Lisboara joan da Eurokopa, bart Frantziari 1-0 irabazita. Eta ez, ez da izan Cristiano Ronaldo gola sartu duena, Ederzito Macedo baizik. Ezustean hartu zuten atzo Ronaldo eta Griezmannen arteko aurrez aurrekoa espero zutenek. Izan ere, Real Madrileko joklariak erretiratu egin behar izan zuen, lesio bat zela medio. Ordu laurden eta bi sarrera nahikoak izan zituen Domitri Payetek jokalari portugaldarra aulkira bidaltzeko. Partidako 8. eta 16. minutuan belaunean jasotako bi kolperen ondorioz erretiratu zen Ronaldo, eta dagoeneko aurreratu dute hainbat astez egon beharko duela jokatu gabe.
Frantzia ahalegindu zen Alemania eta Islandia garaitzeko erabilitako tektina berberekin Portugali aurrea hartzen, baina ezin izan zuen. Haiseratik izan zuen baloiaren jabetza, baina Portugalen defentsa gogorra gainditzeko modurik ez zuen aurkitu. Aldiz, aurkariek patxadaz hartu zuten partida, gola sartzeko aukeraren zain, baina Ronaldo erretiratu zenean, 25. minutuan, hutsunea nabaria izan zen. Antzekoa izan zen jokoa bigarren zatian ere. Lehenengoan bezala, izan ziren bigarrenean ere gola sartzeko ahaleginak, tartean Griezmannek egindakoa 59. minutuan, baina hutsean geratu ziren guztiak. Azkenik, ordea, Lilleko jokalariak sartu zuen Portugali finala eskuratzea ahalbidetu zion gola, 109. minutuan.
Festa Lisboan
Milaka lagun bildu ziren bart Lisboako Marques de Pombal plazan selekzioaren garaipena ospatzeko. Duela hamabi urte Greziaren aurka etxean galdutako finalaren zapore gazi-gozoa ahaztuta eta "Portugal, aurrera" oihukatuz, kaleak hartu zituzten zaleek. Plazaren inguruko kaleetan, berriz, ibilgailuen tutuak entzun zitezkeen ozen.
Portugalgo lehen ministro Antonio Costa izan da selekzioa zoriontzen lehenegoetarikoa. Bide batez, Frantziak egindako lana ere txalotu du Costak, eta gogoratu du gauza bera gertatu zitzaiela eurei ere 2004an, Greziaren aurka. "Zorrak kitatu ditugu, baina garesti irten zaigu; izan ere, Ronaldo hainbat astez izango da zelaietatik kanpo. Partida gogorra izan da".