seferovicek boleaz jo du areaz kanpotik. Indarrez sartu da atean.
Bigarren gola jaso ondoren Olympiquek gora egin du eta Reala estutu du. Bravoren atera gerturatu da, eta Olympiquek aukera ona izan du Gonalonsek baloia buruz langara bidali duenean (67. min). Atezainak Grenierren beste aukera on bat gelditu du gero (74. min.).
Lyon hobekien ari zenean epaileak Bisevac erdiko atzelaria egotzi du (bi hori, 75. min.). Reala sendo egon da bere atean, eta hirugarrenaren bila joan da kontraerasoan. Pardok izan du aukera onena (89. min), bakarkako jokaldi bikaina egin eta area barruan sartu denean. Bakarrik gelditu da baino ez du atearekin asmatu. Agian berekoiegi aritu da.
Hasierako hamaikakoak.
Reala: Bravo, C.Martínez, Cadamuro, Iñigo, De la Bella, Markel, Zurutuza (Pardo, 81. min.), Xabi Prieto, Vela, Seferovic (Granero, 63. min.) eta Griezmann (Castro, 70. min.).
Lyon: Lopes; M.Lopes, Bisevac (egotzia, 75.min.), Fofana, Bedimo; Malbranque (Bahlouli, 56. min.), Gonalons, Grenier; Lacazette, Benzia (Danic, 56. min.) eta Gourcuff.