Saganek, zeinek bestela?

Lehen sei etapetatik lau irabazi ditu Peter Saganek Suitzako Itzulian; hamabi pilatu ditu jada sasoi honetan

unai zubeldia
Donostia
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Etapa ikusi ez duen bati kontatzen hasi; esan esprintean amaitu dela Suitzako Itzuliko seigarren etapa, gorako joera zeukan esprintean; ihesaldia egon dela, kontrol lanean aritu direla atzean, Skyk bideratu duela esprinta, eta azken uneko erasoren bat edo beste egon dela, Danilo Hondorena, esaterako. Hori guztia azaldu, eta egin galdera gero. Nork irabazi du etapa? Hamarretik bederatzik izen berbera aipatuko lukete: Peter Saganek (Liquias). Zeinek, ba, bestela? Suitzako Itzulian lehen sei etapetatik lau irabazi ditu eslovakiarrak, lehen eguneko erlojupeko motza tartean, eta hamabi garaipen pilatu ditu jada denboraldi honetan. Sailkapen nagusian ez zen aldaketarik izan, eta Rui Costak (Movistar) jarraitzen du lider.

Egunero bezala, dezente kostata sortu zen ihesaldia. Saiakera askoren ondoren, 37. kilometroan joan ziren ihesean bost txirrindulari: Baden Cooke (Greenedge), Vicente Reynes (Lotto), Matteo Montaguti (Ag2r) eta Troels Ronning Vinther (Saxo Bank). 5.20 minutu. Hori izan zen gehienez izan zuten aldea. Gutxiegi, gauza onerako. Atzean lanerako zeuden Francaise, Lampre, Movistar eta Liquigas lehenengo, eta Sky eta Omega Pharma gero. Helmugara iristeko hiru kilometro eskas falta zirenean harrapatu zuen tropelak aurreko bostekoa, eta, azken aldapatxoa kontuan hartuta, jakina zen azken esprinteko emaitza. Harrigarria izango zelako Saganek ez irabaztea. Gossaun hasi eta bukatu, 34,3 kilometroko erlojupekoa jokatuko da gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.