San Antoniok astindu handia hartu du Octavioren pistan, 32-21

Iruindarrak hasieratik aritu dira ezinean, eta behera begira jarri dira, lehen hiru partidetatik bi galduta

Erredakzioa
Iruñea
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Asobal ligara igo berria da Octavio taldea, baina etxean oso sendo ari dira galiziarrak. Partida bat irabazi eta bestea galduta, liga hasiera txukun samarra osatzeko asmoz kantxaratu ziren atzo Amaya Sport San Antonioko jokalariak. Baina une bakarrean bakarrik jarri ziren markagailuan aurretik, 0-1ekoan. Ilusio txiki bat besterik ez zen izan Meokiren gol hori. Etxekoak nabarmen sendoago aritu ziren atepean, defentsan eta erasoan, eta iruindarrek astindu handia hartu zuten azkenerako (32-21).

2-2tik 9-3ra igaro zen partida hamabi minutu eskasean; hortxe apurtu zen oreka. Etxekoen artean bederatzi gol sartu zituen Vicok, eta bosna Iglesiasek eta Polakovicek. Nafarren aldetik, berriz, Mindegia ibili zen finen, zortzi gol sartuta. Agirrezabalagak lau gol sartu zituen. Atepean ere alde nabarmena egon zen, ordea. Javier Diaz etxekoen atezainak 35 jaurtiketetatik hamalau geratu zituen (%40), eta Ristanovicek eta Lucauk 41etik bederatzi (%9). 15-10 iritsi ziren atsedenaldira, eta bigarren zatian aldea handitu besterik ez zen egin (32-21).

Iruñeko beste taldeak gaur jokatuko du, Leonen (18:00). Anaitasunak oso itxura ona eman du lehen bi jardunaldietan, etaetxetik kanpo ustekabea ematen saiatuko da gaur ere. Ez da erraza izango, ordea, Leonek lehen bi partidak irabazi baititu; ligako oilarrei hortzak erakusteko hautagaia da. Aitor Etxaburuk bi hutsune izango ditu: Carlos Chocarro eta Cristian Martinez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.