«Santu, santu, santua...». Erlijio kutsuko kantuen garaia da hau, eta Arrateko santutegian ere entzungo dira antzeko kantuak egunotan. «Santu, santu, santua». Hiru aldiz santua. Hiru urtez arerioentzat bekatua. «Zeru lurrak beterik dauzka, zure distiraz». Kantuan ari dira oraindik ere Arrate gainean. Harrigarria delako Samuel Sanchezena (Euskaltel-Euskadi). Ez da bat eta ezta bi ere; hiru, ta hiru da hiru; hiru neke ta hiru lan karga... Horrela kantatu zuen Maialen Lujanbiok 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean. Orain sei urte eta erdi seme-alabei buruz ari zen kantuan hernaniarra, baina buruan Samuel Sanchezen Arrateko hirusta zeukala pentsa liteke. 2010, 2011 eta 2012. Santu, santu, santua.
Zer egingo duen jakinda ere, egin nahi duen hori egiteko gai delako da hain ona Lionel Messi Bartzelonako jokalaria. Eta antzeko zerbait gertatzen da Samuel Sanchezekin ere. Denek zekiten atzo zer egingo zuen; denek zekiten atzera samarrean ekingo ziola Arrateko igoerari; eta denek zekiten beherako joera duen zatian, azken bihurgunean, aurre-aurrean jartzen saiatuko zela. Denek zekiten hori. Baina denek espero zuten hori eginda irabazi zuelako da hain ona Euskaltel-Euskadiko espainiarra. Aste santua izanagatik, santutik oso gutxi dauka Itzuliko lider berriak.
Ixuako igoera ikusita, Arraten izugarrizko zalaparta espero bazen ere, gehiegizko errespetuz egin zituzten lehen metroak. Chris Hornerrek (RadioShack) astindu zuen, azkenean, arbola. Oso indartsu dago estatubatuarra, eta kontuz berekin, atzo ez zelako ezkutatu, eta igoerako azken metroetan berak aldendu zuelako faboritoen bigarren taldetxoa. Denbora berean daude Sanchez, Joaquim Rodriguez (Katuxa) eta Horner, eta hamabi segundora daude gainerako faboritoak.
Fresko egiten zuen irteeran, baina tentsio bereziarekin zeuden txirrindulariak, errespetua sortzen duelako Arrateko etapak. Horrelakoetan garrantzitsua izaten da ihesaldia kontrolpean edukitzea. Eta hala gertatu zen atzo ere. Iheserako asmoz zeuden txirrindulariei aurreko bi egunetan baino gehixeago kosta zitzaien tropelaren oreka haustea, baina 20. kilometroan erasoa jota, berehala osatu zen boskotea: Jussi Veikkanen (Francaise des Jeux), Mads Christensen (Saxo Bank), Jose Herrada (Movistar), Antonio Piedra (Caja Rural) eta Davide Mucelli (Utensilnord).
Bost minutu pasatxoko aldea ere izan zuen ihesaldiak, baina, elkar ulertu ezinik, zalapartan hasi ziren Veikkanen eta Christensen. Bi ahulenak are gehiago ahuldu zituen mugimendu horrek, eta atzean geratu ziren gonbidapenarekin iritsi diren bi taldeetako ordezkariak. Veikkanenek ere sufritu egin zuen hasieran, baina aurreko bien gurpilari pega-pega eginda iritsi zen Ixuako lehen maldetara.
Katuxaren mugimendua
Lehen aldapa gogorrean bakar-bakarrik geratu zen Herrada; ezer egiteko aukerarik ez zuela edukiko jakinda ere, lan ona egin zuen espainiarrak, kilometro asko egin zituelako bakarreko lanean. Ordurako ondo antolatuta zegoen, ordea, tropela. Lampre, Lotto, Omega Pharma, Katuxa, Euskaltel-Euskadi... 2.30 minutuko alde politarekin hasi ziren aurreko hirurak Ixua igotzen, baina egurrean egin zuen igoera tropelak.
Katuxak mugitu zuen lasterketa Ixuan. Alberto Losadak jo zuen erasoa lehenengo, Angel Viciosok gero, eta Giampaolo Carusok azkenik. Urkaregin behera bat egin zuten Viciosok eta Carusok Herradarekin, baina Euskaltel-Euskadik gertutik zaindu zuen mugimendu hori. Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Gorka Izagirre eta Igor Anton tropel buruan jarrita, hamabost segundo eskasekin iritsi zen hirukotea Arrateko lehen maldetara.
Liquigasek hartu zuen tropeleko ardura Eibarko tarteko helmugara iristear zirela, eta espero zen kolpe zitalen bat lehen maldetan. Baina artaldea nola, horrela egin zituzten Arrateko lehen kilometroak. Beldurra eta errespetua antzeman zitekeen faboritoen artean, kontrol lan handia. Bazekitelako santutik gutxi zeukan txirrindulari bat bazegoela tartean. Bazekiten, baina... Santu, santu, santua! Egingo duela jakinda ere, egiten duelako da hain ona Euskaltel-Euskadiko taldeburua. Hemezortzi urteren ondoren, Ibardinera iritsiko da gaur Itzulia.
Euskal Herriko Itzulia. Hirugarren etapa: Gasteiz-Arrate
Santutik gutxi daukalako
Taldekideen lan bikaina baliatuta, hirugarren urtez jarraian irabazi du Samuel Sanchezek Arrateko gainean, eta lider jarri da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu