Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Rodriguez: «Ni neu naiz neure buruaren etsairik handiena»

Espainiako Vueltako liderrak esan du egun txar bat izan dezakeela oraindik eta ez daukala ezer ere irabazita

jon eskudero
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Bizikletatik jaitsita igaro zuten txirrindulariek atzoko atseden eguna, Espainiako Vueltako bigarrena eta azkenekoa, baina izan zuten zereginik. Izan ere, faborito nagusiek mikrofono aurrean hitz egin zuten, orain arteko jarduna baloratzeko eta aurrerantzekoa aztertzeko. Begi gehienak Joaquim Rodriguez (Katuxa) liderrarengan jarrita egon ziren. Kataluniarraren arabera, oraindik ez dauka ezer irabazita: «Kontrario nagusiak ez dira Contador eta Valverde, neure burua baizik. Ez naiz irabazle sentitzen oraindik; lau egun garrantzitsu geratzen dira, eta detailerik txikiena zaindu beharra daukat. Egia da Vuelta irabazteko zorian nagoela, baina egun txar bat izan dezaket, edo eroriko bat». Dena den, uste baino hobeto moldatzen ari dela aitortu zuen Rodriguezek.

«Erlojupekoa izan zen etaparik garrantzitsuena. Maillot gorria galdutzat jotzen nuen, eta denbora duin bat egitea zen helburua. Amaieran, irabazi banu bezala sentitu nintzen, eta aurrerapauso galanta eman nuen. Beti eduki izan dut beldurra mendate bakoitzaren hasieran, atzean geratuko ote naizen, baina ongi erantzuten ari naiz». Alberto Contadorren (Saxo Bank) gurpilari lotuta ibili da kataluniarra, eta, gainera, azken txanpan segundoak irabazi ditu. Larunbateko Bola del Mundoko etapan izango du madrildarrak liderra atzean uzteko azken aukera.

Hain zuzen ere, Contadorrek berak goraipatu egin zuen Rodriguezen lana: «Ni ez nago sasoi betean, lehiakortasun falta daukat, baina ezin zaio inolako meriturik kendu Puritoren lanari. Oso zaila daukat atzean uztea eta Vuelta irabaztea, baina saiatuko naiz». Contadorrek zera adierazi zuen, helmuga gertuago daukan mendate baten falta sumatu duela, urrunetik erasoa jotzeko: «Modu guztietan saiatu naiz, baina ez dut liderra atzean uzterik izan. Vueltako azkeneko asteak, gainera, ezer gutxirako aukera ematen du, erlojupekorik ere ez baitago».

Anton, postuak hobetzera

Alejandro Valverdek (Movistar), berriz, esan zuen uste baino hobeto ari dela moldatzen: «Vuelta ez zegoen nire egutegian, baina Tourreko azken txanpan ongi sentitu nintzen, eta erabaki ona hartu nuen. Podiuma ia-ia ziurtatuta daukat». Gaineratu zuen gaurko etapa oso arriskutsua dela eta irabazteko deus izan ez arren zer galdu badagoela.

Igor Antonek ere (Euskaltel-Euskadi) hitz egin zuen, eta sailkapen nagusian hobera egitea da haren helburua. Bederatzigarren dago orain: «Oro har, pozik nago egiten ari naizen lanarekin. Erregularra izaten ari naiz, eta azken etapetan behetik gora egin dut. Beti eskatzen da gehiago, baina ezin denean ezin da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.