Klub historikoak dira San Juan eta Santurtzi: punta-puntan aritutakoak dira biak, eta palmares bete-betea dute. 2014tik 2018ra bitartean, Batelerak trainerua izan zen ontzirik loriatsuena. Bost liga poltsikoratu zituen emakumezkoen maila gorenean, bata bestearen atzetik, eta urte horietan guztietan Kontxako Bandera ere eskuratu zuen. Sotera, berriz, 2020an eta 2021ean nagusitu zen Eusko Label ligan, eta Kontxako lau bandera ditu zakuan: 1977koa, 1979koa, 1985ekoa eta 2021ekoa. Orain, koska bat beherago ari dira: ETE ligan San Juan, eta KAE 1 ligan Santurtzi. Baina indartsu daude.
Denboraldi erdia eginda, lider da Santurtzi. Jokatutako zortzi estropadetatik bost irabazi ditu, azken asteburuan apal aritu den arren —seigarren egin zuen larunbatean, eta bigarren igandean—. Hala ere, ez dute kolokan lehen postua, ezta hurrik eman ere. 83 puntu dituzte; Arkote da bigarrena, eta 75 puntu ditu; hirugarrenak, Zarautzek, 74.
Sasoia ondo hasi dutela nabarmendu du Ibon Rodriguez Santurtziko arraunlariak, baina adierazi du oraindik ere badutela hobetzeko tartea. Konfiantza osoa du taldean. Eta helburua, argi: kanporaketak jokatzea eta Eusko Label ligara igotzea: «Gogotsu gaude».
Neguan «lan ona» egin ostean, Sotera-k irabazi zuen ligako aurreneko estropada, eta indartsu dagoela berretsi. Segida ere eman zion boladari: lau bandera kateatu zituen, eta lidergoa sendotu. Hala ere, azken asteburuan ez da hain fin aritu. «Oso ondo hasi gara, baina besteak ere ondo aritzeko moduan daude, eta ez da erraza izango. Azken asteburuan, ohiko mailatik urrun aritu gara. Ondo ibil gaitezke itsasoan, baina ez dugu demostratu».
Ez zituzten aldeko izan ez eguraldia eta ez itsasoa, baina, horrez gain, ez zuten arraunketa egokia izan, Rodriguezek azaldu duenez. Igandean, dena den, bigarren amaitu zuten. «Ez genituen sentipen onak izan, baina, estropada txarra eginda ere, hor gaude».
Argi du, eta halaxe esan du: «Orain arte ondo aritu gara, baina hobeto ibil gaitezke. Pozik gaude, indartsu. Eta bestelakoetan ere pentsatzen ari gara: bai ligan, baina baita Kontxan ere, eta, batez ere, kanporaketetan. Lan eta lan ari gara».
«Orain arte ondo aritu gara, baina hobeto ibil gaitezke. Pozik gaude, indartsu; lan eta lan ari gara»
IBON RODRIGUEZSanturtziko arraunlaria
Hitz bat aipatu du behin eta berriro: ilusioa. Eta horrek badu garrantzia. Klubak urte zailak pasatu ditu bai ekonomikoki eta bai kirol arloan, baina badirudi indarberritu dela. Ilusioa berreskuratu izana da horren seinale: «Irabazten segitu nahi dugu; horretan saiatuko gara».
Aurkariei dagokienez, goiko postuetan daudenei erreparatu die Santurtziko arraunlariak, Zarautzi eta Arkoteri. Hala ere, bere taldearen lanean jarri du arreta. Sotera 2023an jaitsi zen kategoriaz, eta onenen artera itzultzea du desio. Oraingoz, bide onean doa.
Herritik, herriarentzat
Baita San Juan ere. Batelerak ontzia lehorrean egon zen bi urtez, baina taldea uretara bueltatu zen iaz, gaztetuta eta herritarrez osatua. Tostartean dabiltzan gehienak 20 urtez azpikoak dira. Hala esan du Basagaitz Gereño arraunlariak: «Herri proiektu bat da: bertakoak gara denak. Neska guztiak dira taldeko beheko mailetan hasitakoak, eta horiekin egin nahi dugu aurrera». Gereñok bigarren urtea du traineruan, baina beteranoetako bat da. Gainera, eskarmentu handia du arraunean: aurrez aulki mugikorrean eta bateletan aritutakoa da.
Dena den, etxekoekin eta gazteekin sendo dabil ontzia: iaz, bosgarren postuan amaitu zuten, eta aurrerapausoa eman dute aurten. Orain bigarren dira, 73 puntu batuta —Zarautz da liderra, eta 76 ditu; Kaikuk, hirugarren sailkatuak, 65 ditu—. Hiru bandera ere eskuratu dituzte; haiek astindu zuten azkenekoa, igandean, Portugaleten (Bizkaia). Gustura daude: «Oso denboraldi polita izan da orain arte. Buruan ibili nahi genuen, eta gauzak oso ondo irteten ari zaizkigu, oso pozik gaude. Talde gisa, amets txiki baten parekoa da guretzat. Iaz, aspaldiko partez trainerua berriro uretan izatea erronka handia izan zen, eta, aurten bigarren urtea izanik, oso pozgarria da hor goian egotea».
Hauxe zeukaten helburutzat: sailkapenaren goialdean ibiltzea, eta ahal izanez gero banderaren bat lortzea. Bada, ezin hobeto ari dira; oraingoz, bete dute xedea. Bigarren dira, hiru bandera irabazita. Gainera, Gereñok uste du hobetzeko tartea ere badutela: «Oraindik denboraldi erdian gaude, eta abuztu osoa dugu aurrean. Estropadak, azken finean, entrenamenduen parekoak dira, entrenamendurik onenak. Beraz, espero dugu horrek lagunduko digula segurtasun handiagoz aritzen».
Gogotsu eta ilusioz daude, baina pasaitarrak adierazi du bidea ez dela erraza izango, aurkariak ere gogor ari baitira lanean. «Gainerako taldeak ere indartsu daude, eta estutzen gaituzte». Hori ere bada, ordea, motibazio piztaile: «Zeure onena emanarazten dizu horrek. Beste taldeek duten fundamentu edo indar hori lagungarria zaigu geure buruari pixka bat gehiago exijitzeko». Bereziki sendo sumatzen ditu Zarautz eta Kaiku. «Eta beste taldeek ere asko demostratu dezakete oraindik; hor gaude denok».
«Gainerako taldeak ere indartsu daude, eta estutzen gaituzte. Zeure onena emanarazten dizu horrek»
BASAGAITZ GEREÑOSan Juaneko arraunlaria
Aurreko denboralditik hona, aurrerapauso bat eman du San Juanek, eta, gakoa zein izan den galdetuta, ez du dudarik egin Gereñok: blokea landu izana. «Lehengo urteko multzoari eutsi diogu. Gainera, talde gaztea gara, baina serio ari gara entrenatzen; ondo ari gara lanean. Sekreturik ez dago: entrenatzea, eta, batez ere, teknikoki aurrerapausoak ematea».
Hasi dira lan horren fruituak jasotzen, baina gehiago bildu nahi dituzte, eta orain arte egindako lan onari segida eman. Santurtzik eta San Juanek anbizioz erreparatzen diote falta denari, eta ilusioz.
