Rock gogorra eta bals lasaia

Txapeldunen Ligako finalerdietan, lau talde eta jokatzeko bi eredu ikusi ahal izango dira. Defentsa eta kontraerasoa dituzte oinarrian Atletico Madrilek eta Chelseak; eraso landuagoa Real Madrilek eta Bayernek.

Aitor Manterola Garate.
2014ko apirilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Futbola musika piezatzat hartuko bagenu, musikariek hainbat bertsio egiten dizkiotela esango genuke. Bat eta bakarra da kanta, baina bertsioak, hainbat. Gero, ikusle bakoitzaren gustuen arabera epaitzen dira aldaerak: batzuei bertsio bat gustatzen zaie, besteei beste bat, zenbaiti denak...

Txapeldunen Ligak badu bere ereserkia, bere musika propioa, eta lau orkestra ariko dira futbolaren pieza nagusia jotzen aste honetan eta hurrengoan. Lau talde, eta bi bertsio nagusi: Chelseak eta Atletico Madrilek oso antzekoa jotzen dute, eta elkarren aurka ariko dira finaleko kontzertu handira heltzeko lehian. Beste finalerdian, Bayern Munichen bertsioak beste era bateko doinuak entzunarazteko aukera ematen du, eta Real Madrilena alemaniarrenaren antzekoa dela esan daiteke, beste bertsioren bat ere jo badezake ere.

Rock gogorra da Chelseak eta Atletico Madrilek jotzen dutena. Bi taldeetako zuzendariek aginte zurruna dute jokalariengan, eta haiek gustuko duten bertsioa jo beste aukerarik ez dute musikariek. Diego Pablo Simeonek (Buenos Aires, 1970) eta Jose Mourinhok (Setubal, Portugal, 1963) ez diete aukerarik ematen jokalariei: hauxe da eredua, eta honetara moldatu behar dute. Ia berdinak dira bi aldaerak: zurruntasuna dute oinarrian. Sendotasuna ere bai. Taldearen egitura da lehentasuna, eta gero, horren barruan dute nabarmentzeko aukera jokalarien berezko abileziek. Taldeak pizten ditu agertokiko argiak, ez bakarlariek bere kasa.

Defentsako lana eta kontraerasoa. Horra Chelsearen eta Atletico Madrilen bi zutabe nagusiak, neurri gabeko baina aldi berean ondo neurtutako lehiakortasuna ahaztu gabe. Pentagrama horretan musika erraz jotzen dute bi taldeek. Erruz ateratzen zaie doinua. Aldiz, hotsak ez dira hain politak jokoaren ekimena izan behar dutenean. Aurkariaren hutsak baliatzen aparteko abilezia dute bi taldeek, jokalari bizkorrak eta eraginkorrak dituztelako erasoan: Atletico Madrilen Diego Costa nabarmentzen da, eta Chelsearen aukera zabalagoa da: Oscar, Willian, Schuerrle... Eto'o ez da ariko, min hartuta baitago.

Bi entrenatzaileen itzalak taldearen izaeran ere leku handia dauka. Gogorrak dira Simeone eta Mourinho eta bi haien ispilu zehatza dira haien taldeak.

Zale batzuen begietara, ez dira ikusgarriak. Baina hori bakoitzaren gustuen araberakoa da. Ezin ukatuzkoa da ikuskizun handia ematen dutela nola lehiatzen diren ikusteak, eta defentsako lan zorrotza egiten, kontraeraso zitala eta eraginkorra zein ondo lantzen duten baztertu gabe. Artista handiak dira horretan.

Bi talde horiek gustuko ez dituztenentzat,berriz, zeruaren urdina bezain gustagarria da Bayern Munich jokatzen ikustea. Musika zerutiarra entzuten dute zale horiek Pep Guardiolaren taldea ikustean (Sampedor, Herrialde Katalanak, 1971). Beste eredu bat da aurreko bi taldeen aldean: erasoak du lehentasuna, baloiaren jabetzak, eta pentagrama horretan jo behar dira nota guztiak. Bals lasaiaren kutsua dauka alemaniarren jokoak, baina bukaera indartsuarekin. Jokoa lantzen abilak dira bai, baita bukatzen ere. Hilabete batzuk baino ez dihardu Munichen Guardiolak, eta bere eredua ezarri die jokalariei. Zelaiaren leku guztiak ondo betez eta bikain baliatuz, orkestra zehatza da oraingo Bayern hau. Taktika eta teknika uztarri berean. Jokalarien mugimenduak eta baloiaren joan-etorria, beste era batera esanda.

Oso aberatsa du kantutegia taldeak, gainera. Oinarria garbi egonda ere, aurkariek ezartzen dizkioten oztopoak gainditzeko bideak ondo landuta dauzkate. Artista eta sortzaile oparoa da horretan Guardiola, eta denboraldian zehar ikusi da aldaera askotarikoak erabili izan dituela aurkarien defentsako lana hausteko. Sakontasuna behar izan duenean, erasoan era batera aritu da, eta partida kontrolpean eduki behar izan duenean, beste era batera. Baina, betiere, baloiaren jabetzan oinarrituz. Sakontasuna izateko oso trebeak dira Ribery, Robben eta Mueller, esaterako. Kontrolak gaina hartzeko, berriz, Lahm eta Kroos nabarmendu behar.

Real Madril, aldakorrena

Alemaniarrek Real Madril izango dute parean, eta Carlo Ancelottiren taldearen (Reggiolo, Italia, 1959) eredua sar daiteke Bayernek duenaren sail berean. Baloia izatea gustuko du, jokalari trebeak dituelako. Baina defentsan asko atzeratu, eta kontraerasoa ere erabili izan ditu. Cristiano Ronaldo eta Bale oso azkarrak eta zitalak dira, eta Benzemaren jokoa oso egokia da horretarako.

Kontzertua hastera doa. Entzungarri, kanta beraren bi bertsio: rock gogorrean bata eta bals lasaian bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.