San Juanek arrastoa utzi du historian, Kontxan lehen aldiz irabazita

Zumaia izan zen onena herenegun, bigarren postua kendu zion Hibaikari, eta San Juanek nahikoa izan zuen lehen igandeko errenta txikia

Aitor Manterola Garate.
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oso harro egoteko motiboak dituzte Pasai Donibanen, Batelerak traineruak historian bere arrastoa utzi zuelako igande goizean. Kontxako Bandera irabazi zuen aurreneko aldiz, nahiz eta bigarren jardunaldi horretan ez zen onena izan. Beharrik ere ez zuen izan, lehen igandeko errentarekin aski izan zuelako bandera preziatua aurreneko aldiz astintzeko.

Hibaikarekin aurreikusten zen lehia nagusiki, segundo bat eta 32 ehuneneko aldea bakarrik zuelako San Juanek. Baina ia batere ez zuen estutu Hibaikak bandera irabazteko faboritoa. Hasieratik galdu zituen bizpahiru segundo, eta zama handiegia izan zen gero lehen eguneko emaitza irauli ahal izateko. Bizi atera zen San Juan, eta baita Zumaia ere; Zumaiakoek lau segundo eta 48 ehunen kendu behar zizkioten San Juani, bandera irabazi ahal izateko. Ziabogan, zumaiarrak segundo bat aurretik ziren, eta bi segundora eman zuen buelta Hibaikak. Orio ere gainean zuten, hiru segundora.

Bueltako luzean, biren arteko lehia bihurtu zen txanda: San Juan eta Zumaia. Oraintxe bat aurretik, gero bestea, Zumaiak San Juani aurrea hartu zion, 96 ehuneneko aldearekin. Ez ziren nahikoak izan lehen eguneko aldea hankaz gora botatzeko, eta sanjuandarrek ospatu zuten garaipena. Zumaiarrentzat pozgarria izan zen Hibaikari kendu izan sailkapen nagusiko bigarren lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.