Brasilek ez du kale egiten. Kontua festa antolatzea bada, gutxi daude haren mailan. Hori erakutsi zuten irekiera ekitaldian. Ez da erraza Maracana lepo bete eta jende guztia dantzan jartzea. Edo bai, agian Brasilen erraza izango da, hemen baldarrenak ere gutxieneko dotorezia batekin mugitzen baitu gerria. Musika dagoen edozein eremutan, izan plaza edo izan denda, ez da zaila norbait pauso txiki batzuk ematen ikustea, hari musikalak bere irudimena inauterietara eramango balu bezala. Europarren porlanezko aldakekin ezer gutxi ikusteko.
Irekiera ekitaldia xumea izan zen Londres eta Pekingoekin alderatuta. Nonbaitetik moztu behar, eta aurrekontua haiena baino askoz txikiagoa izan zen. Halere, haien mailan egon zen. Bi gako: Maracanako zelaian zabalduriko bideomaping erraldoia, eta, batez ere, jendea. Ikusleak, boluntarioak, dantzariak... Denek zeukaten festa handi batek behar duen jarrera. Askok kritikatu dute ekitaldia, eta askok diote Brasil ez dagoela prest. Teknika eta diruaren faltan, hemen izaera da altxorra. Sanba badago.
Brasildarren zatia ederra izan zen, entretenigarria, hasiera eta bukaera. Tartekoa, aldiz, oso astuna. 209 ordezkaritza desfilatzen, hiru hitzaldi... Bi ordutik gora.Buelta bat eman behar zaio ikuskizunari, eta hona iradokizun bat hurrengorako: desfilea kontinenteka egitea. Grezia, bost kontinenteak, errefuxiatuen taldea—ea behingoz beharrezkoa ez den— eta etxekoak. Arinago dena: ordubetean, kito. Hitzaldiak ere topikoz josita egoten dira, bainaoraingoan merezi izan zuen, Michel Temerrek jaso zuen txistu sorta entzuteagatik bakarrik. Herriak ezin du ikusi ere egin. Bukatzeko, bete-betean asmatu zuten Vanderlei de Limari sua pizteko ohorea ematen. Olinpiar izpiritua zer den erakutsi zuen hark 2004an.
IPANEMAKO MUTILA
Sanba badago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu