Golak. 1-0: Xavik (59. min.). 2-0: Neymarrek (71. min.). 3-0: Messik (72. min.). Epailea. Jose Antonio Teixeira Vitienes. Txartel horiak: Bartzelonako Neymarri; eta Eibarreko Lillori.
Bestelakoak. 80.000 ikusle inguru Nou Camp futbol zelaian. Eibarko zaleak ere izan ziren partida ikusten.
Eibarrek 3-0 galdu zuen atzo gauean Bartzelonaren aurka, eta emaitza astuna da, bi taldeen arteko aldea islatzen badu ere markagailuak. Ez zen inor harritu etxeko taldeak armaginei hiru goleko aldearekin irabazi zielako. Hala ere, emaitzaz haratago, bada beste ondorio bat. Hauxe: Eibarrek partida ona egin zuen defentsako lanean. Horretara bideratu zuen Gaizka Garitanok atzoko estrategia, eta astean zehar landutakoa ondo egin zuten jokalariek.
Sagar multzoa sagarrondoan zintzilik. Horixe izan zen atzoko Eibar. Bartzelonak jo zizkien makilakadak sagarrei, emaitzaren otarra golez eta hiru puntuz betetzeko. Baina Eibarko sagarrek ondo eutsi zieten kolpe guztiei. Ez zeuden erraz erortzen uzteko prest. Baina azkenean, kataluniarrek hainbeste jo eta jo, sagar helduak bezala erori ziren Eibarkoak. Nahikoa egin zuten ordubetez sagarrondoan zintzilik egotearekin.
Minutu horren jiran erori zen aurreneko sagarra. Xavik batu zuen saria. Ezustean azalduz defentsaren bizkarrean, erdiko eremutik erdira eginiko mugimendu zehatza baliatuz. Kolpe mingarria izan zen Eibarrentzat. Izan ere, Bartzelonari erdiko jokoa geratzen saiatu zen, eta hain justu, hor utzi zion zuloa Xaviri. Xabi dotore gainditu zuen, baloia laztanduz behetik gora. Bigarren zatiko ordu-laurdenera izan zen jokaldi hori. Aurretik ere sortu zituen aukera garbiak Bartzelonak. Lehen zatian, esaterako, bost bat izan zituen, baina kanpora bota ez zituenak Berriatuako atezainak urrundu edo geratu zituen.
Eibarrek ere egin zituen hutsak beste atean. Bi aukera garbi eduki zituen lehen zatian. 40. minutuan, Capak handia egin zuen: atea hutsik zuenean, eta errazena baloia sarera botatzea zenean, kanpora jaurti zuen. Handik hiru minutura, Saul Berjonek buruz burukoa izan zuen Bravorekin, baina Txileko atezainak urrundu zuen baloia gorputzarekin.
Halakoetan esan ohi da talde txikiak barkatzen duenean, handiak jan egiten duela gero. Bigarren zatian horixe gertatu zen. Xaviren golak erroak aterarazi zizkion eibartarren sagarrondoari hurrengo minutuetan.
Beste bi golak, jarraian
Bartzelonako bi izar handienak izan ziren Eibarren borrero 71. eta 72. minutuetan. Neymarrek boleaz sartu zuen bigarren gola, eta Messik biribildu zuen emaitza gero, berak sortu eta berak amaitu zuen jokaldiari amaiera bikaina emanez. Tarte horretan egon zen hautsita Eibarren defentsako lana, eta garesti ordaindu zuen hori taldeak.
Izan zituen etxeko taldeak emaitza gizentzeko beste aukera batzuk, eta azkenera, partida geldotu egin zen. Eibarrek ezin zuen gehiago: zama astuna zituen aurretik egindako lan ona, eta nola ez, emaitzaren pisua. Bartzelonak ere bale esan zuen. Horrenbestez, itxura ona bai Eibarrek emandakoa, baina puntu alerik ez.
Bartzelona 3. Eibar 0
Sagar heldua bezala
Eibarrek ordubetean eutsi dio Bartzelonaren erasoko jokoari, defentsako lan ona eginez, baina lehen gola jaso eta gero, ezinean aritu da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu