Sailkapenaren amarrua

Etxetik kanpo laugarrenez segidan puntuak lortzeko aukera ona dauka gaur Realak, nahiz eta zelai gaiztoa den GranadarenaVela hamaikakora itzuliko da ziurrenik, eta Zurutuzak ere aukera asko dauzka

Sailkapenaren amarrua.
Donostia
2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Motz-motzean egindako irakurketek luzera begira jarri nahi dute Reala, prozedurek berez izan ohi duten garrantzia aintzat hartu gabe. Zubietako ordezkari guztiek buruz dakite teoria, ordea, eta jabetuta daude orainak zer-nolako pisua izango duen geroko kontuetan. Udaberri hasieran gorpuztuko dituzte ligako multzo gehienek euren helburuak, eta bitartean funtsezkoena atzerapausorik ez ematea izango da, Carlos Velak aste barruan gogora ekarri moduan. Hain juxtu, pentsaera horrexekin zelairatuko dira txuri-urdinak gaur Los Carmenes futbol zelaira, etxetik kanpo laugarrenez segidan puntuak biltzeko gai direla frogatu nahian.

Sailkapenaren hizkeratik ihes eginez, Granadaren ahalaz ohartarazi nahi izan zuen atariko agerraldian Philippe Montanierrek, eta bere jokalariak, behintzat, jakinaren gainean daudela argitu. «Ez gaitu ezustean harrapatuko aurkariaren indarrak. Emaitzek ez dute irudikatzen zertarako gai diren. Malaga eta Valentziakoa bezain gogorra izango da. Granada motibatuta zelairatuko da, erabakitasunez jokatzeko asmoz, neurketa benetan garrantzitsua baita eurentzat. Gure jomuga bolada onari eustea denez, haiek izango duten gosea erakutsi beharko dugu ezinbestean».

Vela berreskuratuko du Realeko entrenatzaileak. Jokalari benetan garrantzitsua. Sei golekin bera da taldeko golegilerik onena denboraldi honetan, eta 2012. urtean hark sartu du beste inork baino gol gehiago etxetik urrun. Beste sei. Javi Rosen tokia hartu zuen zerrendan mexikarrak, eta, ziurrenera, Chory Castroren partez ariko da. Hortik aurrera zalantza bat eta bakarra, nahiz eta aldaketa gehiago egin ditzakeen frantziarrak. Taldearen ardatza Illarramendi izango da, baina ea zein bi jokalari kokatzen dituen bere alboan. Hautagaiak hiru dira. Pardo, Prieto eta Zurutuza.

Montanierren aroa hasiz geroztik, etxezulo izan da Reala; kanpoan biluzi egiten zen. Bilakaera izan du, halere. Valladoliden berdindu eta gero, prestigiozko bi garaipen eskuratu ditu, Malagan eta Valentzian. Erosoago sentituko ote da orain etxetik kanpo? «Eraginkortasun handiagoz aritu gara. Ez dago besterik. Anoetan eta kanpoan ondo joka dezakegula frogatu dugu, eta horrek berebiziko garrantzia du, jokalarien konfiantzan eragiten duelako».

Txuri-urdinak suspertu egin ziren duela hilabete pasatxo Espanyolen aurka etxean huts egin ondorenean. Nortasuna erakutsiz. Ez dago horretarako formula jakinik, baina Granadak bere errezeta idatzi nahi izan du Malaga aldera joanez egonaldia egitera. Zurrunbilo batean sartuta daude andaluziarrak. Jaisteko postuetan daude, besteak beste, bere atea behin baino ez duelako hutsean mantendu, eta gol gutxien sartu duena ere badelako —azken lau partidetan ez du gol bakar bat ere sartu—. Horregatik irabazi du neurketa bakarra etxean eta azken hirurak segidan galdu. Horregatik da porrot gehien pilatutako taldea, bederatzirekin. Horregatik dago Juan Antonio Anquela entrenatzailea kinka larrian. Final kutsua eman diote gaurko lehiari.

Oroitzapen txarrak

Montanierrek nabarmendutako zailtasunez gain, kontuan izan behar da Los Carmenes ez dela sekula zelai samurra izan Realarentzat. Ligako 18 partidatan bakarra irabazi du. Madarikazioarekin edo gabe, iragan sasoian gorriak ikusi zituen. Bi txapelketetan gainera. Espainiako Kopan eta ligan. Aurrenekoan, hankapean ibili zuen Granadak Reala, eta bigarrenean, lau gol sartu zizkion, Illarramendiren kaleratze goiztiarrari probetxua aterata. Horrek guztiak pizgarri modura balio behar lieke jokalariei, estatiskita makur horiek haustea ere ez baita nolanahiko erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.