Sailkapena eta Anoeta jokoan

Miarritzek Bathi irabazi behar dio gaur, aurrera egin eta final-laurdenak Anoetan jokatzearekin amets egiten jarraitzeko

Charles Gimenez, baloiarekin, Nick Abendanon Bathekoaren plakajea gainditu nahian, bi taldeek hirugarren jardunaldian jokatutako partidan. BERRIA.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Iragan larunbatean Belfasten galdu eta gero, zerua bat-batean belztu egin zen Lapurdiko kostaldean. Miarriztarrek Heineken kopako final-laurdenak urruntzen ikusi zituzten, eta Anoetan aritzea are eta urrunago zegoen. Baina, igandean izandako emaitzek, miarriztarren zerua dezente argitu dute. London Waspsek, Munsterrek eta Ospreysek galdu izanak, kalkuluak erraztu ditu final-laurdenetarako sailkapenari dagokionez.

Arratsalde honetan Agileran Ingalaterrako Bath taldeari irabazten badio, Miarritze final-laurdenetan izanen da. Lasaitu ederra eman dio horrek Serge Blanco buru duen klubari, bere etorkizuna esku artean duelako. «Alferrikako galderak eta zalantzak uxatu ditugu. Kontratua sinplea da: aitzina pasatzeko irabazi egin behar dugu», esan du Dimitri Yachvilik partidaren bezperan.

Gaur irabazita, 21 puntu izanen ditu Miarritzek. Bere multzoko lehen postua lortu ahal izateko, hala ere, ikusi beharko da Ulsterrek zein emaitza lortzen duen Italian, Aironiren aurka. Baina, lehen faseko sei multzoen artean, lehen sailkatuak aitzina pasatzen dira, baita bigarren sailkatuen artean puntuazio handiena lortu duten bi taldeak ere. 21 punturekin, bada, Miarritzek segurtamena du bigarren sailkatu horien artean egotea, eta final-laurdenetan sartzea lortzea.

Oso estuak izaten ari diren ligaxka hauetan, edozer gerta daiteke. Miarritzek oraindik aukera du final-laurdena etxean jokatzeko, hau da, Anoetan. «Kalkuluak egin ditugu, eta badakigu Anoetan aritzea posible zaigula oraindik. Hori izanen da partida honen helburua», adierazi du Jack Isaacek.

Horretarako, Bathi nagusitu beharko zaio Miarritze, lau entsegu, bederen, sartuta. Kasu horretan, erasoko puntu gehigarria lortuko du Agilerako taldeak, eta bere multzoko lehen postuan bukatuko du. Sailkapenean 22 puntu izanen ditu orduan, eta beste multzoetako lehen sailkatuen artean borrokatuko du final-laurdena etxean jokatzeko eskubidea. Multzoetako lehen sailkatuetako sei taldeetatik lauk jokatuko dute final-laurdena etxean, puntuazio onena lortu duten lau taldeek,hain zuzen ere. Beste taldeek zer eginen duten ere ikusi beharko bada; 22 punturekin, baliteke Miarritze izatea lau talde horietako bat.

Erasoko puntuaren beharra

Gaurko partidan, beraz, aukera guztiak bere alde izateko, Miarritzek erasoko puntu gehigarria lortuta irabazi nahi du. «Lau entsegu sartuta irabazi nahi dugu. Final-laurdena Anoetan jokatu nahi dugu, eta hori lortu nahian zelairatuko gara», azpimarratu du Takudzwa Ngwenyak. Iritzi berekoa da Yachvili. «Entseguak sartzeko asmoz entrenatu gara aste osoan. Jokoa ireki beharko dugu, helburua lortzeko».

Baina argi ibili beharko du Miarritzek gaurko aurkariarekin. Ingalaterrako Bath taldea ez da gutxiesteko taldea. Ligaxkan Ulsterri eta Miarritzeri neurria hartzea kostatu bazaio ere, talde sendoa du. Joaneko partidan, Miarritzek Ingalaterran irabazi egin zuen (12-11), baina partida zaila jokatu behar izan zuen. «Bathen irabazi genuen, baina oso estu joan zen partida. Partida bukaeran Olly Barkleyek bere ostikada huts egin ez balu, galtzaile aterako ginen», ohartarazi du Jean Mixel Gonzalezek.

Eta, Heineken kopan gauzak hain estu daudenez, Bathek berak ere oraindik final-laurdenak jokatzeko aukera txiki bat dauka. Horretarako, Miarritzeri erasoko puntuarekin irabazi behar lioke. Ondoren, beste multzoetako emaitzen zain egon beharko luke, bigarren sailkatuen arteko bi talde onenetan sartuko litzatekeen ikusteko. «Aukera txikiak ditu, baina Bath oraindik ez dago hilda, eta bere aukerak bururaino jokatuko ditu», nabarmendu du Benoit Augustek.

Miarritzek erasoko puntuaren beharra du. Bathek ere lau entsegu preziatuak sartu nahiko ditu. Gauza bat segurua da: ingeles eta euskaldunen artekogaurko partida irekia izanen da oso. Agilerako ikusleentzat berri ona da hori, joko irekia ikusiko delako, gibelekoen lasterkaldi eta pase akrobatikoekin. Baina Miarritzek argi ibili beharko du. Gibeleko joko airosa ez da, preseski, haren indar handiena. Errugbi eroan galdu nahi ez bada, lehenik oinarriak zaindu beharko ditu, sendotasun beldurgarria duen aitzineko lerroaren inguruan. Etxea teilatutik hasten ez badu, Miarritzek arrakastaren bidetik segitzen ahalko du Heineken kopan, eta iragan sasoiko lorpenak errepikatu.

MIARRITZE-BATH

Miarritze. Coetzee, August, Marconnet; Taele, E. Lund; Vahafolau, Hariñordoki (kapitaina), Lakafia; Yachvili, Peyrelongue; Balshaw, Traille, Bosch, Ngwenya; eta Haylett-Petty.

Bath. Bell, Mears, Wilson; Hooper, Grewcock; Taylor, Watson (kapitaina), Skirving; Claasens, James; Biggs, Hape, Barkley, Banahan; eta Abendanon.

Epailea. George Clancy (Irlanda).

Lekua. Agilera (13.500 ikusle).

Ordua. 14:30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.