Rafa Alkorta. Olympique Marseillako bigarren entrenatzailea

«San Mames berria barrutik ezagutzeko irrika biziz nago»

Athleticeko jokalari ohiak urte eta erdi darama Jose Miguel Gonzalez 'Michel'-en laguntzaile lanetan, Olympiakosen aurrena eta Olympique Marseillan orain. Kanporaketa «berezia bezain zaila» dela dio.

Julen Etxeberria.
2016ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Makina bat telefono dei jaso du Rafa Alkortak (Bilbo, 1968) azken egunetan. Hala ere, lehena balitz bezala jardun da BERRIArekin, patxadaz. Hizketan hasi eta Athleticenganako maitasuna adieraztea, biak bat izan dira. «Nire bihotzeko taldea da. Ezin dut disimulatu».

Ia hamabost urte egin zenituen Athleticen. Kanporaketa derrigorrean da berezia zuretzat.

Oso-oso berezia da. Batetik, etxera itzuliko naizelako; eta, bestetik, San Mames berria barrutik ezagutzeko aukera izango dudalako. Une hori iristeko irrika biziz nago.

Zein izan zen lehen pentsamendua Athletic egokitutakoan?

Sekulako poza hartu nuen. Izugarri pizten nau etxera itzultzeak.

Zer-nolako kanporaketa deskribatu zenien jokalariei?

Oso argi utzi diegu Athletic sekulako aurkaria dela, batez ere San Mamesen. Zaleek izugarri bultzatzen dute, eta babes hori lagun, edozer egiteko gai da. Europako lehiaketako gauak, gainera, bereziak izan ohi dira, eta giro horretan oso zaila da Bilbon jokatzea.

Bi taldeetan bat zatozte: kanporaketa gogorra izango da.

Guk oso argi dugu, Athletic maila handiko aurkaria baita, are gehiago kanporaketa batean. Azken urteetan hainbat final jokatu ditu, bai Kopan bai Europa ligan. Entrenatzaile bikaina du, gainera.

Faboritorik ba al dago?

Bai, Athletic, baina oso alde txikiagatik. Etxean jokatuko du itzulikoa, eta hori beti da abantaila.

Zuen taldea, halere, askoz hobeto ari da etxetik at etxean baino. Irailaren 13tik ez duzue irabazi Velodrome estadioan.

Hala da. Zaleek asko animatzen gaituzte, baina baita estutu ere. Jokalari gaztez osatutako taldea da gurea, eta gazte horiei asko kostatzen ari zaie presiopean jokatzea. Hala ere, etxean jokatutako hainbat partidatan eskura izan dugu garaipena, aukera asko sortzen ditugulako. Garesti ari gara ordaintzen eraginkortasunik eza. Nolanahi ere, pozik gaude, ikusten dugulako taldeak gora egin duela hona iritsi ginenetik.

Garai nahasian iritsi zineten Jose Miguel Gonzalez Michel eta zu Marseillara, ligako lehen partida amaitutakoan Marcelo Bielsak dimisioa eman ondoren.

Gogorra izan zen hasiera. Bielsak oso estilo berezkoa du, eta taldearen egunerokoan bazeuden ohitura batzuk ez zitzaizkigunak batere gustatzen. Kosta egin zitzaigun horiek aldatzea. Hori gutxi balitz bezala, aurreko sasoian taldean zeuden lauzpabost jokalarik taldea utzi zuten. Zailtasun asko izan ditugu, baina lortu dugu aurrera egitea. Lehiaketa guztietan gaude bizirik: Europa Ligan final-zortzirenetan gaude; Frantziako Ligan, Txapeldunen Ligako postuetatik bost puntura; eta Kopan, final-laurdenetan. Sinetsita nago azken txanpa ona egingo dugula.

Athleticen argi utzi dute Europa Liga irabazi nahi dutela.

Athleticek nahi duen edozein helburu lor dezake.

Athleticetik zerk kezkatzen zaituzte gehien?

Aritz [Aduriz]. Maila goreneko jokalaria da, eta sasoi betean dago. Golegile petoa da, karisma eta nortasun handikoa, eta talde osoa jokarazten du. Gertutik zaindu beharko dugu, baina ez bakarrik Aritz. Susaeta, Williams, Beñat... jokalari bikainak ditu Athleticek. Intentsitatea da haien arma, nola egiten dioten presioa aurkariari. Aurkariarentzat zaila da joko horri aurre egitea, baina guk baditugu jokalari aproposak presio horri izkin egiteko. Erasoko jokoa da, gainera, gure indargunea. Min egin diezaiokegu.

