Sailkapenean gora joateko parada du gaur Baionak, Agenen aurka

Lanta eta Deylaud entrenatzaileentzat partida berezia izanen da, 12 urte igaro baitzituzten Agenen

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Aspaldiko partez, txantxak eta irribarreak izan dira nagusi aste honetan Baionan. Mundu guztiak Miarritzen infernua zin egin eta gero, aho asko itxi izanak eragiten duen poza sentitu da Jean Daugerren. Sasoi hastapena zaila izaten ari da xuri-urdinentzat, eta gozamenerako uneak txikiak izanik, ederki gozatu dituzte baionarrek.

Baina Top14a ziztu bizian doa, eta garaia da aitzina begira ezartzeko. Miarritzen irabazita, jaitsiera postuak gibelean utzi dituzte baionarrek. Gaur, alta, aurkari zuzen bat errezibituko dute: Agen. Frantziarrek ez dute ongi hasi sasoia, eta garaitu beharreko taldea da.

Agenen aurkako partida, gainera, berezia izanen da Baionako entrenatzaile berrientzat. Christian Lantak eta Christophe Deylaudek 12 urte pasatu dituzte bertan. Ibilbide oparoaren bukaera gisa, liskarra sortu zen, iaz, Alain Tingaud presidentearekin, eta errebantxa hartzeko gogoz egonen dira biak: «Oroitzapen onak ditut, nahiz eta gaizki bukatu genuen», erran du Lantak aste honetan. «Denbora anitz da partida hori buruan dudala. Baina ez bortxaz Agenen aurka ari garelako, matematikoki oso partida garrantzitsua delako baizik», segitu dio Deylaudek.

Partidaren garrantziaren seinale, asteazkenetik ateak itxita aritu dira lanean baionarrak. Miarritzeri irabazi dion taldearekin alderatuta, aldaketa gutxi egin dituzte. Jean-Jo Marmouyetek ez du jokatuko, eta haren ordez Dwayne Haare ariko da. Gerberrek Lacroixen lekua hartuko du, erasoaren erdian. Gainerakoan, ez da aldaketarik izanen. Cedric Heymans, joan zen asteko zigorraren ondotik, deialdian sartu da, eta aulkian izanen da, Lovobalavurekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.