Sailkatu behar zutenak sailkatu dira, bete beharreko tramitean

Hibaikak egin du denborarik onena, eta ondoren sailkatu dira San Juan, Orio, Cabo, Getaria-Zarautz, Hernani eta Deustu

Hibaikako arraunlariak, sailkapena ospatzen, Donostiako kaian, atzo. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko irailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aldaketa handia egin dute emakumezkoen estropadan aurten Kontxako Banderaren antolatzaileek. Bandera irabazteko lehian zortzi talde ari dira, eta datozen bi igandeetan gauzatuko da berrikuntza hori. Baina atzoko sailkatze estropadan ere izan zuen eragina, eta handia, gainera. Hamar talde atera ziren erlojupekoan, eta hiru bakarrik geratu ziren saririk gabe. Beraz, eta ikusita nolako koska dagoen emakumezkoen taldeen artean, estropada jokatu aurretik ia erabakita zegoen zein izango zen zazpikoa, Donostia Arraun Lagunak taldearekin batera zortzikoa osatuko duena bandera irabazteko lehian.

Ezusteak ez dira iragartzen, etorri egiten dira, baina atzo oso urruti geratu ziren Donostiako badiatik. Bi luzetako lana zeukaten emakumezkoek, ohi bezala, eta aldez aurretik iragarrita zegoena gertatu zen. Kontu jakina zen Hibaikak edo San Juanek egingo zutela denbora onena. Uda osoan dabiltza lehia estuan bi taldeak, eta atzokoa ere multzo horretan sartu behar da. Hibaikak hartu zion aurrea San Juani, oso alde txikiarekin hartu ere. Bi segundo eta laurogeita hamasei ehunen baino ez ziren egon bi faboritoen artean. Ziabogan, handixeagoa zen tartea Hibaikaren alde: lau segundo.

Oriok egin zuen hirugarren, eta emaitza horretan ere ez dago atentzioa ematen duen ezer. Ezta lehenengoarekin galdu zuten denboran ere, hamahiru segundo izan zirelako azkenean. Denboraldiko estropada askotan hortxe mugitu izan da oriotarrek izan duten galera.

Caboko galiziarrek egin zuten laugarren. Zerbaitegatik lortu zuten aurtengo Euskotren ligarako sailkatzea, eta oso lan ona egiteko gai izan ziren atzo. Hamasei segundora geratzea irabazlearengandik oso denbora duina da.

Zarautz-Getaria aurreneko aldiz ariko da Kontxako Banderan, atzo bosgarren egin eta gero. Oso denbora ona egin zuten, gainera: Hibaikak hogeita bat segundo atera zizkien, eta gehiago atera izan die sasoi honetan. Hernani eta Deustu ere aurrenekoz ariko dira Kontxako Banderan, atzo seigarren eta zazpigarren egin ondoren. Kanpoan geratu zen hirukotea Hondarribiak, A Cabana-Ferrolek eta Colindresek osatu zuten.

Igandeko zozketa

Sailkatze estropada jokatu eta gero egin zen igandeko txanda zozketa, eta bi faboritoak aparte ariko dira. Hibaika aurrenekoan, eta San Juan gero. 11:00etan hasiko da, eta ondoren jokatuko dute bigarrena; horregatik, ez da alderik aurreikusten txandatik txandara, are gutxiago eguraldi iragarpenak ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.