Zein iritzi duzu Ernesto Valverderen inguruan?

Nire iritzia ez da objektiboa, laguna baitut. Lasaitasuna eta segurtasuna helarazten duen entrenatzailea da. Ez da ikuskizunak egin zalea. Pertsona arrunta da, baina oso azkarra. Hala zen jokalari zenean, eta hala da orain entrenatzaile moduan.

Zein izango da gakoa?

Saiatu beharko dugu joanekoan golik sar ez diezaguten. Ez da izango lan samurra, Athletic jokalari askorekin iristen baita gora. Hori lortzeko, gure jokoa inposatu beharko dugu, baloia guk izan behar dugu, eta guk zehaztu partidaren nondik norakoa. Bilbon, berriz, kontraerasoak izan behar du gure armarik onena. San Joseren eta defentsaren artean geratu ohi den hutsunean sartu behar dugu, etahor min egiten saiatu. Horretarako, jokalari aproposa dugu: Remy Cabella. Lerro artean baloia hartzen badu, ziur min egingo duela.

Olympiqueren erasoan, ordea, Michy Batshuayi nabarmentzen da. Hamabi gol sartu ditu ligan.

Oso gaztea da, etorkizun handikoa. Fisikoki oso indartsua da. Gure jokalaririk onenak, halere, Steve Mandanda atezaina eta Lass Diarra euskarria dira. Mandanda ikusgarria da, bai zelaian bai zelaitik kanpo. Diarra, berriz, munduko bost euskarri onenen artean dago. Jokalari bikaina da, fisikoki zein psikologikoki.

Nolakoa da Frantziako Liga?

Arlo fisikoak garrantzi handia du. Partidak joan-etorrikoak izan ohi dira, oso biziak eta oso erakargarriak. Mailari dagokionez, Espainiakoa baino askoz apalagoa da.

Paris Saint-Germain nagusi da.

Paris Saint-Germain beste mundu bat da, Bartzelona edo Real Madrilen parekoa, eta Frantziako Liga, apalagoa denez, askoz nabarmenagoa da haren nagusitasuna. Sobera diru du, eta normala da bigarrenari hogei puntutik gorako aldea ateratzea.

Urte erdi pasatxo daramazu jada Marseillan. Zer moduz?

Ondo, baina oraingo honetan bakarrik nago, eta, noski, etxekoen falta sumatzen dut. Marseillak ere ez du antzik Atenasekin, hemen ordutegiak gurearen oso ezberdinak dira, eta horietara egokitu beharra dago. Ez da erraza. Halere, ez dugu denbora asko aisialdirako, egun guztian gaude lanean.

Bai Olympiakosen, bai Olympiquen, Michelekin aritu zara. Gustura egiten duzu lan harekin?

Izugarri gustura. Oso entrenatzaile ona da, oso ondo aztertzen ditu partidak, oso azalpen onak ematen ditu, ezagutza handia du, egun guztian baitago futbola ikusten. Izugarri ari naiz naiz ikasten harekin. Gainera, oso laguna dut. Aspaldi ezagutzen dugu elkar.

Noizko entrenatzaile nagusi?

Egia esan, ez dut entrenatzaile nagusi izateko asmorik. Inoiz ez dut nahi izan. Niri laguntzailearen lana gustatzen zait, futbola ikusi eta egunerokoan sortzen diren arazoak konpontzen saiatu, hots, entrenatzaile nagusiari lana erraztu.

Athleticen, taldeko jokalari izandako asko daude lan horietan. Itxita daukazu ate hori?

Athletici ezin zaio inoiz atea itxi. Nik aukera izan nuen Fernando Garcia Makuarekin batera aurkeztu nintzenean, baina Josuk [Urrutia] irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskunde horiek, eta kanpoan geratu nintzen. Athleticeko jokalari izandako guztiak gaude prest taldean berriz lan egiteko. Nire kasuan, halere, ez da oraindik iritsi garai hori. Orain ahal den gehiena ikasi nahi dut.

Nola ikusten duzu Athletic?

Gero eta indartsuago. Jokalari gazte eta bikain asko iritsi dira taldera, eta bertan geratu. Horretan, meritu handia du Zigandak —Jose Angel Ziganda Athletic B-ko entrenatzailea—. Gozatu egiten dut Athletic ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.