FIAk bi urtez zigortu du Renault taldea, iaz Singapurreko Sari Nagusian iruzur egin zuela frogatu ondoren. Hasiera batean, FIAk bortizki zigortzeko asmoa zuen, gertaturikoek "izugarrizko gogortasuna" izan duelako, eta muntaia horrek 1 Formula txapelketatik egoztea ere merezi omen zuela.
Baina Renaultek bere errua onartu du gaurko saioan, eta bere esku zegoen guztia egin omen du arazoa konpontzeko, Flavio Briatore eta Pat Symonds kaleratuz. FIAren agiriak dioenez: "Renaultek onartu du, aukera izan duen lehen unetik, akusazio guztiak egia zirela, eta FIArekin lankide izan da ikerketa guztian. Briatore Jna. eta Symonds Jna. konspirazioan sartuta zeudela konfirmatu zuen, eta haiek taldea utzi dutela ziurtatu du; FIAri eta kirolari publikoki barkamena eskatu dio, ekintza hauek egin duten kaltea dela eta".
Zigorra 2011 urtera atzeratu du, eta soilik ordura arteko epean Renaultek berriro legea hautsiz gero bakarrik jarriko luke indarrean: "Ikusita Renaultek hutsegiteak ikertu eta zuzentzeko hartu dituen erabakiak, WMSCak erabaki du Renaultek deskalifikazioa 2011 urtera atzeratzea. Hala, WMSCak deskalifikazio hau soilik tarte horretan antzeko zerbaiten errudun topatuz gero jarriko da indarrean".
Briatore eta Symonds epe jakinik gabe zigortu ditu, eta hauek parte hartzen duten txapelketak ez dituela babestuko adierazi du FIAk. Briatoreren kasuan haratago da, eta hark edozein zentzutan zerikusia duen lasterketa, txapelketa, kopa edo dena delakoan ez duela bere egingo dio. Era berean, Fernando Alonso auzitik kanpo utzi du, hark ezer ez zekiela ebatzita.
FIAk ez dizkio puntuak kendu Renaulti, eta Nelson Piquet Jr. ere errurik gabe utzi du, haren testigantza jasotzeko eskaini zioten inmunitatearen ondorioz.
1 formula
Renault, bi urtez zigor arriskupean
Iaz Singapurreko Sari Nagusian iruzur egin zuela frogatu ondoren zigortu du taldea FIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu