Futbola

Rubialesek sexu eraso delitu bat egin ote zuen ikertzen hasi dira

Lurraldeetako federazioetako presidenteek dimisioa emateko eskatu diote. TADek dokumentazio gehiago eskatu du auziaz

Jennifer Hermoso futbolariari babesa azaltzeko atzo Madrilen egindako agerraldia. MARISCAL / EFE.
jon ordonez garmendia
2023ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidentearen auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera iritsi da. Rubialesek baimenik gabe eman zion musu Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko futbolariari Sydneyn, Munduko Futbol Kopako finalean. Espainiatik kanpo egin duenez, Auzitegi Nazionalaren eskumena da deliturik izan ote den ikertzea; EFE albiste agentziak atzo aurreratu zuen fiskaltzak abiatu duela prozesu bat auzibideari ekiteko.

Fiskaltzak zehaztu du prozesu judiziala ez duela hasi oraindik, baina ikertzen ari dela Munduko Futbol Koparen finalaren sari emate ekitaldian gertatutakoa. Txapelketa irabazi ondoren, Espainiako jokalariak domina jasotzera joan zirenean, Rubialesek bi eskuekin Hermosori burua heldu eta musu bat eman zion ahoan.

Fiskaltzak baztertu egin ditu Rubialesek joan den astean eman zituen azalpenak. Hermosoren adierazpenak entzun ondoren, azaldu du ez dagoela zalantzarik Rubialesek baimenik gabe eman ziola musu. Fiskaltzak argudiatu du baimenik gabe musu ematea sexu eraso bat dela.

Fiskalak sinatu duen dekretuan gogoratu du zenbait epairen arabera soilik baietz da baietz legeak zigortzeko moduko erasotzat jasotzen dituela baimenik gabe ahoan emandako musuak. Eta zehaztu du Espainiako Zigor Kodearen arabera, sexu eraso, jazarpen eta abusu delituen kasuetan erasoa jasan duenaren edo haren ordezkari legalaren salaketa edo fiskaltzaren kereila bat behar direla auzibide bati ekiteko. Horregatik, salaketa jar dezakeela jakinarazi dio fiskaltzak Hermosori, eta hamabost eguneko epea eman dio eurekin harremanetan jartzeko.

Mugimendu feministak deituta, bilkura bat egin zuten atzo Madrilen Hermoso babesteko, eta, besteak beste, «ez da musu bat, eraso bat da» oihukatu zuten.

Abuztuaren 20an jokatu zen Espainiaren eta Ingalaterraren arteko finala. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak nabarmendu egin du Rubialesen erasoa Espainiako eta atzerriko hedabideetan izaten ari den oihartzuna. Atzo, besteak beste, Stephane Dujarric Nazio Batuen Erakundeko bozeramailea mintzatu zen auziaz: emakume kirolari guztien eskubideak errespetatzeko eskatu zuen. Gaineratu zuen irudietan ez dela ikusten Rubialesek musu emateko Hermosoren baimena zuela adierazten duen ezer.

Hautatzaileak, kolokan

Auziak kolokan jarri ditu Espainiako bi futbol hautatzaile nagusien karguak. Joan den astetik dozenaka futbolari emakumezkok uko egin diote Espainiako selekzioarekin jokatzeari Jorge Vildak entrenatzaile karguan jarraitzen duen bitartean. Espainiak irailaren 22an Suediaren aurka jokatu behar du Nazioen Ligako lehen jardunaldiko partida, eta, Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko txapelketa bat izango denez, jokatu ezean, kolokan egon liteke munduko txapeldunaren parte hartzea Parisko Olinpiar Jokoetan.

Luis de la Fuente gizonezkoen hautatzailea kargugabetzeko ere eskatu du hainbatek. Rubialesek joan den astean egin zuen agerraldian ez zuela dimitituko esan zuenean txalo egin zuen De la Fuentek. Espainiako Federazioa atzo lurralde ordezkariekin bildu egin zen ezohiko bilera batean. Bileran ez zuen parte hartu Rubialesek, FIFAk 90 egunerako inhabilitatu baitu Espainiako Federazioko presidente eta UEFAko presidenteordea. Presidenteek dimisioa eman zezan eskatu zioten Rubialesi.

Atzo bildu zen ere Espainiako Kirol Auzitegi Administratiboa (TAD). Espainiako kirol auzitegi gorena da, eta Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) ostiralean jarritako salaketa aztertzekoa zen. TADek ebatziz gero Rubialesek hutsegite oso larria egin duela, CSDk ere behin-behinean inhabilitatu ahal izango du, kirol justiziak behin betiko erabaki bat hartu arte.

TADek, ordea, atzoko bileran CSDri dokumentazio gehiago eskatzea erabaki zuen, Rubialesi diziplina espediente bat ireki edo ez ebatzi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.