Rubialesek etzi deklaratuko du, inputatu gisa

2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
FUTBOLA. Francisco de Jorge Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu gisa deklaratzera deitu du Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia. Etzi deklaratuko du Auzitegi Nazionalean, 12:00etan.

Munduko Koparen finala amaitzean, Rubialesek ezpainetan musu eman zion Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko futbolariari, haren borondatearen aurka; duela hiru aste gertatu zen hori. Hermosok presidentearen kontrako salaketa formalizatu eta gero, joan den ostiralean fiskaltzak kereila jarri zuen Rubialesen aurka. Bi delitu leporatu dizkio: bata, sexu erasoa egin izana; bestea, jokalaria eta haren ingurukoak behartu izana gertakaria justifikatzera. Epaileak nahikoa froga ikusi ditu kereila onartzeko, presidente izandakoaren kontrako auzibidea irekiz. Eskatu du hedabideetan zabaldu ziren bideoak eta irudiak batzeko.

Rubialesek joan den igandean jakinarazi zuen dimisioa eman zuela Espainiako Federazioko presidente eta UEFAko lehendakariorde kargutik. Aurretik, FIFAk behin-behinean zigortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.