Gertu izan du, baina, azkenean, esku hutsik itzuli da Athletic Bartzelonatik. Kataluniarren giro nahasiaz baliatu nahi zuten zuri-gorriek, eta partida serioa egin dute.
Golik gabe joan da lehen zatia, baina aukerak izan dituzte bi taldeek markagailuan aurre hartzeko. Besteak beste, txilenaz jaurti eta baloia zutoinera bidali du Adurizek. Halere, Adurizek berak sartu du partidako lehen gola 49. minutuan, bakarka eginiko jokaldi baten ostean.
Bartzelonak, ordea, hiru minutu besterik ez du behar izan markagailua iraultzeko. 71. minutuan, Alvesek eskuin hegaletik jokaldi ederra egin, eta Alexisen jaurtiketa ustela sareratu du Pedrok. Hiru minutu geroago, Messik faltaz egin du Bartzelonaren bigarrena. Mikel Ricok esku-eskura izan du luzapenean gola egiteko aukera, baina Mascheranok saihestu du Athleticek berdintzea.
Laugarren postuan jarraitzen dute bizkaitarrek, baina hiru puntura dago orain Sevilla, bosgarren sailkatua. Datorren sasoian Txapeldunen Ligan jokatzeko erabakigarria izan daiteke hurrengo jardunaldiko partida, aurrez aurre izango direlako Athletic eta Sevilla, San Mames Barrian.